Iradokizunak
27.07.2023
«Adiskidetasunaren Nazioarteko Egunean, saia gaitezen ahalik eta harreman afektibo gehien aintzat hartzen eta zaintzen, gure bizitzak aberats dezaten eta etorkizun hobea ekar diezaguten». Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusi ohi Ban Ki-moonen hitzak gaur egun ezin izango genituzke ulertu sare sozial digitalen presentziarik gabe. Izan ere, urtero, uztailaren 30ean, Adiskidetasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko data horren sustatzaileen aburuz, adiskidetasuna definizio honetan ere oinarritzen da: «munduko gizaki ororen bizitzaren sentimendu zintzoa eta baliotsua».
Haatik, Donostiako IMQ Zurriola zentro medikoko psikologo Íñigo Ximénezek adierazi duen bezala, inguru digitaleko adiskidetasunari buruzko ikerlanak, sare sozialek harremanen kalitatean duen eragina aztertu duenak, ondorio batzuk ateratu ditu, eta horiek kontuan hartu beharko dira.
Adituak azpimarratu duenez, onlineko teknologia berriek «pertsonen arteko sare sozialak ugaritzea» errazten dute, eta «distantzia geografikoagatik edo oztopo kulturalengatik» bestela eskuragaitzak izango liratekeen adiskideak izatea ahalbidetzen.
Psikologoaren aburuz, sare sozial digitalek «zeregin garrantzitsua dute» distantzia luzeko adiskidantzazko harremanak sortzeko. Izan ere, pertsonei aukera ematen diete «harremanetan egoteko, esperientziak partekatzeko eta elkarri laguntzeko», haien artean distantzia geografiko luzeak egon badaude ere.
Halaber, onlineko sare sozialek plataforma egokia ematen dute lagun berriak egiteko.
«Personak elkarrekin harremanetan jartzen dira, antzeko zaletasunak dituztenak ezagutzen dituzte, onlineko taldeak sortzen dituzte eta alegiazko komunitateetan parte hartzen dute. Horren guztiaren ondorioz, harreman berriak errazago sortzen dira, batez ere, lotsatiagoak direnen edo zuzeneko tratuan sozializatzeko zailtasunak dituztenen artean», azaldu du Íñigo Ximénezek.
Hala ere, IMQ-ko psikologoak azpimarratu du onlineko sare sozialek harremanen kalitateari eragin diezaioketela. «Hainbat azterlanek adierazi dute onlineko adiskideekiko harremanak ez direla hain estuak eta lagun horien laguntza emozionala txikiagotzat jotzen dela», aurrez aurreko harremanekin alderatuta.
Hori gerta daiteke «onlineko komunikazioak mugak dituelako; esaterako, ez dago hitzik gabeko komunikaziorik eta zaila da emozioak interpretatzea». Onlineko harremanak idatzizko komunikazioan eta eduki partekatua bistaratzean oinarritzen dira, eta horrek guztiak muga ditzake «emozioak adieraztea eta gainerakoen asmoak behar bezala interpretatzea».
Testu-mezuek edo sare sozialetan idazten diren iruzkinek askotan ez dute gorputz-hizkuntzarik, doinuerarik eta hitz gabeko bestelako alderdirik, komunikazio «osoa eta zehatza» izateko «funtsezkoak» direnak. Hortaz, onlineko harremanak ez dira hain estuak eta gaizki-ulertuak sor ditzateke.
Era berean, sare sozial digitalek une alaiak eta tristeak partekatzeko plataforma ematen badute ere, «iruzkinen eta “gustatzen zait” direlakoen bidez jasotzen den erantzuna hutsala edo aurrez aurreko elkarrekintzen enpatiarik eta benetako laguntzarik gabea iruditu daiteke».
Irungo IMQ Teknia zentro medikoko psikologoa ere badenaren aburuz, «ukimena, gertutasun fisikoa eta bestearen aurpegian emozioak irakurtzeko gaitasuna funtsezkoak dira lotura emozional sendoak sortzeko eta, askotan, alde horiek ez dira onlineko elkarrekintzetan gertatzen».
Amaitzeko, honetaz ohartarazi du: «sare sozialetan nork bere burua gainerakoen aurrean gehiegi erakusteak alderaketa sozial kaltegarriak eta norberaren lagunekiko inbidia edo asegabetasun sentimenduak sor ditzake».
Íñigo Ximénezek adierazi du, bukaera gisa, oro har, esan daitekeela onlineko sare sozialek «eragin handia» izan dutela pertsonek lagunak egiteko eta izateko moduan. «Ingurune digitalak lotura sozialak izateko aukerak ugaritu baditu eta distantzia luzeko harremanak izatea erraztu badu ere, erronkak ere baditu eta adiskideen kalitatean eragina izan dezake. Aitortu beharra dago onlineko harremanak eta aurrez aurrekoak orekatzeak duen garrantzia, eta jabetzeak sare sozialek gure osasun sozialari eta emozionalari eragin diezaieketela».
Tres preguntas para descubrir una amistad tóxica
Las restricciones sociales de la pandemia ponen a prueba la calidad de las relaciones de amistad