Iradokizunak
11.03.2025
Itun Berriko apokalipsiaren zaldizkoak lau dira eta Buda Gautamaren egia zintzoak lau ere dira, eta, arazo kardiobaskularraz ari bagara, bost dira kezkatzeko kontuak eta hiru, onuragarriak.
Izan ere, gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotza-kausa nagusia mundu osoan; Espainian, gaixotasun kardiobaskularren eraginez hiru pertsonen artean bat hiltzen da, eta, Euskadin, biztanleriaren zati handi bati eragiten diote. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan 100.000 biztanleko 184,8 pertsona hiltzen dira, eta, gutxi gorabehera, 18 urtetik gorako emakumeen % 21etik 37ra bitarteko tarteari eta gizonen % 34tik % 50era bitarteko tarteari eragiten diete.
Arrisku Kardiobaskularra Prebenitzeko Europako Eguna –martxoaren 14a– ospatzeko esparruan, Álvaro Ortiz de Salazar sendagileak, IMQ Zorrotzaurre Klinikako kirurgialari kardiobaskularrak, arrisku kardiobaskularrean oso eragin txarra duten bost faktore adierazi ditu.
‘Apokalipsi kardiobaskularraren zaldizkoen’ lehenengotzat tabakismoa jo du. «Erretzea da arrisku-faktore aldagarri nagusietako bat. Tabakoak arteria-paretak kaltetzen ditu eta aterosklerosi-prozesua bizkortzen du, hain zuzen, gaixotasun kardiobaskular askoren azpiko kausa dena».
Bigarrentzat, per capita errenta handienak dituzten gizarteen epidemia isila: obesitatea. «Gorputzaren gehiegizko pisuak beste patologia batzuk sortzen laguntzen du, hala nola hipertentsioa eta diabetesa, eta, hortaz, arrisku kardiobaskularra areagotzen du. Biztanleriaren % 48k gehiegizko pisua du, eta % 15ek, obesitatea».
Aurrekoarekin oso lotuta dago 2. motako diabetes mellitusa. «Diabetesa, odoleko azukre-maila handia izatea bereizgarri duenak, arrisku-faktore handia da. Patologia hori prebenitzea eta, agertzen denean, dietaren eta sendagaien bidez eraginkortasunez kontrolatzea funtsezkoa da konplikazioak prebenitzeko».
Odoleko kolesterol eta triglizerido maila altuak gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua areagotzen duen ondo identifikatutako beste faktore batzuk dira. «Hiperlipidemia dietan aldaketak eginez eta sendagaiak erabilez kudea daiteke», adierazi du Ortiz de Salazar doktoreak.
Zerrendako azken zaldizkoa, nola ez, sedentarismoa da. «Jarduera fisiko erregularrik ez egiteak nabarmen handitzen du arrisku kardiobaskularra. Bihotzaren Espainiako Fundazioak gogorarazi duenez, pertsona bat sedentario bihurtzen denean, gaixotasun kardiobaskularra metatzen du aterosklerosi orokortu gisa, hau da, arteria koronarioetan ez ezik, organismo osoko hodi arterialetan ere».
Osasun kardiobaskularra arriskuan jartzen duten faktore horiek arrastoan sartuta edukitzeko prozedura egokia oso erraza da: jarduera fisiko erregularra, dieta osasungarria eta moderatua, eta estresaren kontrola. Erraz esateko modukoa da, baina pertsona batzuentzat ez da egiteko erraza izaten.
IMQ Zorrotzaurre Klinikako kirurgialari kardiobaskularrak jarduera fisiko erregularraz adierazi duenez, «egunean ordubete ibiltzeak nabarmen murriztu dezake arrisku kardiobaskularra. Astean 150 minutuz intentsitate ertaineko ariketa fisikoa egitea (erritmo azkarrean ibiltzea) nahikoa da arrisku kardiobaskularra murrizteko. Egunean 1.500 urrats gehituz gero, % 15 murriztuko da gaixotasun kardiobaskularra izateko arriskua». Erraza eta merkea da hori egitea, eta herritar gehienen eskura dago.
Dieta osasungarriari dagokionez, barazki, lekale, fruta, ale integral eta arrain ugariko dieta kontsumitzeak, dieta mediterraneoaren ereduari jarraituta, pisu osasungarria izaten eta kolesterol-mailak kontrolatzen laguntzen du.
Azkenik, estresa kontrolatzeko, hainbat teknika dago, hala nola meditazioa edo yoga, eta horiek estresa murrizten lagun dezakete. Halaber, arlo horretan aditu diren psikologiako profesionalen laguntza eskura daiteke. Ortiz de Salazar doktoreak gogorarazi duenez, «estresak gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua areagotzen du».
«Prebentzio eraginkorrak konpromiso pertsonala behar du. Medikuak hemen gaude gidatzeko eta informatzeko, baina nork bere osasunari buruzko erabakiak hartu behar ditu. Ohitura osasungarriak hartzeak bizi-kalitatea hobetzeaz gain, gaixotasun kardiobaskularren arriskua nabarmen murriztu dezake», amaitu du azaltzen IMQ Zorrotzaurre Klinikako Kirurgia Kardiobaskularreko espezialistak.
La mortalidad cardiovascular se sitúa en Euskadi casi tres puntos por debajo de la media estatal
Los especialistas abogan por realizar estudios del riesgo cardiovascular a partir de los 40 años en hombres y de los 50 en mujeres
La diabetes aumenta el riesgo de sufrir un evento cardiovascular