Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Ospitalez kanpo bihotz-biriketako geldialdia gertatzen zaien Euskal Herritarren % 80 baino gehiago hil egiten dira arreta mediko espezializatua jaso aurretik

14.10.2024

Ospitalez kanpo bihotz-biriketako geldialdia gertatzen zaien Euskal Herritarren % 80 baino gehiago hil egiten dira arreta mediko espezializatua jaso aurretik
  • Bihotz-biriketako Bizkortzearen Mundu Eguna, urriaren 16a, dela kausa, tailer praktikoa eman zaie Deustuko Merkatarien Elkarteko kideei IMQ Zorrotzaurre Klinikako entzunaretoan.

EAEn, ospitalez kanpo 850 bihotz-biriketako geldialdi inguru gertatzen dira urtean. Kanpoko desfibriladore automatizatuei buruzko prestakuntza eta horien instalazioa hobetzeko ahaleginak egin arren, ospitalez kanpo bihotz-biriketako geldialdia gertatzen zaien pazienteen % 80 baino gehiago hil egiten dira arreta mediko espezializatua jaso aurretik.

Oraintsuko azterlan baten arabera, euskal herritarren % 20.2 bakarrik sentitzen dira gai BBB egiteko, baina % 94.7k garrantzitsutzat jotzen du gaitasun hori izateak. Horrek erakusten du alde nabarmena dagoela larrialdiaren pertzepzioaren eta horretan jokatzeko benetako gaitasunaren artean.

Hori dela eta, Bihotz-biriketako Bizkortzearen (BBB) Mundu Egunaren esparruan –aurtengo leloa, “Munduko herritar guztiek salba dezakete bizi bat”–, IMQ-k BBB teknikei buruzko prestakuntzarekin duen konpromisoa indartu du eta tailer berri bat antolatu du Deustuko Merkatarien Elkarteko kideentzat, bihotz-geldialdirik gertatuz gero nola jokatu jakin dezaten, larrialdi mediko horrek milaka pertsonari eragiten baitie urtero.

Tailer horien hezitzaile Borja Rivasek, IMQ Zorrotzaurre klinikako erizain eta larrialdietako koordinatzaile denak, nabarmendu du zein garrantzitsuak diren jardunaldi horiek norberak beldurra gainditzeko eta egoera larri horietan eraginkortasunez jokatzeko: "BBB tailerrek pertsonei laguntzen diete beren beldurrei aurre egiten eta bihotz-geldialdietan jokatzen. Erabakigarria da guztiek jakin dezaten gure eskuekin bizi bat salba dezakegula".

Halaber, hau azpimarratu du: "Europan 300.000 bihotz-geldialdi inguru gertatzen dira urtean, eta Espainian, 30.000. Haatik, herritarren % 30ek ez daki BBB maniobrak egiten".

Rivasek, BBB tailer ugari eman dituenak, agerian jarri du teknika hori txikitatik irakatsi behar dela: "Ikastetxean BBB prestakuntza irakasteak matematika bezain oinarrizkoa izan beharko luke. Umeak “esponjak” dira, eta badira bihotz-geldialdi bat detektatu eta laguntza eskatzeko gai, eta hori funtsezkoa da".

Konpromisoa etengabeko prestakuntzarekin

IMQ-k merkatarientzako eta, oro har, herritarrentzako tailer praktikoak sustatzen jarraitzen du, gero eta pertsona gehiago gai izan daitezen BBB egiteko. "Etengabeko prestakuntza funtsezkoa da, bizkortzeko trebetasunak azkar galtzen direlako praktikatzen ez badira", azaldu du Rivasek.

Bihotz-biriketako Bizkortzearen Mundu Egunean, aurten ere, IMQ-k berriz ere dei egiten dio komunitateari doako prestakuntza-programa horietan aktiboki parte hartzeko eta biziak salbatzen laguntzeko. Izan ere, gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotza-kausa nagusia mundu osoan.

Patologia koronario batzuek bat-bateko heriotza eragin dezakete; izan ere, haien intzidentzia trafiko-istripuena baino handiagoa da. Urtean mila pertsona inguru hiltzen dira arrazoi horrengatik EAEn; hots, batez beste hiru pertsona hiltzen dira egunean, eta hirutatik bat 65 urtetik beherakoa da.

Adierazi behar da, biziraupenari begira, denbora faktore erabakigarria dela. Jokatu gabeko minutu bakoitzean % 10 jaisten da bizirik jarraitzeko probabilitatea. Egia esan, bihotz-masajearen maniobrak bost kasutatik batean bakarrik egiten dira garaiz, bihotz-biriketako geldialdia osasun-zentroz kanpo gertatzen denean. Hori da, hain zuzen ere, urriaren 16an Bihotz-biriketako Bizkortzearen Mundu Eguna gogora ekartzeko arrazoi nagusia.

Bihotz-masajea eta biziraupen-katea

Bizkortzeko teknikak “biziraupen-katea” izeneko ondoz ondoko ekintza-multzo baten parte dira. Pertsona bat konorterik gabe badago eta arnasa hartzen ez badu, lehen urratsa izango da larrialdi-zerbitzuei ohartaraztea, eta, ondoren, bihotz-masajeari ekitea eta, desfibriladore bat erabiltzea, eskura izanez gero, osasun-langileak iritsi arte.

Masajea egiteko, pazienteak ahoz gora etzanda egon behar du, gainazal gogor baten gainean. Bularrezurraren erdian egin behar da, gutxi gorabehera, bularren parean. Bizkortzailea biktimaren alde batean jarri behar da, eta eskuaren orpoa jarrera horretan jarri behar du. Beste eskua, gainean, atzamarrak gurutzatuta, bularrezurretik kanpo gera ez daitezen. Besoak luzatuta eta toraxarekiko zut jarri beharko dira, eta gorputza tente dagoela, pisua kargatu, ahalik eta esfortzu fisiko txikienarekin, ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko.

Konpresio/deskonpresio denboraren erlazioak 1:1 izan behar du, eta kadentzia, 100 konpresio inguru minutu bakoitzeko, eta sakonera, 5 eta 6 zentimetro artekoa.