Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Etxeko Gabonetako jaiek sare sozialen erabileraren gorakada ekar dezakete

23.12.2020

Etxeko Gabonetako jaiek sare sozialen erabileraren gorakada ekar dezakete

 

Eskolako oporraldia hasi ostean, eta inoiz ez bezalako Gabonetako jaiak iristear daudela, seme-alabek nola igaroko dituzten darabilkie buruan gurasoei. Horiek horrela, IMQ-ko psikologo Carolina Lavanderok gogorarazten du nerabeekin “agian zailtasun gehiago egon daitekeela. Murrizketak direla bide frustratuago senti daitezke, arau batzuk urratzeko gogoa eduki dezakete, kokotaraino daudelako, eta seguruenik lagunekin harremanetan egoteko sare sozialetan gogoz arituko dira”.

Profesionalak aholkatu duenez, “jasanberak izan behar dugu haien beharrekin, ulertu behar dugu egoera hau elkarrekin harremanak izatea guztiz beharrezkoa den aroan, nerabezaroan, alegia, egokitu zaiela, eta, aldi berean, zorrotzak izan behar dugu guztion ongiarekin zerikusia duten alderdiei dagokienez. Gomendatzekoa da, hortaz, haiekin naturaltasunez mintzatzea, horiek ulertzen saiatzea, erantzukinik gabe. Une horretaz aprobetxatu beharra dago elkartasunaz eta onberatasun partekatuaz mintzatzeko. Pandemia honek guztioi berdin eragiten digu; batzuek beste batzuek baino gehiago sufritu dute, baina guztiok ukitzen gaitu”.

IMQ-ko psikologoak adierazi du lagungarria izan daitekeela nerabeei azaltzea “gizakion ikuspegitik, heldu direnez, planteamendu interesagarria hau dela: zer egin dezaket egoera hobetzeko? Zerbait egin dezaket birusa lehenbailehen desager dadin? Erantzuna baietz da. Arauak betetzea, etxera berandu iristeko hurrengo Urtezahar-gauera itxarotea, egonarria izatea. Eta, horrela, laster partekatuko dute berriro kuadrillarekin benetan behar duten moduan. 2020. urteko bizitzak ez die erraz jarri gure nerabeei”, adierazi du.

Zenbat eta gazteago izan, orduan eta moldatzeko gaitasun handiagoa

Ume guztiek, salbuespenik gabe, moldatzeko gaitasun “itzela” dute, eta horrela erakutsi dute pandemiako hilabeteetan; “txaloetako batzuk haientzat izan beharko ziren”, adierazi du IMQ-ko psikologoak “Gabonetan gure zeregina da prozesu horretan beren ondoan egotea. Heldu gisa, gurasoen egitekoa da haiei naturaltasunez hitz egitea eta galdera guztiei erantzutea, beren adin eta gaitasunaren arabera. Komenigarria da nola sentitzen diren libreki adieraz dezaten uztea”.

Bestetik, “ez da egokia Gabonetan ezergatik ordainkatzea; Olentzero edo Errege Magoentzako opari-zerrendak beti izan den bezalakoa izan behar du. Zerbaitetan tristura konpentsatu nahi bada –guraso garanez, umeek hori sentitzeko beldurra egon daiteke–, egokiagoa izango litzateke nork bere burua berrasmatzea, bere onena emanez, pandemia-hilabete hauengatiko asperraldia izozkailuan utzita eta pazientzia handiagoa hartuta, umeei lasaitasuna, konfiantza eta, nola ez, dibertsio pixka bat transmititu ahal izateko”.

Halaber, psikologoak teknologia berriez baliatzearen alde agertzen da, “umeek lehengusun minarekin edo aititerekin gabon-kanta abes dezaten edo amama irribarretsuarekin mahatsak jan ditzaten, pantaila baten bitartez bada ere”.

Emozioak

Era berean, hau adierazi du Carolina Lavanderok: “emozioen munduan, denak balio du, ez dago emozio debekaturik (beldurra, haserrea, frustrazioa). Azaleratzen badira, bideratzen lagundu behar diegu umeei. Jakin behar dute, hala bada, gu ere batzuetan horrela sentitzen garela, hau guztia noizbait amaituko dela. Familia familia dela, oraingo honetan elkarrekin egoterik ez badugu ere. Baina, ziur aski, etorkizun hurbilean, urrutikoan baino, elkarrekin egongo gara, eta berriro elkartzea festa bat izango da. Bestalde, gurasoen emozioak ere kontuan hartu behar dira; azken finean, seme-alaben ispiluak dira haiek”.

Dolua Gabonetan

Familia askok pertsona maite bat galdu dute azken hilabeteotan.“Garrantzi handia du pertsona hori nolabait gogoan izatea, familiakideek behar badute. Ez aipatzeagatik ez da bihozmina saihestuko; aitzitik, ez badugu aipatzen gehiago sentituko da haren hutsunea. Nork bere premia emozionalak ditu”.

Adituak adierazi duenez, “komeni da nork bere izaeraren arabera hitz egiteko aukera ematea. Sinbolikoak adierazten laguntzen digu. Amama agian ez dago, baina mahai gainean piztutako kandela batek hura hurbil sentitzen lagun diezaguke, edo bere kolore gustukoena duen izar berri bat zuhaitzean jartzeak, … Behartu gabe”.

Azken finean, amaitu du azaltzen IMQ-ko psikologoak, “pentsa dezagun guztiok, umeek nahiz helduek, sentituko dugun guztia normala dela, eta besarkada batek, irribarre batek eta turroi-puska goxo batek, etxeetan argi pixka jarrita, pandemia luze honetaz nazkatuta dauden haur eta helduak kontsolatu ditzaketela. Viktor Franklen hitzetan, «Kanpoko baldintzek dena ken diezagukete, gauza bat izan ezik: baldintza horiei nola erantzun aukeratzeko askatasuna»”.