Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

‘Partekatu bizitza’, lehen heriotza-kausa diren gaixotasun kardiobaskularren prebentzioaren inguruan euskal gizartea kontzientziatzea helburu duen ekimena

09.10.2024

‘Partekatu bizitza’, lehen heriotza-kausa diren gaixotasun kardiobaskularren prebentzioaren inguruan euskal gizartea kontzientziatzea helburu duen ekimena
  • Gaixotasun kardiobaskularrek urtero 18 milioi heriotza eragiten dituzte mundu osoan, Euskadin heriotzgaien % 25en eragileak dira. Edonola ere, heriotza horietako asko aurreikus eta saihets daitezke, bizimodu osasungarrien bidez.

  • IMQ konpainiak abian jarritako "Parketatu bizitza" kanpaina, hilabete honetan, herritarrak prebentzio-helburu horren inguruan sentsibilizatzen saiatuko da. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan zenbait ekimen garatuko ditu, bere talde medikoko espezialisten eta herritarren lankidetzarekin.

  • Kanpaina osatzeko, IMQk ekarpen solidarioa egingo du Bihotzez euskal elkartearen alde, sortzetiko patologia kardiobaskularrak dituzten pazienteei laguntze aldera.

Gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotza- eta desgaitasun-kausa nagusia mundu osoan, eta urtero 18 milioi pertsonaren heriotza eragiten dute, heriotza guztien % 32[1]. Espainian eta Euskadin, gutxi gorabehera, lau heriotzatik bat (% 25,4 EAEn[2]) kausa horri egotz dakioke, eta hipertentsioa, hiperkolesterolemia, diabetesa eta obesitatea dira arrisku metabolikoko faktorerik garrantzitsuenak.

Zahartze-prozesu naturalak zuzenean eragiten die mota horietako gaixotasunei, baina gehienak zuzenean lotzen dira gure bizi-ohiturekin zerikusia duten eta saihestu daitezkeen arrisku-faktoreekin. Gaixotasun horien hedapena nabarmen hobetuko litzateke, besterik gabe, tabakoaren kontsumoa (bapeatzea barne), alkoholaren kontsumoa, dieta koipetsu eta ez-osasungarriak edo sedentarismoa murriztearekin.

Gaixotasun horietako asko sintomarik gabekoak dira, eta gerta daiteke horien berri ez izatea lehen gertakari larri bat (iktusa edo infartua, adibidez) gertatu arte. Gainera, emakumeen kasuan, infradiagnostikoa dago. Hori dela eta, oso garrantzi handikoa da erne egotea.

Egoera horri aurre egingo bazaio, herritarrak kontzientziatu beharko dira, garaiz jardun beharko da eta bihotzerako ohitura osasungarriak hartu beharko dira gure egunerokoan. Hori dela eta, Igualatorio Médico Quirúrgico (IMQ) euskal osasun pribatuko konpainia liderrak mota horretako gaixotasunak murrizten laguntzeko eta prebentzioa hobetzeko sentsibilizazio-kanpaina abiarazi du euskal gizarte osoarentzat.

IMQ konpainiak, 90. urteurrena dela-eta, garatu dituen ekimenen barruan sartzen den kanpaina horren helburua da konpainiak, sortu zenetik, osasunarekin eta pertsonekin duen konpromisoa berrestea, eta, horretarako, gaixotasun mota horien arriskuen eta prebentzio-neurri eraginkorrenen ezagutza zabaltzen saiatzea. “Osasun kardiobaskularra zaintzea funtsezkoa da gizarte osoarentzat; nolanahi ere, gutako bakoitzaren esku dago, gizabanako gisa, eta, hartara, behar-beharrezkoa da ahalik eta informazio gehien eta informaziorik onena izatea”, adierazi dute IMQtik.

Beatriz Astigarraga IMQ konpainiako presidenteak gaur Bilbon abian jarri duen “Zaindu bihotza, partekatu bizitza” kanpainaren helburua da, hain zuzen, herritar guztiei informazio zabala eta zorrotza ematea, eta, patologia mota horien ondorio larriak saiheste aldera, patologia horiek garaiz identifikatzearen eta jardutearen garrantzia ikusaraztea. IMQ konpainiaren presidenteak azaldu duenez, “gaixotasun kardiobaskularrek, kasu gehienetan, lotura estua dute bizimodu ez oso osasungarriarekin, eta, beraz, horien ondorio gehienak prebenitu daitezke. Horregatik, kanpaina honen helburua da herritarrak informatzea eta kontzientziatzea, pertsonen osasuna erdigunean jartzen jarraitzeko eta euskal gizartearekin dugun konpromisoa lehenesten jarraitzeko”.

