Iradokizunak
29.02.2024
Karlos III.a Osasun Institutuak eta Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak jakinarazitako azken datuen arabera, Euskadiko biztanle helduen % 52,9k gehiegizko pisua du, hots, 25etik gorako gorputz-masaren indizea (GMI). Euskal herritarren % 16,4k du obesitatea eta biztanle helduen % 4,9k, obesitate larria, hau da, 35 puntutik gorako gorputz-masaren indizea. GMI neurria honela ateratzen da: pertsona baten pisuaren kiloak zati estaturaren metroen karratua.
Umeei dagokienez, obesitateak gora egiteko joera oso serio hartzera bultzatzen dute kopuruek. Izan ere, hainbat ikerketaren arabera, Euskadiko umeen obesitatearen eta gehiegizko pisuaren prebalentzia % 25 eta % 33 artekoa da.
Urtero martxoaren 4an Obesitatearen aurkako Mundu Egunaren oroitzapena egiteak agerian jarri nahi du zeinen garrantzitsua den obesitatea pertsonen osasunean eta horren aurka hainbat modutan ekin beharra: elikadura osasungarria, orekatua eta neurrizkoa, jarduera fisikoa eta bizi-aztura osasungarriak, besteak beste.
Elikadurari dagokionez, ordea, garrantzitsua da elikagai osasungarri bat loditzen ez duen batekin ez nahastea. Elikagai osasungarri bat gorputzak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren mantenugaiak eta bitaminak ematen dituena da, gantz kaltegarririk (aseak) eman gabe.
«Osasungarria izateak ez du esan nahi, aldiz, loditzen ez duenik. Izan ere, gorputzarentzat onuragarriak diren gantzak (omega 3, gantz mono-asegabeak…) ekartzen dituztelako oso osasungarriak diren baina oso kalorikoak diren elikagaien hainbat adibide dago, hala nola fruitu lehorrak, izokina edo ahuakatea; beraz, horien kontsumoa kontrolatu beharko da pisuz igo nahi ez bada», azpimarratu du IMQ-ko Endokrinologia eta Nutrizioko espezialista Nerea Gilek.
Hortik ondoriozta daiteke elikagai osasungarriek ere loditu dezaketela, eta komeni dela guztizko kaloria-ekarpena kontuan hartzea, pertsona bakoitzaren ezaugarrien eta bizimoduaren arabera.
Espezialistak xehatu duenez, kaloria gutxiko elikagaiek edo ‘light’ direlakoek beren baliokide normalaren baino % 30 kaloria inguru gutxiago dute, «baina horrek ez du esan nahi loditzen ez dutenik, kaloria gutxiago ekartzen dutela baizik».
Elikagai ekologikoei dagokienez, «hori da beste akats ohikoenetako bat». “Ekologikoa” etiketak elikagai bat nola landatzen edo hazten den adierazten du soilik, baina kaloria-ekarpenari dagokionez, berbera izan ohi da. «Beste gauza bat da ongarriekin gutxiago tratatu izana eta bere bitaminak edo propietateak hobeto kontserbatu izana, edo beste barietate batekoa izatea, elikagai mota beraren barruan», argitu du IMQ-ko espezialistak.
Bestalde, osoko elikagai batek «soilik esan nahi du zerealak ale osoa daramala, oskola eta guzti, eta, beraz, zuntz gehiago eta bitamina gehiago ekarriko ditu eta heste-igarotzea hobetuko du, baina bere kaloriek elikagai ez-oso baten oso antzekoak izaten jarraituko dute».
Elikagaien konposizioak garrantzia du, eta asko. «Argi dago ez dela gauza bera donut bat jatea edo barazki-platerkada bat jatea. Kaloria-kopurua berdina izateko adina barazki jatea lortuko bagenu ere, donutak gantz ase asko ekarriko digu, eta elikagai baliagarririk ez. Aitzitik, barazkiek bitamina eta mineral baliagarriak emango dizkiote gure organismoari. Gainera, zuntz-ekarpen ona du eta donut batek baino askoz gehiago asetzen du», adierazi du adibidez adituak.
Halaber, elikagaiak kozinatzeko moduak ere garrantzi handia du ekarpen osoan. Alde horretatik, produktu ultraprozesatu askok azukre, gantz ez-osasungarri eta gatz maila handiak dituzte konposizioan. Bai etxean kozinatzen bada, bai etxez etxeko janaria eskatzen bada edo elikagai prozesatuak erosten badira, kalorien guztizko kantitatean pentsatzea komeni da, kaloria-ahorakinaren eta energia-gastuaren arteko desorekak saihesteko.
Nerea Gil sendagilea zehatza izan da: «elikagai guztiek berdin loditzen dituzte pertsona guztiak. Hau da, ogiak pertsona guztiei 277 kilokaloria emango dizkie 100 gramoko. Beste gauza bat da horrek eragin bera izango duen pertsona bakoitzaren pisuan. Alderdi horretan faktore askok dute eragina, hala nola adinak, sexuak, genetikak edo jarduera fisikoa egiten den ala ez».
IMQ-ko endokrinologoak hauxe gogorarazi du amaitzeko: «pertsona bakoitzak kaloria-ekarpen jakin bat behar du egunean. Gorputzak behar duena gainditzen badugu, gehiegizko kaloriak gantz moduan metatuko dira gure gorputzean. Gastatzen duguna baino kaloria gutxiago hartzen badugu, orduan lortuko dugu pisua galtzea».
Los médicos advierten de la importancia de distinguir el diagnóstico entre la celiaquía y la sensibilidad al gluten no celíaca
Una investigación demuestra que la dieta y el ejercicio son una herramienta óptima para las personas con obesidad e hipertensión
El consumo regular de aceite de oliva virgen extra reduce el riesgo de padecer enfermedades crónicas de base oxidativa e inflamatoria