Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

18.889 haurtxo jaio dira IMQ kliniketan azken hamabost urteetan

03.05.2022

18.889 haurtxo jaio dira IMQ kliniketan azken hamabost urteetan
  • Egunero, batez beste 3,45 erditzeri ematen diete arreta emaginek eta, hortaz, horien lana funtsezkoa da osasun-laguntzan.
  • IMQ-k lehentasuna ematen die haurdunen segurtasun klinikoari, intimitateari eta erosotasunari, baliabide hauen eskutik: banako gelak, jaioberriak bizkortzeko sehaskak erditze-gelan bertan eta hari gabeko monitorizazio etengabea, besteak beste.

Maiatzaren 5ean Emaginen Nazioarteko Eguna izango dela aprobetxatuta, IMQ-k taldeko kliniketan azken hamabost urteetan izandako erditzeei buruzko datuak ezagutarazi ditu, eremu horretan emaginak baitira protagonista. Hortaz, 2007tik 2021era bitartean –bi urteak barne–, Vicente San Sebastián, Virgen Blanca eta Zorrotzaurre Kliniketan 18.889 haurtxo jaio ziren; hots, batez beste 3,45 erditze egunean. Gaur egun, euskal aseguratzaileko erditze guztiak IMQ Zorrotzaurre Klinikan artatzen dira.

Horren harira, IMQ-ko emagin Mónica Blasek hau adierazi du: «azpiegiturez ari bagara, Zorrotzaurre Klinikak bost dilatazio-gela ditu, eta bost gela horietan emakumeak ospitaleratzen dituztenetik haurtxoa jaio eta bi ordu ingurura arte daude. Bi erditze-gela ere baditu Klinikak, zeinetan amak erditzearen egozpen-fasea igarotzen duen, eta gela horietan jaioberriak bizkotzeko sehaskak daude, behar izanez gero erabiltzeko. Zesareak egiteko ebakuntza-gela bat ere badago».

Aurreko guztia ez ezik, baliabide hauek ere baditu zentroak: «larrialdietako bi box: batean, ginekologoek haurdunaldian artatzen dute emakumea, haurdunaldiko 37. astera arte; bestean, emaginok obstetrizia-larrialdiak artatzen ditugu, adibidez, emakumeak erditze-susmoagatik edo poltsa amniotikoa hautsita dagoelako datozenean; horrelakoetan, emaginok arduratzen gara egoera aztertu eta alta emateaz».

IMQ-ko erditze-arloan aldi oro dagoen taldea emaginek eta erizaintzako laguntzaileek osatzen dute. «Epidurala jarri behar bada, anestesistak esku hartuko du erditzean. Beti dago ginekologo bat guardian, emakumea bere konfiantzazko ginekologoarekin erditzeko asmoa badu ere. Jaiotzean, pediatra bat ere badago. Ederki koordinatutako taldea gara; izan ere, hainbat urte daramatzagu elkarrekin lanean, eta antolaketa eraginkorra eta efizientea da. Gure balio nagusia pertsonak dira», azpimarratu du emaginak.

Erreferentziazko emagina

Emakume bat erditu aurretik edo erditze programatu bat duenean, IMQ Zorrotzaurre Klinikara sartu aurretik erreferentziazko emagin bat dauka esleituta, prozesu osoan lagunduko diona. «Txanda-aldaketa badago, erreferentziazko emaginak hurrengo txandako emaginari haurduna aurkeztuko dio eta horren egoera jakinaraziko, kalitatezko asistentzia-jarraitutasuna bermatzeko, eta, era berean, emakumeak erreferentziazko emagina nor den argi izan dezan. Gu haurdunarekin gaude sartzen denetik amaitu arte, eta, gehienez ere, emakume bat edo bi artatzen ditugu aldi berean».

Klinikara iristen direnean, emakumeek beharrak edo nahiak adierazten dituzte beti. «Emakume gehienek hitzez adierazten dute, eta beste batzuek, idatziz. Guk haien beharrak aintzat hartzen ditugu beti, eta haiekin komunikatzen gara, zein nahi bete ahal izango den eta zein ezingo den bete adierazteko, edo zein ez den komenigarria haien osasun-egoerarentzat».

Banako gelak eta hari gabeko monitorizazio etengabea

IMQ Zorrotzaurre klinikan, emakumeek banako gelak dituzte eskura dilatazio-fasean, eta hori asko baloratu da Covid-19agatiko pandemia hasi zenetik. Halaber, hari gabeko monitorizazioa erabili ohi da. Sistema horren bidez, haurtxoaren bihotz-taupadak eta erdi aurreko uzkurduren dinamikaren egoera kontrolatzen dira. «Hari gabeko sistema denez, emakumea aske mugi daiteke gelatik eta bainugelatik, eta horrek erosotasun handiagoa dakarkio, ez baitu mugarik jarrera aldatzeko orduan. Balio bereizgarria da, monitorizazioa kableen bidez egiten den beste zentro batzuen aldean», azaldu du IMQ-ko emaginak.

Gainera, monitorizazioa zentralizatuta dago; hots, emakumeek eta haurtxoek profesional bat dute aldi oro, gelatik kanpo, ordenagailu baten bidez haien bizi-konstanteak zaintzen. «Horrela, erditze-prozesuaren segurtasun klinikoa zaintzen da, baina pribatutasuna eta intimitatea ahalik eta gehien errespetatuta».

Erdiberriaroa

«Erditu ondoren, emaginok emakumeei beti egiten diegun galdera da ea, haurtxoa jaio eta berehala, haurtxoaren eta amaren larruazalak kontaktuan jarri nahi dituzten. Familia askok oso ondo deritzote horri. Haurtxoa gurasoen aurrean egoten da beti; erditze-gelan bertan, izan ere, haurtxoak oxigeno pixka bat behar badu, erditze-gelako sehaskan bertan aplikatzen zaio. Zesareetan ere, hori egin ostean, umetxoa aitaren edo horrekin etorri denaren larruazalarekin kontaktuan jartzen da. Asko eskertzen da kontaktu hori», azpimarratu du Mónica Blasek.

Jaioberriaren elikadurari dagokionez, erditzearen ondoren, amek aukeratutakoaren arabera, emaginek rol protagonista dute. «Amagandiko edoskitzea aukeratu badute, haurtxoa egoki jartzen lagunduko diegu lehen edoskialdian, eta zalantzak argituko dizkiegu. Aitari edo horrekin etorri denari ere haurtxoak zaintzen irakatsiko diegu, adibidez, pixoihalak aldatzen edota bodya edo pijama jartzen, besteak beste».

Batzuetan, erditu ondoren, ama minduta badago, «mina kudeatzen lagunduko diogu, botiken bidez, edo, epidurala jarri bazaio, anestesistak emandako jarraibideen arabera. Eta, bereziki, zesarearen ondoriozko mina eta eragozpenak arintzen lagunduko diogu, zesarea ebakuntza gisa hutsaltzen baita gizartean, eta kontuan hartu behar dugu abdomeneko ebakuntza dela, eta, gainera, ebakuntza egin eta berehala, amak haurtxo batez arduratu behar direla», amaitu du azaltzen IMQ-ko emaginak.