Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Ausazko jokoen eta apustuen erabilera problematikoa jokabide adikzioen % 80 da

13.02.2025

Ausazko jokoen eta apustuen erabilera problematikoa jokabide adikzioen % 80 da
  • Beste % 10 bideojokoen erabilera problematikoari dagokio eta gainerako % 10, besteak beste, sexu-, Internet- eta erosketa-adikzioei.

  • Jokabide-adikzioek eredu ezberdinak dituzte adinaren eta sexuaren arabera: ausazko jokoak, gizon helduengan; bideojokoak, gazteengan; eta erosketak, emakumeengan.

  • Terapia psikologikoa, gizarte- eta familia-babesa eta bizimoduaren aldaketak uztartzen dituen diziplina anitzeko ikuspegia funtsezkoa da susperraldi iraunkorra lortzeko.

Datorren otsailaren 17an Ausazko Jokoaren Nazioarteko Egunaren oroitzapena egingo da, jokabide-adikzioek gizartean eta osasunean duten garrantzia nabarmentzeko asmoz. Errealitate horrek, Drogen eta Adikzioen Espainiako Behatokiak jokabide-adikzioei eta bestelako adikzio-nahasmenduei buruz egin duen Adicciones comportamentales y otros trastornos adictivos txostenaren arabera, agerian jarri du 4.000 pertsona inguruk substantziarik gabeko adikzioengatiko tratamendua hasi zutela 2023an sare publikoan. Horietatik, % 80k jokoarekiko eta apustuekiko adikzioagatik hasi zuen tratamendua; % 10ek bideojokoekiko adikzioagatik; eta gainerako % 10ek beste arrazoi batzuengatik eskatu zuen tratamendua (Interneten erabilera problematikoa, pornografiaren erabilera, erosketa konpultsiboak eta abar).

Rebeca Saiz Mesak, IMQ Amsako Patologia Dualeko psikologo eta koordinatzaileak, adierazi duenez, jokabide-adikzioak «jarduera edo jokabide errepikatuak dira, hasiera batean sentsazio atseginak edo lasaigarriak sortzen dituztenak eta, aurrerago, kontrola galtzea dakartenak».

Jokabide-adikzioen eredu soziodemografikoari dagokionez, bideojokoen erabilera problematikoa eta sare sozialena «gazteen artean bereziki zabalduta dago; aldiz, txanpon-makinan, erruletan, pokerrean eta beste adikzio batzuetan, hau da, ludopatiari lotutakoetan, gizon heldua da kontsumitzaile nagusia. Bi kasuetan, gizonen ehunekoa emakumeena baino handiagoa da. Erosketa konpultsiboekiko adikzioaren kasuan dago prebalentzia handiagoa emakumeen artean».

Diagnostikoa

Baina, nola jokatzen dute adikzioek, eta noiz jotzen dira adikziotzat? «Substantzia-mendekotasunen antzeko eredua dute», argitu du adituak: «gero eta gehiago eta maizago errepikatu behar izaten da portaera, bilatzen den gogobetetasuna lortzeko».

Jokabide-adikzioek «mendekotasuna, tolerantzia eta abstinentzia-sindromea eragiten dute», eta horrek lagundu egiten die profesionalei adikzioaren eta portaera jakin baten maiztasun altu hutsaren artean bereizten.

Adikzioak dituzten pertsonarentzat, «autoestimu txikia, ezegonkortasun emozionala, narritadura, ohiko erantzukizunetan inplikazioa murriztea, sintoma fisikoak (elikadura kazkarra, loa eta nekea) eta beste batzuk» dira faktoreak. Ingurukoentzat, berriz, pertsona hori «galduta eta oso kezkatuta» egoten dela jokabide desegokitzaile horien aurrean. «Arazo horri nola aurre egin ez jakiteak, askotan, gatazkak eta harremanak okerragotzea dakar berekin».

Jokabide-adikzioa erakusten duten adierazle nagusien artean, hauek aipa daitezke: «kontrola galtzea eta ekintza gauzatzeko premia eutsiezina; mendekotasun-harremana eta jokabidea zehazteko ezintasuna; tolerantzia eta jokabidearen ondorengo areagotzea, efektu berak lortzeko helburuarekin; eta, aurrekoak ez ezik, gauzak ezkutatzea eta gezurrak esatea ere».

