Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Dolua gainditzea eta bakarkako bizitzari ekitea

22.06.2023

Dolua gainditzea eta bakarkako bizitzari ekitea
  • Silvia Gonzálezek, IMQ-ko psikologoak, gomendio batzuk proposatu ditu dolu egokia egiteko, bakarrik bizitzen hasteko eta alargunek eta beren seme-alabek elkarri laguntzeko.

Eragin al dezake bikotekidea galdu izanak dakarren tristurak alarguna hiltzea? «Bai, bihozminez hil daiteke, bizirik gabe bizitzeagatik, egunero sufritzeagatik. Haatik, kontuan hartu beharra dago pertsona batek doluari modu osasungarriaz ala ez aurre egitea baliabide emozionalen araberakoa  dela», adierazi du Silvia González Martínezek, IMQ-ko ume, gazte eta helduen psikologoak, ekainaren 23a Emakume Alargunen Nazioarteko Eguna gogoan izateko esparruaren barruan.

Nazio Batuen Erakundeak zehaztu zuen egun hori, «munduan 258 miloi emakume alargun baino gehiago badaude ere, historikiki, egungo gizartean emakume horiek ez direlako nabarmentzen, ez dutelako ez laguntzarik ez neurririk beren alde».

Baina, nolakoa da dolu prozesua kasu horietan? Psikologoak azaldu duenez, doluak berak mina dakar berekin, saihetsezina da. «Alarguna “tunel ilun” batetik igaroko da; hortik igaro beharra dago, triste egon beharra, beldur izan, ezintasuna sentitu eta aurrera egin. Litekeena da lehen gozatzen zituen gauzez gozatzea kostatzea, aldi batez, baina egunero norberaz arduratzea funtsezkoa izango da jarriatzeko eta ongizatea lortzeko. Galerarekin konektatzean mina sentituko da beti, baina pertsonak, behintzat, sufritu gabe ez bizitzea aukeratuko du».

Sufrimendua, mina ez bezala, aukerakoa da, saihets daiteke; «inkontzienteki hauta dezakegu, tristura intoxikatzen duten elementuetan eroriz, tristura horretatik arrastaka eramaten utziz edo zoritxarreko edo biktima egiten gaituenera atzeraelikatuz» adierazi du.

Bikotekidea hiltzen denean, alarguna ez da galerarekin etxean bakarrik konektatzen, kontuzko egoerak bizi izaten ditu, hala nola bazkariak, ekintza sozialak edo oporrak lagunekin. Horren haritik, hau gehitu du IMQ-psikologoak: «gainera, etxeko ekonomia agian ez da berdina izango eta kezka gehiago sor daitezke, edo, beste alde batetik, litekeena, nahiz eta “txikiak” izan, min eta ahalegin handia dakartzaten zereginei aurre egin behar izatea, bikotekidea arduratu ohi zelako horietaz».

Dolu egokia egiteko gomendioak

Silvia Gonzálezek esan bezala, garrantzitsuena da emozioak orekatzea eta nork bere buruari horiek iristen uztea, hots, onartzen uztea. «Emozioek bizirauten laguntzen digute, hortaz, guztiak dira onargarriak. Ulertzen baduzu ez dagoela emozio negatiborik, baizik eta desatseginak (tristura, beldurra, amorrua, errua), hobeto kudeatu ahal izango dituzu, ez baitituzu negatibotzat hartuko. Tristura onartu behar da, inoiz ez gozatzea».

Emozioen kudeaketa egokia izan dadin, «funtsezkoa da nork bere burua baliagarri, baliotsutzat  hartzea, autoestimua areagotzea, alegia, bere kabuz molda daitekeela sentitzea eta hori egunero egiaztatzea». Beste alde garrantzitsu bat orainari erreparatzea da: «Normala da iraganera jotzea, pertsona horrekin bizi izan dugunagatik, malenkoniatik, eta etorkizunera, etorriko denaren ziurgabetasunagatik. Hemen eta orain egoteak, galeratik gertatzen ari denarekin konektatzeaz gain, gaur “nire onerako egin dezakedanarekin” ere lotzen gaitu, hau da, arreta orainean jartzeak barne-kontrolarekin konektatzen lagunduko digu».

