Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Neurologoak eta pazienteak, migrainari aurre egiteko hautabide terapeutiko berrien zain

10.09.2024

Neurologoak eta pazienteak, migrainari aurre egiteko hautabide terapeutiko berrien zain
  • Gepanteak, CGRP, triptanak, ditanak, toxina botulinikoa, hantura-kontrakoak… botika-sorta ugaria, migrainari aurre egiteko.

  • Biztanleen % 12ko prebalentzia duenez, hirugarren gaixotasun ezgaitzaletzat jotzen da migraina, eta emakumeei eragiten die gehienbat.

Beste gaixotasun askotan ez bezala, zeinetan berrikuntza terapeutikoak nahi baino gutxiagotan gertatzen diren, migrainaren esparruko errepertorio farmakologikoak etengabe egin du gora azken urteotan. Are gehiago, berrikuntza garrantzitsuen atarian gaude, migraina pairatzen duten pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko.

IMQ-ko neurologo Fernando Velascok, Migrainaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta (urtero, irailaren 12an gogora ekartzen da), espezialista medikoen agindupean migraina dutenen tratamenduan erabiltzen diren kasuan kasuko botikak xehe-xehe azaldu ditu.

Migrainaren krisi akutuen eta noizean behingoen tratamendua

«Noizean behingo migraina-krisiak –migraina-krisi isolatuak, hilean behin, bitan edo hirutan– dituztenei ahotiko tratamenduak agindu ohi dizkiete, krisiak tratatzeko. Hala, duela urte askotatik triptanak izeneko botikak daude, gaur egun migraina tratatzeko medikamentu eraginkorrenak. Bestalde, krisi arinetarako tratamendurik ohikoena hantura-kontrakoak dira, hala nola ibuprofenoa edo naproxenoa», adierazi du sendagileak.

Hala ere, beti egongo da krisiaren tratamenduari –triptanak barne– erantzuten ez dioten pazienteen ehuneko bat. Gainera, botika horiek —triptanak— hainbat kontraindikazio dituzte arazo kardiobaskularrak dituzten pazienteentzat, batez ere, kardiopatia iskemikoa. «Kasu horietan, duela urtebetetik hona, ditanak izeneko tratamendu bat dago eskuragarri. zehazki, lasmiditan izenekoa merkaturatu da, triptanen bidezko tratamenduari erantzuten ez dioten edo triptanak erabiltzeko kontraindikazioa duten pazienteen krisi larrietarako egokia dena», azaldu du Fernando Velasco doktoreak.

Prebentziozko tratamendua krisiak maiz –hilean lautik gora– gertatzen badira

Pazienteek maiz krisiak dituztenean –hilean lautik gora–, prebentziozko tratamendu bat agintzen zaie, egunero hartu beharrekoa, gertakarien maiztasuna eta intentsitatea murrizteko.

«Lehenengo, ahotiko botikak erabili ohi ditugu, hainbat talde farmakologikotakoak.  Pazientearen ezaugarrien eta migraina-motaren arabera agintzen ditugu tratamenduak. Paziente gehienek erantzun ona dute ahotiko tratamenduetan, baina, beste patologietan bezala, paziente batzuek ez dute espero bezala erantzuten», gehitu du IMQ-ko neurologoak.

Paziente-talde horretarako, duela urte batzuetatik, botox-infiltrazioak (toxina botulinikoa) erabiltzen hasi ziren. «Ahotiko tratamenduekiko errefraktario diren pazienteei, hau da, ahotiko tratamenduei erantzuten ez dietenei eta migraina kronikoa dutenei —ia egunero dute buruko mina—, toxina botulinikoaren infiltrazioak egiten dizkiegu. Hautabide terapeutiko horren bitartez, onurak lortzen ditugu pazienteen % 60 edo % 70 ingururengan». Toxina buru, lepo eta sorbalda inguruko toki batzuetan infiltratzen da.