IMQ konpainiak bihotz urdin bat hautatu du herritarren kontzientziazioa, parte-hartzea eta elkartasuna barne hartzen dituen kanpainaren sinbolo gisa. Izan ere, herritar guztien konplizitatea eta laguntza ere biltzen saiatzen da, kanpainaren materialak eta mezuak sare sozialen bidez parteka daitezen #PartekatuBizitza hashtagaren bidez, “sentsibilizazio- eta prebentzio-helburu horretan urrunago iristeko gai izan gaitezen guztion laguntzarekin eta inplikazioarekin”. IMQ konpainiak tentsiometroak eta azterketa medikoak zozketatuko ditu kanpainarekin bat egiten duten pertsonen artean.

Herritarrengana hurbiltze aldera eta kanpainaren irismena bultzatze aldera, topaguneak instalatuko dira hiru euskal hiriburuetako kaleetan. Bilbon, bihotz urdin erraldoia eta informazio-puntua Ercilla kalean jarri da, Moyua Plazaren aurrean. Gaurtik, urriaren 9tik, urriaren 20ra arte egongo da bertan. Aurkezpenaren lehen egunean, halaber, kanpainarekin eskuzabaltasunez bat egin duten Deustu Unibertsitateko Erizaintzako Fakultateko ikasleen laguntza izango da, egun osoan zehar arteria-tentsioa hartuko baitiete nahi duten guztiei. Bestalde, Gasteizko elkargunea General Loma Plazan instalatuko da urriaren 10etik 13ra arte, eta Donostian Garbera merkataritza-gunean urriaren 16tik 19ra arte.

Ekimen solidarioa

Kanpainak, halaber, IMQ konpainiako talde medikoko lau espezialisten lekukoa eta bermea du: Álvaro Ortiz de Salazar doktorea, bihotzeko kirurgialaria, eta Ainhoa Rubio, Zigor Madaria eta Vanessa Escolar doktoreak, kardiologoak. Horrez gain, kanpainak web-orri espezifikoa du eta helburu solidarioa batekin osatzen da; izan ere, kanpainaren edukiak partekatzen diren heinean edo edukiekin elkarreragiten den heinean, bihotz urdina bete egingo da. Lortutako irismena ikusarazteaz gain, baliagarria izango da IMQ konpainiak Bihotzez euskal elkartearen helburuen aldeko dohaintza ekonomikoa egiteko, parte-hartzaileen izenean. Bihotzez elkarteak sortzetiko kardiopatiak dituzten pertsonei eta horien senideei laguntzeko lan egiten du, kolektibo horrentzat ez baita, zoritxarrez, prebentzioa posible izan.

Aurkezpen-ekitaldian parte hartu duen Álvaro Ortiz de Salazar doktoreak aditzera eman du oso garrantzizkoa dela sintomak detektatzea, garaiz jardun ahal izan dadin. Adierazi duenez, “bihotza da gure gorputzaren motorra eta hura osasuntsu mantentzea funtsezkoa da bizimodu osoa eta aktiboa izateko. Hori dela eta, ohitura osasungarriak izateak eta ohitura kaltegarriak saihesteak gaixotasun kardiobaskularrak saihesteaz gain, heriotzak ere saihesten ditu”.

Era berean, ekitaldian parte hartu du Bihotzez elkarteko ordezkari Ianire Garay neuropsikologoak: “IMQren ekimenaren moduko ekimenei esker, sortzetiko kardiopatiarekin jaiotzen diren pertsonei laguntzen jarrai dezakegu, haien bihotza ez ezik, haien bizimodua ere desberdina baita. Horregatik, guretzat oso garrantzi handikoa da haur eta gazte horiekin eta haien senideekin egotea eta haien egunerokoan laguntzea”.

Álvaro Pérez Alonso Bilboko Udaleko Osasuneko zinegotziak itxi du ekitaldia, eta harekin izan dira Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotzi delegatua eta Ana Collia Osasun eta Kontsumoko zuzendaria eta kanpainaren helburuekin bat egin nahi izan duten osasun-, erakunde- eta gizarte-arloko beste pertsona batzuk.

[1] Osasunaren Mundu Erakundea (OME)

[2] Eustat