Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Medikuntzako 150etik gora ikaslek egin zuten ekoe proba IMQ-ko eta Deustuko Unibertsitateko ebaluatzaileen aurrean

08.07.2024

Medikuntzako 150etik gora ikaslek egin zuten ekoe proba IMQ-ko eta Deustuko Unibertsitateko ebaluatzaileen aurrean
  • Deustuko Unibertsitateko Medikuntza graduko irakasle eta ikertzaileek eta IMQ-ko profesional klinikoek Medikuntzako hirugarren ea laugarren mailetako ikasleak ebaluatu dituzte.

  • Gaitasun  hauek ebaluatzen dira agertokietan: anamnesia, miaketa fisikoa, mediku-paziente arteko komunikazioa, txosten klinikoak egitea, iritzi klinikoa, ikerketaren metodologia, lanbide arteko harremana, diagnostiko bereizgarriak, trebetasun teknikoak, prebentzio-jarduerak eta alderdi etiko eta legalak.

Deustuko Unibertsitateko Medikuntza graduko hirugarren (86) eta laugarren (72) mailetako 158 ikaslek, ikasturte amaieran, ikasketak amaitzean gradua amaitzeko gainditu beharko duten Ebaluazio Kliniko Objektibo eta Egituratua (EKOE) izango dena birsortzen duen ebaluazioa egin dute. 

Ikasle horiek IMQ-ko 40 kanpo-ebaluatzailek ebaluatu dituzte, adierazitako erakunde bien arteko lankidetza-hitzarmenaren arabera, Deustuko Unibertsitateko Medikuntza graduko 12 irakasle eta ikertzailerekin batera. EKOE ebaluatzaile izan diren IMQ-ko profesionalak praktiketako irakasle ohi dira.

IMQ-ko Institutu Onkologikoko Onkologia Erradioterapikoko arduradun Clara Eíto sendagileak azaldu duen bezala, «Medikuntza gradua Deustuko Unibertsitatean 2020ko irailean hasi zenez, 2023-2024 ikasturtean antolatu dira lehen aldiz EKOE ebaluazioak, eta esperientzia oso ona izan da».

Adierazi duen legez, Deustuko Unibertsitateak eta IMQ Zorrotzaurre Klinikako Irakaskuntza Unitateak «zehatz eta txukun antolatu dute ebaluazioa. Azterketa egin aurretik, ebaluatzaileek prestakuntza-tailer bat hartu zuten, planaren programazio eta diseinu osoaren gainean; aldez aurretik, plana prestatzeko ebaluatu beharreko kasua ere eman zitzaien, eta une oro sustatu zen Unibertsitateko koordinatzaileekiko komunikazioa eta hurbiltasuna, informazio trukea egon zedin edo zalantzak argi zitzaten».

IMQ-ko onkologoaren hitzetan, «24 ikasle ebaluatu nituen; horiek paziente bat galdekatu behar izan zuten bularreko auto-haztapen susmagarri bat zela eta; proba osagarri bat interpretatu behar izan zuten, diagnostiko-plan bat ezarri, eta komunikazio-trebetasuna eta enpatia izan, balizko aurkikuntza onkologiko bat azaltzeko. Ebaluazio bakoitzak denbora mugatua zuen, eta horrek ikasleen gaineko presioa areagotzen zuen eta zehatzak eta eraginkorrak izatera behartzen zituen. Ebaluatzaileok ikasle bakoitzarengan behatu eta aztertu beharreko itemen zerrenda zehatza genuen».

Bestetik, 2022ko azaroaz geroztik, Deustuko Unibertsitateko Medikuntza graduko ikasleek praktikak egiten dituzte IMQ Zorrotzaurre Klinikan hainbat medikuntza-espezialitatetatik txandakatuta, asistentzia klinikoko profesionalekin benetako ingurune bateko eguneroko lanean egonda. «Zorrotzaurren txandakatzeari esker, gainera, hainbat lanbide-eredu ikus dezakete ikasleek lanbidearen gaineko jarrerak, jokabideak eta balioak erakutsi eta berenganatzeko».

Eíto doktoreak azaldu bezala, EKOE probak, ikasturte bakoitzean, «ikasitakoaren alde handi bat erakusteko eta beren ezagutza klinikoa sendotzeko aukera zoragarria dira ikasleentzat. Datorren ikasturtean, Onkologia irakasgaiko irakaskuntzarekin jarraitzeko aukera izango dut. Irakasgai hori karrerako bosgarren mailako ikasleentzat izango da», aurreratu du IMQ-ko espezialistak.

