Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Larruazaleko minbizien % 90 kartzinomak dira

09.06.2017

Larruazaleko minbizien %  90 kartzinomak dira
  • Melanomak, kartzinomak ez bezala, ez dira ohikoak, baina haiek baino oldarkorragoak dira.
  • Eguzki-erredurak, DNA zelularraren erasana –mutazio kartzinogenoak sor ditzakeena– eta D bitaminaren sintesia eragiten ditu UVB erradiazioak.
  • UVA erradiazioak, brontzeztatzea eta fotozahartzea (zimurrak eta eguzki-orbanak) eragiten ditu; halaber, hantura-kontrako eraginkorra da eta larruazaleko gaixotasunak sendatzen laguntzen du.
  • Eguzki-iragazkiak: bi orduro eman behar dira, erruz (tragoxka edalontzi baten baliokide).
  • Eguzki-iragazkiak, ireki ondoren, baldintza onenetan zenbat irauten duen jakiteko, ontziari erreparatu behar zaio: zenbaki bat, M letra eta tapoi ireki baten marrazkia agertzen dira.
  • “Guk ez dugu eguzkia hartzen; eguzkiak hartzen gaitu”.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako “Minbizia Euskadin” txostenaren arabera, larruazaleko melanomaren (larruazaleko minbizi mota bi nagusienetako bat) intzidetzia- eta hilkortasun-tasek goranzko patroia izan dute bi sexuengan, 1986tik 2006ra bitartean (azterlanaren urteak), eta intzidentzia gehiago handitu da gizonengan (% 5,2) emakumeengan (% 3,8) baino. Denboraldi horretan, hilkortasun-tasak nabarmen handitu dira gizonengan, hots, % 2,8 urtean batez beste (1986ko % 0,8tik 2008ko % 1,5era); emakumeengan, berriz, ez da aldaketa esanguratsurik gertatu.

Ekainaren13an Larruazaleko minbizia prebenitzeko Europako Eguna ospatuko denez,IMQ-ko Ana Sánchez dermatologoak gogorarazi nahi du larruazaleko minbizi mota bi nagusiak kartzinomak eta melanomak direla. Kartzinomak “oso ohikoak dira, larruazaleko minbizi guztien % 90 inguru. Zorionez, ez dira oso oldarkorrak eta oso gutxitan eragiten dute metastasia. Zerikusi zuzena dute eguzkiarekiko esposizio kronikoarekin, hots, egunero eguzkiaren eraginpean jartzearekin, eta horregatik esposiziopeko larruazaleko aldeetan agertzen dira: aurpegian eta eskugainean”.

Bestetik, melanomak “oldarkorragoak dira, baina zorionez ez dira ohikoak, azken urteetan horien intzidentzia handituz badoa ere. Haurtzaroko eta gaztaroko eguzki-erredurekin dute zerikusia”.

Eguzki-esposizioaren bi patroi desberdin horiek tumoreak eragiten dituztenez, “garrantzi handia du kontuan hartzeak pertsonek ‘ez dugula eguzkia hartzen’,  ‘eguzkiak gu hartzen gaituela’ baizik. Horrek esan nahi du eguzkitik ez garela bakarrik babestu behar hondartzara toalla batean etzatera joaten garenean, baizik eta eguzkiaren eraginpean gauden guztietan: hondartzan, mendian, aire zabalean kirola egiten dugunean nahiz hiritik ibiltzen garenean babestu behar gara”, azpimarratu du IMQ-ko dermatologoak.

Eguzkiaren eraginpean ez jartzen, itzaletan jartzen edo kasketak, biserak eta jantziak janzten edo eguzki-iragazkiak ematen lor daiteke eguzkitik babestea. Eguzkiarekin dugun harremana “zentzu komunak markatu behar du; eguzkiaren onurak aprobetxatu behar ditugu, gehiegi hartu gabe, horren ondorio kaltegarriak saihesteko”.

Erradiazio-motak

Eguzkiak hainbat espektrotako erradiazioa igortzen du, eta horrek larruazalean askotariko ondorio biologikoak ditu. Eguzki-erradiazioaren ondorioak askotarikoak dira: batzuk onuragarriak dira gizakiarentzat eta beste batzuk kaltegarriak izan daitezke. “Gainera, eguzki-erradiazioak ondorio euforizatzailea du, gogo-aldartea hobetzen laguntzen diguna”. Larruazalean ondorio gehien dituzten erradiazio-zerrendak erradiazio ultramore A (UVA) eta erradiazio ultramore B (UVB) dira.

“UVB erradiazioak, eguzki-erredurak, DNA zelularraren erasana –mutazio kartzinogenoak sor ditzakeena– eta D bitaminaren sintesia eragiten ditu”,  azaldu du IMQ-ko adituak.

