Iradokizunak
08.11.2021
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko 78 ikaslek, Medikuntza eta Erizaintza gradukoek, lekuan bertan, hots San Mamesen, hasi dute prestakuntza, Athletic Cluben partidak jokatzen diren bitartean osasun-gertakaririk izanez gero nola jokatu ikasteko eta jarduteko protokoloak ezagutzeko.
Ikasleak, bost koordintzailek zuzenduta, Athletic Clubeko zerbitzu medikoetako buru Josean Lekue sendagileak, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko irakasle Juan Gondrak, klub zuri-gorriko Segurtasun zuzendari Pedro Peñak eta IMQ-ko Prestazio arloko arduradun Jon Mendigurenek hartu zituzten Katedralean.
2021-2022 denboraldiko ikasleei ongietorria egiteko hitzaldian, Venia Docendi (administrazio-izaerako baimen akademikoa, titulu ofizialetan irakaskuntzan laguntzeko beharrezkoa) eman zitzaien joan den denboraldian ikasleen koordintzaile izan ziren 8 profesionalei. Aldi berean, aurkezpenean, Gondra irakasleak eskerrak eman zizkion Fernando Ortega UPV/EHUko irakasleari, San Mamesen ikasleen tutore izateari utziko diolako, lan horretan 20 urtez aritu ondoren.
Mintzaldiaren ostean, akreditazioa eta ekipamendua eman zitzaizkien ikasleei (nikia, kirol-jertsea, anoraka eta osasun-motxila), eta koordinatzailea esleitu. Horrek berariazko jarduketa-gunea erakutsi zien; izan ere, horretara joan beharko dira San Mamesen jokatuko diren partidetan, zaleen, gonbidatuen eta jokalarien osasun-segurtasuna zaintzeko. Halaber, instalazio guztiak ikustera eraman zituzten ikasleak, ondo baino hobeto ezagut ditzaten, batez ere, erizaindegiak (5 periferiko eta nagusi bat).
IMQ-k urtero antolatzen ditu Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko ikasleentzako praktikak. Izan ere, Athletic Cluben osasun-aseguratzaile ofiziala da erakundea eta jokalarien eta San Mameseko ikusleen osasun-arretaz arduratzen da, talde zuri-gorriarekin eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatearekin duela 20 urtez geroztik sinatu dituen hitzarmenei esker.
Ikasle horien egitekoa da behar izaten duen pertsona orori lehen arreta ematea, baita ikusleak zaindu eta horien edozein larrialdi-seinaleri adi egotea ere. Halaber, laguntza eskatzen duen pertsona ororen egoeraren lehen balorazioa egiteaz, osasun-langileei egoera horren berri berehala emateaz eta osasun-laguntza ematen laguntzeaz arduratzen dira, IMQ-ko asistentzia-dispositiboko osasun-langileek gainbegiratuta.
San Mamesen eman diren osasun-laguntzak
59 pertsonari eman zitzaien osasun-arreta San Mamesen 2019-20 denboraldian: 45, lekuan bertan artatu ziren, eta gainerako 14ak anbulantzian eraman ziren ospitaleetara.
Arretarik ohikoenak hauek izan ziren: traumatismoak (10 kasu) eta, ondoren sinkopeak (6), zauriak (5), zorabioak (5) eta buruko minak (3).
Covid-19aren pandemiak 2020ko martxoaren hasieran eten egin zuen denboraldia, eta 2020ko ekainaren erdialdean berriro ekin zitzaion, baina estadiora ikuslerik bertaratu gabe. Harrezkeroztik, IMQ-ko osasun-langileek oso asistentzia gutxi eman zuten partidetan, bi gertakari baino ez baitziren izan (telebista-kamerari bat eta San Mameseko langile bat).
San Mamés, estadio segurua
Pandemia betean, San Mames estadioak UNE 179.003 ziurtagiria berritu zuen IMQren eskutik. Ziurtagiri horrek Bilboko estadiora bertaratzen diren guztiei osasun- eta segurtasun-irizpide eta -neurri guztiak betetzen direla bermatzen die.
Lehen ziurtagiriaren eskutik –2017an lortu zen–, eta Igualatorio Médico Quirúrgico-k ematen dion osasun-laguntzari esker, San Mames segurtasun-agiri hori lortu zuen Europako lehen estadioa izan zen; hortaz, 50.000 ikusletik gorako edukieradun estadio batean ekitaldi jendetsuak egiteak dakartzan arriskuak murrizteko oinarriak jarri zituen orduan.
Urtez urte, agerian utzi da, kanpo-ikuskapenen bidez, bi erakundeetako ehun profesional ingururen inplikazioa eta esku hartzen duten estamentuen koordinazioa oinarri dituen sistemaren sendotasuna. Izan ere, horiek guztiek etengabe aztertzen, sustatzen eta hedatzen ari dira hobetzeko ekimen berriak.
IMQ atendió en San Mamés, el estadio más seguro de Europa, 88 urgencias durante la temporada 2018-19
San Mamés renueva en plena pandemia la certificación de seguridad sanitaria del estadio de la mano de IMQ
El Athletic renueva hasta 2023 el acuerdo con IMQ como aseguradora médica oficial