Iradokizunak
22.01.2019
Euskadin egindako ikerlan batek frogatu du dieta hipokalorikoa eta ariketa fisiko aerobikoa, gainbegiratuta, bateratzea tresna –ez farmakologikoa– ezin hobea dela gehiegizko pisua edo obesitatea eta hipertentsioa dutenen bihotz-biriketako edukiera, gorputzaren osaera eta presio arteriala hobe daitezen. Ikerlana, European Journal of Preventive Cardiology aldizkari espezializatuan argitaratu dena, IMQ-ko eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko profesionalek egin dute. Ikerlan horretan, 16 astez, 175 parte-hartzaile sedentario –gehiegizko pisua edo obesitatea eta hipertentsio arterial primarioa dutenak (kausa ezagunik gabe garatzen dena eta paziente hipertentsiboen kasuen % 80ren arrazoia dena)– aztertu ziren. Jarduera haren ondorioz, proiektuan parte hartu zutenen % 7,6ri medikazioa kendu zioten eta % 37,7ri, gutxitu.
“Ikerlan horren alderdirik garrantzitsuena da lau talde elkarrekin alderatu ditugula. Talde guztien dieta hipokalorikoa zen, hots, kaloria urrikoa, baina hiru taldetako kideek ariketa fisikoa -gainbegiratua- egiten zuten astean bi aldiz, eta gainerako taldeko kideei (kontrol taldea) jarduera fisikoa egiteko gomendioak eman zitzaizkien, baina inork gainbegiratu gabe”, azaldu du ikertzaile nagusi Sara Maldonado-Martínek, IMQ Amárica (Vitoria-Gasteiz) zentro medikoko Osasunerako Ariketa Fisikoari buruzko Programaren arduradunak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakasle agregatuak.
Halaber, ariketa fisikoa gainbegirale batekin egin zuten hiru taldeen artean desberdintasunak aurkitu ziren. Horiek horrela, IMQ-ko adituak hauxe azaldu du: “guztiek egiten zuten ariketa fisiko aerobikoa, bizikleta batean edo lasterketa egiteko zinta batean, baina intentsitate, protokolo eta bolumen desberdinekin”. Talde batek 45 minutuz entrenatzen zuen jarraian, intentsitate neurritsuarekin (erritmo-aldaketarik gabe) eta beste talde biek, berriz, tarteka-martekaentrenatzen zuten, intentsitate altuarekin (erritmo-aldaketekin eta intentsitate altuak eta neurritsuak tartekatzen, hots, HIIT delakoa); batek, 45 minutuz eta besteak, 20 minutuz.
Emaitzak
Parte-hartzaileen ezaugarriak kontuan hartuta, taldeek mailaka aritu ziren, iraupen egokiak lortu arte. Epea bukatu zenean, proiektuaren hasierako eta amaierako emaitzak konparatu ziren. “Datuak aztertu zirenean, hauxe egiaztatu zen: ariketa gidatua egin zuten taldeen datuak gomendioa bakarrik jaso zutenenak baino hobeak ziren, eta ariketa fisiko gainbegiratua egin zuten hiru taldeen artean intentsitate altukoek nabarmen hobetu zuten bihotz-biriketako edukiera”.
Haatik, HIITren arabera (erritmo-aldaketekin, intentsitate altuak eta neurritsuak tartekatzen) aritu ziren bi taldeen artean (bata, 45 minutuz, bestea, 20 minutuz) ez zen desberdintasun nabarmenik aurkitu, estatistikari zegokionez. Hori dela eta, “adieraz daiteke intentsitate altuan, 20 minutuz, ariketa fisikoa egitea oso metodo eraginkorra dela gehiegizko pisua edo obesitatea eta hipertentsioa dutenengan bihotz-biriketako edukiera hobetzeko. Esan daiteke, beraz, gutxiago gehiago dela”, azaldu du Sara Maldonado-Martínek.
Tentsio arterialari dagokionez, talde guztiek beren baloreak hobetu zituzten, eta hasierakoak nabarmen jaitsi ziren, egindako ariketa fisikoa alde batera utzita. Eta horrek “dieta hipokalorikoak eta gorputz-masa txikitzeak duten eragin garrantzitsua” baieztatzen du.
Baina ariketa denbora gehiagoz ala gutxiagoz egitearen arteko desberdintasun nagusia gorputz-masari eragiten zaion efektua da, zeren eta ikerketaren ikertzaileak azaldu duen moduan, “ariketa fisikoa denbora gehiagoz egin zuten gehiegizko pisu edo obesitatedunen gorputz-masa gehiago galdu zen, gastu energetikoa handiagoa izan zelako”.
Datuak
Gorputz-masa % 6,6 murriztu zen ariketa fisiko gainbegiratua egin ez zutenen artean (1. taldea); % 8,3, etengabe, intentsitate neurritsuarekin ariketa 45 minutuz egin zutenen artean (2. taldea); % 9,7, 45 minutuz HIITren arabera entrenatu zirenen artean (3. taldea); eta % 6,9, 20 minutuz HIITren arabera entrenatu zirenen artean (4. taldea).
Bihotz-biriketako edukiari dagokionez, 1. taldeko pertsonengan (ez zuten gainbegirale batekin ariketa fisikorik egin) % 16,4ko hobekuntza gertatu zen. 2. taldekideengan (45 minutuz neurrizko ariketa egin zuten jarraian), % 23,6. 3. taldekoek (HIITren araberako entrenamendua, 45 minutuz) izan zuten hobekuntzarik handiena, hots, % 36,7. Balio hori txikiagoa izan zen, hain zuzen, % 30,5, 4. taldekoengan (HIITren araberako ariketa egin zuten 20 minutuz).
Erreferentzia bibliografikoa:
Gorostegi-Anduaga, I., Corres, P., MartinezAguirre-Betolaza, A., Pérez-Asenjo, J., Aispuru, G. R., Fryer, S. M., & Maldonado-Martín, S. (2018). Effects of different aerobic exercise programmes with nutritional intervention in sedentary adults with overweight/obesity and hypertension: EXERDIET-HTA study. European Journal of Preventive Cardiology, 25(4), 343–353. https://doi.org/10.1177/2047487317749956