Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Bost ohitura osasungarri eta bost kaltegarri arunaren osasuna ona izan dadin

18.07.2024

Bost ohitura osasungarri eta bost kaltegarri arunaren osasuna ona izan dadin
  • Osasungarriak: ariketa fisikoa; jarduera kognitiboa; arrisku kardiobaskularreko faktoreak kontrolatzea; elikadura osasungarria eta orekatua, eta gogo-aldartearen nahasmenduei goiz heltzea.

  • Kaltegarriak: alkohola eta tabakoa; isolamendu soziala; desnutrizioa, batez ere, adinekoengan; obesitatea; eta entzumen-arazoak.

Munduko Neurologia Federazioak (WFN) ‘Garunaren osasuna eta prebentzioa’ gaia aukeratu du aurten, 2024ko Garunaren Mundu Egunaren (urtero, uztailaren 22a) lelo gisa. Egun horren sustatzaileen aburuz, helburua da kontzientzia kritikoa sortzea munduko txoko guztietan garuneko gaixotasunak prebenitzeko.

“Global Burden of Disease” (GBD, ingelesezko sigletan) izenaz ezagutzen den gaixotasunen karga globalaren 2021eko ikerlanak agerian utzi zuen mundu osoan 3.400 milioi pertsonak baino gehiagok narriadurak izan zituztela nerbio-sistemaren osasunean urte horretan, eta horrek 11,1 milioi heriotza eragin zituela. Ikerlan horrek hainbat gaixotasun neurologikoren datuak bildu zituen (hala nola istripu zerebrobaskularrak, Alzheimer-en gaixotasuna, bestelako dementziak, epilepsia, esklerosi anizkoitza, Parkinson-en gaixotasuna, entzefalitisa, meningitisa eta adimen-desgaitasun idiopatikoa.

WFNeko presidente Wolfgang Grisold irakasleak azpimarratu duenez, «garuneko osasunaz eta prebentzioaz ari garenean, etorkizunerako gure plana babesten ari gara. Kontua ez da soilik erreakzionatzea; kontua da gaixotasun neurologikoak prebenitzeko kultura aktiboki garatzea. Nahasmendu neurologikoak prebenitzeaz arduratzea da gure erresilientziaren giltzarria biharko».

Nahasmendu neurologiko askok oraindik sendabide eraginkorrik ez badute ere, arrisku-faktoreak ezagutzeak, ulertzeak eta jorratzeak zama hori nabarmen arindu dezake, agertzea atzeratuta, sintomen agresibitatea murriztuta edo progresioa motelduta. 

Garunaren osasunari on egiteko, eta garunari nabarmen kalte egiten dioten ohiturak saihesteko, jarraibide erraz batzuk hartu behar dira kontuan eta eguneroko bizitzan barneratu. Horren haritik, IMQ-ko neurologo Tirso González-Pintok gako batzuk jakinarazi ditu.

Bost ohitura osasungarri garunarentzat

Lehenbizi, espezialistak adierazi du komenigarria dela «ariketa fisikoa egitea, nork bere bizimoduan txertatuta, intentsitatea eta ezaugarriak norberaren egoerara egokituta».

Bigarrenez, Tirso González-Pinto sendagileak hau adierazi du: «jarduera kognitiboa sustatu behar da. Bizitzako lehen urteetatik erreserba kognitibo handia badago, etorkizunean sintoma kognitiboak agertzea atzeratuko da».

Hirugarrenez, espezialistaren hitzetan, «arrisku kardiobaskularreko faktoreak aldizka kontrolatu behar dira, hala nola hipertentsio arteriala eta diabetes mellitusa, batez ere, hainbat azterlanetan narriadura kognitiboarekin lotu baitira».

Elikadura osasungarria eta orekatua izatea da laugarren ohitura osasungarria. «Ez dago mirarizko elikagairik, baina dieta osasungarriak, askotarikoak, orekatuak eta neurrizkoak arrisku-faktoreak eta narriadura kognitiborako joera duten beste komorbilitate batzuk agertzea saihesten du».

Bosgarren ohitura osasungarriari dagokionez, IMQ-ko neurologoak gogo-aldartearen nahasmenduei goiz heltzea komeni dela azpimarratu du, «bereziki depresioari, garun-funtzioaren narriaduraren progresioa bizkortu baitezakete».

Bost ohitura kaltegarri garunarentzat

Garunaren osasuna hobetzeko ezabatu beharreko lehen ohitura alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa da, biak garunaren funtzioa kaltetzen duten faktoretzat hartu baitira. Adibidez, OMEren arabera, mundu osoko alzheimer kasuen % 14 tabakoari egotzi dakizkioke. Era berean, alkoholaren eta tabakoaren kontsumoak kognizioan dituen ondorioak batera handiagoak izan daitezke banakako efektuen batura baino.

Tirso González-Pinto sendagileak, halaber, isolamendu sozialaz ohartarazi du. «Hainbat azterlanek lotzen dute 50 urtetik gorako gizarte-isolamendua dementzia eta beste gaixotasun larri batzuk izateko arriskuaren ia % 50eko igoerarekin, eta heriotza goiztiarra izateko arriskua handitzearekin».

Desnutrizioa ekiditea ere komeni da, eta 70 urtetik gorakoek 20tik gorako gorputz-masaren indizea izatea. «Adinekoek pisu baxu izatea narriadura kognitiboaren edo Alzheimer-en gaixotasunaren hasierako estadioen aitzindaria izan daiteke», adierazi du adituak.

Halaber, behar baino gehiago jatea da baztertu beharreko beste ohitura bat. «Obesitatea saihestu behar da; batez ere, bizitzaren tarteko adinetan. Pisua murriztu beharra dago tarteko adinetako pertsona gizenen eta gehiegizko pisua dutenen artean, endekapen neurologikoa eta dementzia izateko arriskua murrizteko».

Amaitzeko, IMQ-ko neurologoak adierazi du entzumen-arazoak ere ekidin behar direla. «Entzumena galtzea arrisku-faktore independente bezala agertu da oraintsu egindako ikerlanetan dementzia garatzeari dagokionez. Hortaz, arindu badaiteke, saihestu egin behar da».