Duela lau urtera arte, ahotiko prebentziozko botikei eta toxinari erantzuten ez zieten pazienteak tratamendu-alternatiba argirik gabe geratzen ziren. Talde horretarako, hain zuzen, anti-CGRP antigorputzak agertu ziren, kaltzitoninaren genearekin loturiko peptido direnak. «Botika-multzo hori larruazalpetik edo zain barnetik ematen da. Migraina-krisietan asko igotzen den neurotransmisore hori (CGRP) blokeatzean datza. Farmako horiek maiz migraina-krisiak dituzten pazienteentzat dira egokiak, ahotiko prebentziozko farmakoen bidezko tratamenduari erantzun ez diotenak eta, gainera, toxina botulinikoaren bidezko tratamenduari behar bezala erantzun ez diotenak. Talde horren lau osagaiak hauek dira: fremanezumab, galcanezumab, eptinezumab eta erenumerab», zerrendatu ditu IMQ-ko espezialistak.

Aurrerapen nabarmen hori gorabehera, pazienteen ehuneko batek –gero eta txikiagoa– ez dio adierazitako tratamenduei espero bezala erantzuten. Hala bada, talde farmakologiko berri bat merkaturatzeko zain gaude –gepante izenez ezagutzen direnak–, eta osasun-agintariek dagoeneko onartu dute eta laster erabilgarri egongo da. «Gepanteek CGRP neurotransmisorean ere eragiten dute, baina haren efektua blokeatzen duen antigorputz monoklonala izan beharrean, CGRParen efektua antagonizatzen du». Horien bitartez, hortaz, gaur egun dauden baliabide terapeutikoetan aringarririk aurkitzen ez duten pazienteen ehuneko txiki horri alternatiba berri bat ematea espero da.

Migrainak jotako pertsona, migranoso jaio ala egiten da?

Migrainak jotako pertsona askok beren buruei galdetzen diote zergatik dituzten migrainak, zergatik duten buruko mina. «Neurologook esaldi bat esan ohi dugu: burmuina migrainoso jaiotzen da. Hots, ez dago kausa zehatzik. Ingurumen- eta genetika-faktoreak egon badaude, baina badirudi migrainak jotako pazientearen garuna migraina-krisiak izateko prest jaio dela. Horrela, estimulu jakin batzuekin edo abiarazle jakin batzuekin gaixotasunaren mekanismoa martxan jartzen da.

Fernando Velasco doktoreak, halaber, nabarmendu du gero eta kontsulta espezializatu eta zefale-unitate gehiago sortzen ari direla ospitaleetan, bai Espainian, bai Euskadin, osasun publikoan eta pribatuan. Era berean, ikerketa «oso aktiboa» egiten ari dela azpimarratu du, «pazienteen osasuna eta bizi-kalitatea are gehiago hobetzeko beste itu terapeutiko batzuk lortzeko».

Buruko min bat baino gehiago

Migraina gaixotasun oso ohikoa da. Migrainaren prebalentzia munduko biztanleriaren % 12koa da. Emakumeei eragiten die gehienbat: munduko bost emakumetatik batek migrainak izango ditu. Prebalentzia, beraz, txikiagoa da gizonengan: 16 gizonetatik batek. Umeei ere eragiten die: 11 umetatatik batek izango ditu migraina-krisiak. Halaber, lau etxetatik batean dago migrainak jotako pertsona bat.

Gaixotasun oso ezgaitzailea da, batez ere, migraina kronikoak. Izan ere, hirugarren gaixotasun ezgaitzaletzat jotzen da migraina,

Haatik, oro har, iritzi publikoaren zati baten aburuz, migraina buruko mina besterik ez da. Baina ez da horrela: «buruko minak badu garrantzia. Migrainaren sintomarik ohikoena da. Baina migraina ez da buruko mina bakarrik. Mina ez ezik, badira beste sintoma batzuk ere, hala nola goragalea, gorakoak, digestio-arazoak eta hainbat estimulurekiko –argia, usainak edo soinuak– hipersentikortasuna, buruko mina bera bezain ezgaitzaileak izan daitezkeenak», amaitu du azaltzen IMQ-ko neurologoak.