Iradokizunak
09.09.2021
«Europan nahiz Ameriketako Estatu Batuetan egin diren azterlan epidemiologiko batzuen arabera, biztanleen % 12 inguruk du migraina. Datu horrek esan nahi du Estatuan 5 miloitik gora pertsonek dituztela zefaleak eta Euskadin, 260.000 pertsona baino gehiagok». Adierazpen horiek IMQ-ko neurologo Alfredo Rodríguez-Antigüedadek egin ditu, irailaren 12a Migrainaren aurka ekiteko Nazioarteko Eguna dela eta.
Espezialistak jakinarazi duenez, «paziente horien % 80 inguru emakumeak dira; gehienak, 20 eta 40 urte artekoak». Sendagileak zehaztu duen bezala, «aldaketa hormonalek zerikusia dute migrainarekin; izan ere, horren maiztasuna handiagoa da ziklo mestrualaren une jakin batzuetan eta gutxiagotu egiten da menopausiaren ondoren. Umeengan, pubertarora arte, ez da horrelako ezberdintasunik gertatzen».
Prebalentzia handikoa eta desgaitzailea
Global Burden of Disease (Estudio de la Carga Global de las Enfermedades) aztelanaren arabera, munduan prebalentziarik handiena duen seigarren gaixotasuna da migraina edo buruko mina; gaixotasun kronikoa da, buruko min handiko gertakariak eragiten ditu eta luze dirau, lau ordutik gora zenbaitetan.
«Buruko min mota hori taupakaria da maiz, buruko alde batean bakarrik eragin ohi du, zarata eta argiarekiko jasanezintasuna dakar, eta harekin batera digestio-sintomak ager daitezke, hala nola goragaleak edo goitigaleak. Horren guztiaren ondorioz, buruko mina dutenek nekez egiten dituzte eguneroko bizitzako jarduerak; zailtasunez, lan egin; hortaz, patologia oso desgaitzailea da», adierazi du IMQ-ko Neurologiako espezialista eta Espainiako Neurologia Sozietateko (SEN) presidente ohia denak.
Zefalea ordu batzuen buruan konpontzen da, «batzuetan, loak hartu ondoren», eta sintomen arabera, honela sailka daiteke: aurarik gabeko eta auradun migraina. Halaber, migraina episodikoa eta migraina kronikoa bereiz daitezke. Eta paziente askok, buruko mina agertu baino ordu batzuk lehenago, sintoma iragarle ez-espezifikoak dituzte.
‘Auradun migraina’ izenekoan, «zefalea agertu aurreko minutuetan sintomak (“aura”) agertzen dira, ikusmenarekin loturikoak (fotopsiak, ikusmenaren akatsak edo distortsioa,...) edo sentikortasunaren nahasmenduak, gehienbat, aurpegian eta eskuetan. Zefalea gertakari horiek aldizka errepikatzen dira, maiztasun handiago edo txikiagoarekin».
Diagnostikoa
Eskuarki, «migraina gertakari bakoitza oso esperientzia desatsegina denez, sendagaile baten arreta behar izaten du». Migrainaren diagnostikoa klinikoa da batik bat, hots, «pazienteak adierazten dituen sintomak oinarri hartua ezartzen da, hala nola hainbat ezaugarri dituzten zefalea gertakari errepikariak. Pazienteak adierazten dituen sintomak ohikoak ez badira, buruko minean aldaketak gertatzen badira edo miaketa neurologikoa anormala bada, beste gaixotasun batzuk dauden baztertu beharra dago», azpimarratu du Rodríguez-Antigüedad doktoreak.
Migraina agertzea eragin dezaketen eragileak
«Estresa, lorik eza, elikagai batzuk, alkohola edo usain batzuk dira gaixo askorentzat migrainaren maiztasuna handitzen duten edo migraina pizten duten eragile argiak. Paziente bakoitzak jakin behar du zeinek eragiten dion –pertsonen arabera aldatzen baitira–, horiek ekiditeko». Elikagai batzuek, esaterako, txokolateak, gazta batzuek edo botika batzuek ez dute ondorio bera migraina duten paziente guztiengan. «Oso garrantzitsua da migrainak eragiten dituzten kausak edo maiztasuna handitzen dituztenak zein diren jakitea eta ekiditea».
Tratamenduak
Migraina gertakari bakoitzerako mina eta digestio-sintomak arintzen dituzten botikak erabiltzen dira. Amaitzeko IMQ-ko neurologoak adierazi duenez,«buruko mina maiz errepikatzen denean, hainbat sendagaik murrizten du. Tratamendu prebentiboak kronikoak dira eta ekintza-modu ezberdinak dituzte: depresio-kontrakoak, epilepsia-kontrakoak, beta-blokeatzaileak, toxina botulinikoko injekzioak,…. Dena den, praktika klinikoan tratamendua banan-banan ezarri behar da, hots, paziente bakoitzarengan buruko mina hoberen kontrolatzen duena bilatu eta, beharrezkoa denean, maiztasuna murrizten duen hori».
Un 12% de la población europea padece migraña