Bestetik, UVA erradiazioak “brontzeztatzea eta fotozahartzea (zimurrak eta eguzki-orbanak) eragiten ditu. Halaber, hantura-kontrako eraginkorra da eta larruazaleko gaixotasunak sendatzen laguntzen du”.

Lurrera iristen den irradiazioaren intentsitatea, egunaren orduen araberakoa da: eguneko erdiko orduetan (12:00etatik 16:00etara), eguzkiak zut erasotzen dio Lurreko azalerari eta, beraz, “atmosferak gutxiago iragazten du”, eta, ondorioz, horren erradiazioa handiagoa izaten da; “eguneko une horietan errazago erretzen gara eta zorrotzak izan behar gara eguzkitik babestean”.

Eguzki-iragazkiak

Ana Sánchezen aburuz, eguzki-iragazkiak “oso baliagarriak” dira UVB erradiaziotik, hots, eguzki-erreduratik, babesteko; izan ere, ontzian agertu ohi den babes-indizearen zenbakiak, krema horrek zenbat UVB erradiazio iragazten duen adierazten du. “2 babes-indizea duten eguzkitako kremek UVB erradiazioaren % 50 iragazten dute; 15 babes-indizea dutenek, UVB erradiazioaren % 90-95; 30 babes-indizea dutenek, % 96, eta 50+ dutenek, UVB erradiazioaren % 98; hortaz, 30 babes-indizea duen krema baten eta 50+ babes-indizea duen krema baten artean alde txikia dago, erretzeko babesteari dagokionez”.

IMQ-ko dermatologoak argitu duenez, “ez dago UVB erradiazioaren % 100 iragazten duen kremarik; beraz, ez dago ‘erabateko pantailarik”.

UVA erradiaziotik ere babestu nahi bagara, “ontzian hori berariaz adierazi behar du kremak. Oro har, UVA erradiaziotik babesteko iragazkiak ez dira UVB erradiaziotik babesteko iragazkian bezain eraginkorrak, eta UVA erradiaziotik babesteko babesa UVB erradiaziotik babesteko babesaren herena da. Beraz, 30 babes-indizea duen krema batek 30 babesten gaitu UVB erradiaziotik eta UVA erradiaziotik”.

Oro har, IMQ-ko espezialistaren hitzetan, “30 babes-indizedun krema batek behar bezala babestuko gaitu erredurak eregiten dituen erradiaziotik; eta, gainera, eguzki-orbanak edo zimurrak eragiten dituen erradiazioa saihestu nahi badugu, 50+ edo gehiago behar izango dugu”.

Kremaren eszipienteari dagokionez, “horrek ez dakar  eguzki-babes maila handiagorik; hots, eguzki-babes indize-zenbaki bera izanda, berdin babestuko gaituzte krema oretsu batek, jariakor batek, gel batek, esprai batek edo beste edozein formula galenikok. Eszipiente egokia aukeratzeak, aldiz, eguzki-krema behar bezala erabiltzera bultza gaitezke, horren ukipena, trinkotasuna edo usaina atseginagoak gertatzen zaizkigulako”, adierazi du Ana Sánchezek.

Eguzki-babesa bermatzeko, “krema erruz eman behar dugu, gutxi gorabehera, 2 mg larruazal zentimetro karratu bakoitzeko, hots, nagusi batentzako tragoxka edalontzi batean sartzen den likido kantitatea. Erruz eman behar da gainera”.

Babes-kremen ondorioak, “indizea edozein dela ere, bi ordu bakarrik irauten du”. Bi ordu ondoren, “iragazkiek eraginkortasuna galtzen dute eta ez dute zereginik betetzen”. Babesa egokia izan dadin, “bi orduro eman behar dugu krema, baita bainatu  edo izerdi asko bota ondoren ere, iragazkia 15 edo 50+ dela ere”.

Iragazkiak ireki eta gero, noiz iraungitzen dira?

Produktu kosmetikoek –babes-kremak barne– “ez dute betiko irauten baldintza onenetan”. Izan ere, fabrikatzaileek produktuen ontzietan, zenbaki bat eta M letra adierazten dute tapoi ireki baten marrazki baten ondoan. “Produktua, ireki ondoren, bermatzeko moduko propietateekin zenbat hilabete irauten duen adierazten du zenbakiak. Esate baterako, 12M zenbakiak esan nahi du produktuak, ireki eta gero, 12 hilabetez izango dituela propietateak. Ontzian adierazitako denbora baino gutxiago igaro bada baina produktua goi-tenperaturen eraginpean egon bada –esaterako, udan– eta produktuak pikorrak edo itxura txarra dituela ikusten badugu, baztertu egin behar dugu, litekeena delako propietateak galdu izana”, bukatu du azaltzen IMQ-ko dermatologoak.