Hala ere, jokabide-adikzioak oso desberdinak dira, eta horietako bakoitzak baditu kontuan hartu beharreko ezaugarri espezifikoak. Horregatik, diagnostikoa elkarrizketa batean edo gehiagotan oinarrituta egiten da; izan ere, elkarrizketa horietan, pertsonak zehatz-mehatz adierazten dizkio profesionalari bere jokabide, pentsamendu eta emozio guztiak. Elkarrizketa horren eskutik, adikzioak duen funtzioa aztertu daiteke, baita pertsonaren bizitzako eremuetan eragiten dituen ondorioak ere.

Komorbilitateei dagokienez, IMQ Amsako psikologoak eta koordinatzaileak azaldu du ‘patologia duala’ terminoa erabiltzen dela aldi berean edo bizitzan zehar adikzio bat eta beste buru-nahasmendu bat (antsietate-nahasmenduak, gogo-aldartearen nahasmenduak, ezaugarri desberdinak eta nortasun-nahasmenduak) dituzten pertsonez aritzeko.

Tratamendua

«Tratamenduaren arrakasta», adierazi du Rebeca Saiz Mesak, «pertsona bakoitzaren premia indibidualetara egokitzean datza». Hala ere, terapia psikologikoa, gizarte- eta familia-babesa eta bizimoduaren aldaketak uztartzen dituen diziplina anitzeko ikuspegia «funtsezkoa» da susperraldi iraunkorra lortzeko.

Arazo horri IMQ Amsan ematen zaion erantzunari dagokionez, profesional batekin elkartzen da pertsona, eskaera zehatz-mehatz aztertzeko eta tratamendu-proposamenak modu pertsonalizatuan baloratzeko. Horrelako problematiketarako, besteak beste, IMQ Amsak eguneko ospitalea eskaintzen du, hainbat baliabideren artean: patologia dual integral eta intentsiboari arreta emateko programa, ikuspegi psikiatrikoa, psikologikoa, familiarra eta soziala kontuan hartuta.

«Familia hasiera-hasieratik sartzen da, ongizatean eta osasun orokorrean lan egiteko helburuarekin, pertsonaren arlo garrantzitsuak kontuan hartuta, hala nola gizarte-, familia- eta lan-arloak. Horretarako, banakako, taldeko eta familiako saioak egiten dira, betiere psikiatra batek, gizarte-hezitzaile batek eta kasu bakoitzaren ardura duen psikologo batek osatutako talde batekin», xehatu du adituak.

Kasu horietan, «garrantzitsua da adikzioa duen pertsonaren alderdi subjektibo gisa tratatzea», eta, hortaz, kasu bakoitza modu pertsonalizatuan tratatzen da. Dena den, adikzioa pertsonarentzat funtzio bat bete duen zerbait denez, bizi-asegabetasunak izanez gero, badago berriz ere hartara jotzeko arriskua».

Prebentzioa

Arrisku-faktore nagusiei heltzea «ezinbestekoa» da adikzio horien garapena prebenitzeko. Horrela, alde batetik, adinaren faktorea aipa daiteke, nerabeak «kolektibo bereziki kaltebera» izanik. Hori dela eta, «funtsezkoak dira adikzio-jokabideen ondorioei buruzko sentsibilizazio- eta kontzientziazio-ekintzak». Adituaren iritziz, halaber, administrazioek «adikzio horiek sustatzen dituzten jarduerak zigortu behar dituzte, eta laguntza-baliabide eta –zerbitzuak eskuratzea bermatu behar dute».

Bestalde, «garrantzitsua» da beste faktore bat kontuan hartzea, nortasun-ezaugarri kalteberenek zehazten dutena, hala nola «autoestimu txikia eta segurtasunik eza, inpultsibitatea, gehiegizko herabetasuna, gizarte-fobietarako joera, antsietatearekin lotutako barnerakoitasuna eta bestelakoak».

Zenbait neurri eraginkor, amaitu du azaltzen IMQ Amsako Patologia Dualeko Unitateko psikologo eta koordinatzaileak, hauek dira: «kultura-, kirol- eta aisialdi-alternatiben eskaintza, eta elkarrizketarako eta laguntzarako guneak sustatzea, problematika horrek osagai sozial nabarmena baitu».