Iradokizunak
14.12.2018
• Gehiegizko azukreak gluzemia-deskonpentsazioa eragin dezake; gehiegizko gantzak, behazun-kolikoa; tripakadak, gehiegizko triglizerido-igoera eta horrek, pankreatitisa …
• Gabonetako janari ospakizunen gonbidatuei elikaduragatiko intolerantziarik edo alergiarik duten galdetzea ez dago soberan.
• Polboroiek eta fruitu lehorrek eztarriko trabamendua gertatzeko arriskua areagotzen dute; hortaz, gomendatzeko modukoa da umeek eta adinekoek ez hartzea.
Hain kaltegarria al da Gabonetako janari ospakizunetan asebete arte jatea, urtean hiruzpalau egunetan bakarrik egiten bada ere? “Gehiegi jaten denean, gure gorputzak gehiegizko esfortzua egin behar izaten du, digestioa nekeza eta motela izaten da eta arriskuak gehitzen dira. Esaterako, gehiegizko azukrea hartzeak gluzemia-deskonpentsazioa eragin dezake; bestetik, gehiegizko gantzak, behazun-kolikoa; tripakadak, gehiegizko triglizerido-igoera eta horrek, pankreatitisa”, azaldu du la IMQ-ko endokrinologo Nerea Gilek.
Baina, arrisku gehiago dago –psikosozialak–, Gabonetako janarietan kontuan hartu beharko direnak. “Bai, Gabonetan, heriotza kardiobaskularren kopurua handitu egiten da, eta horrek zerikusia du gehiegi jatearekin, edari alkoholdun gehiegi edatearekin eta etxe batzuetan gertatu ohi diren eztabaidek eragiten duten estresarekin”. Adituak gogorarazten duenez, “zalantzarik gabe, janari oparoegi batek, eztabaida baten estresa gehitzen bazaio, bihotzekoa eragin diezaieke arriskuan dauden pertsonei”.
Adinekoei eta umeei dagokienez –Gabonetako ospakizunetan eztarriko trabamendua gertatzeko arriskua dutenak–,fruitu lehor eta polboroirik ez jatea gomendatzen du adituak, zeren eta, elikagai horien ezaugarriak direla eta, irensteko arazoak ekar baititzakete. Dena den, “etxeko guztiek dieta-gomendio berberak izan beharko lituzkete. Etxean umeak badaude, agian errazena arraina labean eta hasierakoak prestatzea izango da. Adinekoentzat, murtxikatzeko arazoak badituzte, zopa edo barazki-krema aukera ona izan daitezke, baina disfagia dutenentzat, beste testura batzuetako janariak”.
Bestetik, Gabonetako ospakizun gastronomikoetako gonbidatuei “elikaduragatiko intolerantziarik edo alergiarik duten galdetzea ez dago soberan”. Arazorik badago, 112 telefonora deitu beharko da lehen-lehenik. Ondoren, eztarriko trabamendurik gertatzen bada, “pertsonak eztul egin ahal badu, eztul egitera animatu behar da, hori baita gorputz arrotza botatzeko modurik onena. Botatzerik ez badu, Heimlich-en maniobra egin beharko zaio: pertsona horren atzean jarri, horren gorputza besoekin inguratu eta esku batekin sabelaren goialdean jarrita dagoen beste eskua sakatu. Kolpeek gogorrak eta azkarrak izan behar dute eta behetik gorantz eta atzerantz eman”, adierazi du adituak.
Gabonetako elikagairik txarrenak, gozokiak
Gabonetako menuak aukeratzerakoan, IMQ-ko endokrinologoak hauxe ohartarazten du: “Gabonetako elikagairik txarrenak gozokiak dira. Turroiek eta polboroiek kaloria ugari daukate eta, batez, ere, azukre ugari. Gainera, haragiek edo arrainek ez bezala, ez dute gehiegi asebetetzen eta, hortaz, gehiegi hartzen dira”.
Adituak hau gomendatzen du: “oro har, kaloriak kontrolatzea, hasierako asko ez jartzea eta, lehen plater gisa, arraina edo haragia jartzea, baina hobe saltsarik gabe. Itsaskiak aukera ona izan daitezke Gabonetan, hiperurizemia (azido uriko gehiegi) ez bada behintzat”. Halaber, garrantzi handia du alkohola kontrolatzea, “kaloria huts asko dakarrelako, hots, mantenugairik gabeko kaloriak”.
Zerbait osasungarri …
Nerea Gil sendagileak Gabonetako menu osasungarri baten adibidea proposatu du: “hasteko, zopa, salda edo itsaskiak; plater nagusi bezala, arraina labean barazkitxoekin; eta postre bezala, limoi-sorbetea, izozkia edo jogurta, digestioa errazteko”.
Halaber, hainbat aholku eman du Gabonetako janarien aurretik edo ondoren, esaterako, “bazkaldu aurretik salda hartzea aukera ona da, asetasun-sentsazioa dakarrelako eta kaloria gutxi duelako. Barazkiekin eta haragi edo oilasko puskekin egin daiteke salda eta hozten utzi. Hozten denean, gaineko geruza kentzen zaio, hor metatzen baita gantza”.
Bestetik, janari oparo baten ostean paseatu, mugitu edo dantzatzeak digestioa egiten eta kaloriak erretzen lagun dezakete. Beste aukera bat tripakada baten ondoren janari orekatua hartzea da, gehiegikeria orekatzeko, esaterako, “zerbait arina, hala nola, barazki-krema, tortilla soila, zopa edo barazkiak plantxan”.
Dietak? Ezertxo ere ez
Gabonetako janarien gehiegikerietatik ihesian dietetan oinarritzen diren menuak hartu nahi dituztenei dagokienez, Gil doktoreak, IMQ-ko endokrinologoak, ez du gomendatzen “dieta zetogenikorik (esaterako, Atkins) egitea, hots, funtsean proteinetan oinarritzen direnak eta beste mantenugai batzuk alde batera uzten dituztenak, zeren eta kasu batzuetan giltzurruneko edo gibeleko arazoak eragin baititzakete”.
Dieta disoziatu batean oinarritutako menuak ez ditu gomendatzen eta ‘detox’ dieten edo dieta arazgarrien ideia okerrez ohartarazten du: “ez dago ‘detox’ dietarik. Gure gorputza gibelaren eta giltzurrunen bidez “desintoxikatzen” da. Hortaz, ‘detox’ kontzeptua ez da zuzena”.
Euskal Herrian, taloak eta sokonuskoak
Euskal Herrian abenduaren 21ean santo Tomas ospatu ohi da eta jai horretan taloak txorizoarekin jaten dira eta sagardoa edo txakolina edan; hortaz, egun horretan milaka zerbitzatzen dira. IMQ-ko endokrinologoak hauxe gomendatzen du: “beti bezala, neurriz hartu behar dira, txorizoak gantz ase asko duelako, eta horiek ez dira osasungarriak”.
Bilboko turroi tipikoa den sokonuskoari dagokionez, adituak gogorarazi du “gainerako turroiek beste kaloria duela; beraz, neurrik jan behar dela, azukre ugari baitu”.