Errutina ere beharrezkoa da IMQ-ko psikologoaren aburuz. «Ordena, ordutegiak eta erantzukizuna ematen ditu egunerokoak». Errutinak markatuko du geure buruak eusteko egitura, batez ere, emozionalki ahulago gauden egunetan. Sozializatzera eta gainerakoekin  harremanak izatera ere bultzatzen gaitu. «Izaki sozialak gara. Besteen maitasuna eta maitazarrea izango dira une horretan antidotoetako bat. Ingurukoek gu laguntzen uztea ere autozainketa da. Gainera, gure garunak endorfinak, serotonina, dopamina eta maitasunaren hormona den oxitozina jariatzen ditu», xehatu du adituak.

Beste gomendio batzuk dira «emozioak gorputzetik deskargatzea eta finkatzea. Ariketa fisikoaren bidez, endorfinak sortzen ditugu, eta horiek behar-beharrezkoak dira ongizaterako. Era berean, naturarekin harremana izatea eta arreta zerbait berria ikastean jartzea, arreta ilusiora eta energia positibora bideratzen baitugu horrela. Izan ere, eskuekin egindako lanak orainarekin konektatzen eta horretan arreta jartzen laguntzen du».

Bakarrik bizitzen hasteko gomendioak

Egoera berria inposatu egin da, eta onartu besterik ezin da egin nolabaiteko bakearekin bizi ahal izateko. Horregatik, ezinbestekoa da alargunak bidaia edo afari batera lagunekin eta beren bikotekideekin joatea planik onena ez dela jakin arren, agian etxean geratzea baino hobea dela, horrek ezer ekartzen ez badu ere. «Alarguna 4 edo 5eko gogo-aldartearekin sentitzen bada, litekeena da plan sozial hori komeni izatea. Hori bai, 3rekin sentitzen bada, agian hobe du etxean lasai egotea». Gainera, norberaren emozioak kudeatzeko ahalegin guztiak egiten ari direla jakiteak «gogobetetasuna sortuko dio, betiere bere burua aintzat hartzen badu».

Dena den, hau zehaztu du Silvia González Martínezek: «emozioak mugatzailetzat sentituz gero, hots, doluan dagoen pertsonaren bizitzako arlo guztiei eragiten badiete emozioek, edo denbora asko ematen bada ondo egoten, komenigarria izango litzateke laguntza profesionala eskatzea eta terapia psikologiko bat hastea».

Gomendioak seme-alabekin

Azkenik, seme-alabarik izanez gero, helduak badira, laguntza onartzeko gomendatzen die adituak alargunei: «amak eta seme-alabek elkar babes dezatela, ahal bada, talde trinkoa eratuta. Guztiak, nork bere rolean, egoera bera igartzen ari dira, eta nork, haien aldean baino hobe, elkarri laguntzeko».

Seme-alabak ume badira, IMQ-ko psikologoak sentimenduak ez ezkutatzeko gomendatzen du. «Kontua ez da haiek babesteko asmoz sentitzen dena estaltzea, ezta burutik pasatzen den guztia hitzez adieraztea ere. Emozio bakoitza normalizatu eta naturalizatu egin behar da. Negar egitea beste adierazpen bat da, barre egitea bezala. Hori bai, umeei lasaitasuna eta segurtasuna eman beharko zaizkie beti, eta gertatzen ari dena azaltzea».

Sentitzen dena marrazteak emozioak adierazten eta egoera hobeto bideratzen lagun dezake. Silvia González emozioak onargarritzat hartzearen alde agertzen da, direnak direla: «horrela sentitzen da, eta emozioak beti izango dira onargarriak».

Seme-alabaren bat ikuspegi emozionaletik barnerakoia edo isilkorra bada, «ezagutaraz dakioke ama hor dagoela, eta sentitzen duen sentimendu oro adieraz dezan espazioa eskaintzea. Ama, alargun gisa, mintzatzen ari zaionez, litekeena da umeak enpatia sentitzea eta ulertua sentitzea, bera ere berdin sentitzen delako, amaren modu berean. Hortaz, zeharka, semeari edo alabari lagunduko dio amak sentitzen duena hobeto ulertzen edo, are gehiago, bere sentimenduak hobeto kudeatzen», amaitu du azaltzen IMQ-ko ume, gazte eta helduen psikologoak.