Etorkizunerako prestatzea

Medikuntzako Dekanoen Konferentzia Nazionalak Medikuntzako tituludun bati EKOE motako proba batean 20 agertoki gainditzea ezarri du kalitate-estandar gisa, ebaluatzeko eta ziurtatzeko. «Guk, aurreko urteetan proba hori gainditzea prestatzeko, ikasturte bakoitzeko bost agertokitako zirkuitu bat diseinatu dugu (bost agertoki, hirugarren mailan eta beste bost, laugarren mailan). Gure asmoa da, halaber, bosgarren mailako ikasleek beste bost egitea, EKOEko 20 agertokitako azterketa bat gainditzeak dakarren erronkari aurre egiteko», adierazi du Arantza Bringasek, Deustuko Unibertsitateko Medikuntza graduko Praktiketako koordinatzaileak.

Ebaluazio Kliniko Objektibo eta Egituratua (EKOE) ikasleek egoera kliniko espezifikoetan duten jarduera ebaluatzeko diseinatuta dago; haietan, ikasleen ezagutza teorikoak, arrazonamendu klinikoa, trebetasunak eta abileziak probatzen dira, baita pertsonen arteko komunikaziorako dituzten jarrera eta gaitasuna ere.

Proba horiek DeustoBio-ko instalazioetan egin dira; izan ere, zentro horrek simulazio kliniko eta kirurgikoko ospitale bat du. Gainera, zentro horretan oinarrizko zientzien arloko ikerketa-jarduerak egiten dira, ikerketarako eta irakaskuntzarako laborategi modernoa baitu. Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko Medikuntza Saileko zuzendari Rodrigo Garcíak azaldu duenez, «ikerketa- eta irakaskuntza-zentro horrek arreta klinikorako kontsultategiak, ebakuntza-gela bat, zainketa intentsiboetako gela bat, solairuko gela bat, irakaskuntzarako laborategi bat eta ikerketarako bakarrik atondutako beste bat ditu. Trebetasun-gelak ere baditugu, ikasleek josturak, intubazioak, bideak jartzea, tentsio arteriala neurtzea eta muskulu barneko edo zain barneko injekzioak jartzeko, besteak beste. Praktika horiek ingurune seguru eta kontrolatu batean egiten dira, doitasun handiko simulagailuak erabilita, zeinek giza baldintzak eta erreakzioak zintzo erreplikatzen dituzten, eta horrela ikasleei trebetasunak hobetzeko aukera ematen zaie, benetako egoerei aurre egin aurretik».

Zertan datza EKOE?

EKOE proba kronometratua da, eta benetako egoera klinikoen antza duten agertokien zirkuitu gisa egituratuta dago, ikasleen gaitasun klinikoa ebaluatzeko aukera ematen duten zeregin espezifikoen eskutik.

Agertoki bakoitzerako denbora 10 eta 15 minutu artekoa izaten da, eta haietako bakoitzak ebaluazio-tresna independente bat adierazten du. Horietako bakoitzak ebaluatzaile bat du, ikasle bakoitzaren jarduna kalifikatuko duena.

Hiru agertoki-mota daude EKOEn. Lehenik eta behin, simulatutako paziente estandarizatu bat dutenak, zeinetan, ikasleak kontsultategian edo ospitalean balego bezala jardun behar duen. Bigarrenik, “aulkiko edo bankuko” agertokiak, zeinetan ikasleak laborategiko edo kabineteko azterlanak interpretatzen eta diagnostiko bat eta balizko tratamendua ezartzen dituen. Azkenik, ikasleek simulagailuak edo manikiak dituztenak egin behar izaten dituzte. Agertoki horietan, gaitasun instrumentalak edo prozedurak ebaluatu ohi dira (bena-bideak bideratzea, gasometriak egitea, intubazioa eta josturak egitea, besteak beste).

Haietako bakoitzaren sarreran, ikasleak argibide-orri bat irakurri behar du, zer espero den jakin dezan. «Funtsezkoa da argibide horiek ulertzea, ondo jardun ahal izateko», azpimarratu du Rodrigo Garcíak.

Gaitasun  hauek ebaluatzen dira agertokietan: anamnesia, miaketa fisikoa, mediku-paziente arteko komunikazioa, txosten klinikoak egitea, iritzi klinikoa, ikerketaren metodologia, lanbide arteko harremana, diagnostiko bereizgarriak, trebetasun teknikoak, prebentzio-jarduerak eta alderdi etiko eta legalak.

Paziente plantak egiten duten aktoreak

EKOE probaren helburua da egiantzez islatzea ikasleek benetako pazienteekin elkarreragin ondoren aurre egin behar dieten eguneroko jarduera. Hori dela eta, probetan Deustuko Antzerki Gelako aktoreek parte hartzen dute. Talde horretako zuzendari Raquel Olmosek azaldu duen bezala, alde hauek jorratzen dira: «patologia jakin batzuen alderdi fisikoak —hala nola herren arin baten simulazioa edo makillajearen eta ikteriziaren bidezko birsorkuntza —, eta hainbat alderdi emozional».