Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Kirurgia osteko errehabilitazio tratamenduaren hasiera atzeratzeak haren iraupena luzatzen du, baita giltzadura zurruntasuna, atxikidurak eta min subjektiboa ere

06.09.2024

Kirurgia osteko errehabilitazio tratamenduaren hasiera atzeratzeak haren iraupena luzatzen du, baita giltzadura zurruntasuna, atxikidurak eta min subjektiboa ere
  • Osasun-laguntzaren jarraitutasuna, diziplina anitzeko lana eta teknologia berrien aldeko apustua, funtsezkoak IMQren fisioterapian.

  • Lana ederki koordinatuta badago, ebakuntza egin zaion pazienteak errehabilitazio goiztiarraren onurak lortuko ditu bere gorputzak onartu bezain agudo.

Hainbat balioespenen arabera, datorren urtean 1.700.000 aldaka-protesi inguru jartzeko ebakuntzak egingo dira Europan. Belaun-protesien kopurua antzekoa da; izan ere, azken urteetan gorakada handia izan dute protesi horiek, eta etorkizunera begira, goranzko joera aurreikusi da. Gauza bera esan daiteke beste protesi-mota batzuei dagokienez, hala nola sorbalda-protesiei, gero eta ohikoagoak baitira. Hala ere, osasun-laguntzaren arrakasta hori ez litzateke erabatekoa izango errehabilitazio-prozesurik gabe, eta arlo horretan elkarrekin lan egiten dute, besteak beste, medikuntzako profesionalek (traumatologiako eta errehabilitazioko espezialistak), erizaintzakoek eta fisioterapiakoek.

Errehabilitazio-prozesu  horretan,  haatik, denbora urrea da. «Errehabilitazio-prozesua zenbat eta beranduago hasi, orduan eta okerragoa izango da pazientearentzat. Kirurgia osteko errehabilitazioari garaiz heltzeak, horren epeak laburtzeaz gain, erraztu egiten du pazienteak giltzadura-zurruntasun txikiagoa izatea, ehunen arteko atxikidurak txikiagoak izatea eta pazienteak berak adierazitako min subjektiboa txikiagoa izatea prozesuari hasiera ematerakoan», adierazi du Jon Achótegui, Bilboko IMQ Deustu errehabilitazio-zentroko fisioterapeutak, Fisioterapiaren Mundu Egunaren esparruan (irailaren 8a); izan ere, 1951ko irailaren 8an Fisioterapiaren Munduko Konfederazioa sortu izana gogora ekartzen da.

Hala,fisioterapeutaren hitzetan, «suspertze-prozesuari arintasuna ematea oso garrantzitsua da, tratamendua bezainbeste, batez ere, ebakuntza konplikatuetan edo adinekoengan. Ebakuntza kirurgiko baten ondoren, paziente askok nolabaiteko ziurgabetasun-maila dute errehabilitazioa hasi aurretik, zer gertatuko ote den; hortaz, errehabilitazioa ahalik eta azkarren hasiko dutela jakiteak lagundu egiten die bizkorrago, erosoago eta min txikiagorekin suspertzen, eta hori oso positiboa da».

Osasun-laguntzaren jarraitutasuna

Alderdi gehiagok ahalbidetzen dute, ordea, pazientea xede duen arreta, esaterako denbora errealean koordinatutako lana, asistentziaren jarraitutasuna bermatzeko. «Igualatorion, ebakuntza ostean, traumatologoa pazientearekin elkartzen da puntuak kendu aurretik, eboluzio orokorra eta orbaintzea nola doan egiaztatzeko. Hortik aurrera, dena aurreikusitakoaren arabera badoa, errehabilitazio-tratamenduaren hasiera planifikatzen da, puntuak kendu eta berehala hasteko. Hautatutako kasu batzuetan, jostura kendu aurretik ere has daiteke —baina ez erabat sakon—. Horrela, ez dago alferrikako atzerapenik, eta prozesua ahalik eta gehien arintzen da».

Diziplina anitzeko lana

Zeren eta diziplina anitzeko lana funtsezkoa baita hain konplexuak diren osasun-prozesu horietan, hots, kirurgia osteko pazienteei dagozkienetan. «IMQn, bai Kirurgia Ortopedikoko eta Traumatologiako mediku espezialistek, bai Errehabilitazioko eta Medikuntza Fisikoko mediku espezialistek eta pazienteaz arduratzen den fisioterapeutek egunero ikus ditzakete horietako bakoitzak ematen dituen jarraibideak eta pazientearen bilakaeraren gaineko oharrak».

Horrela, «talde bat arduratzen da pazienteaz, ez profesionalak bereiz. Talde-lan horrek emaitza hobeak dakartza eta, gainera, pazienteak argi hautematen du eta biziki aintzat hartzen du. Pazienteentzat oso garrantzitsua da egiaztatzea osasun-prozesuan esku hartzen duten profesionalak koordinatuta daudela eta bere bilakaeraren berri dutela. Segurtasuna eta lasaitasuna sentitzen dute», azpimarratu du IMQ-ko fisioterapeuta Jon Achóteguik.

Teknologia berrien erabilera

Pertsona eta erakunde burutsuen ezaugarria da aurrerapen teknologi berriek dakartzaten aukerez baliatzea. Duela urtebete, IMQ-k fisioterapia-zerbitzu digital berri bat abiarazi zuen, errehabilitazio-tratamenduari modu eroso eta pertsonalizatuan heltzeko.

Aplikazio berri horretarako, elkargokide diren fisioterapeutek sortutako euskal startup Fisify-ren laguntza du IMQ-k; hark adimen artifizialean oinarritutako plataforma digital osoa ematen du, zeinaren bitartez, 50 aldagai aztertu ondoren, sintomen lehenengo ebaluazioa egin daitekeen, ondoren, etxean egiteko ariketa terapeutikoen programa pertsonalizatua sortzeko.

Horrela, aplikazioa jaitsi eta zerbitzuan alta hartzen duten IMQ-ko bezeroek zerbitzu hau eskuratuko dute: «eguneroko tratamendu bat, fisioterapeuta baten jarraibideekin,  pazientearen bilakaeraren araberakoa, edo, komenigarriagoa bada, plangintza zehatz bat, aste edo hilabete batzuetarako. Horrek erraztu eta erosoago egiten du errehabilitazio-tratamendua betetzea, pazienteak egunero egin baititzake dagozkion ariketak, une horretan ondoen datorkion unean eta tokian», azaldu du IMQ Deustu Errehabilitazio Zentroko fisioterapeutak.

Sare osoa Euskadin

IMQ-k 1.800 profesional baino gehiago, klinika pribatu nagusiak eta Euskadiko zentro mediko  propioen Euskadiko sare handiena jartzen ditu herritarren eskura, eta zentro horietan errehabilitazioak gero eta zeregin nabarmenagoa du.