IMQ-k bere zentroak zabalik ditu larrialdietarako eta bezeroei arreta emateko
17.03.2020
Koronabirus (Covid-19) agerraldiak eragindako osasun-larrialdiko ohiz kanpoko egoera eta hark gure herrialdean duen intzidentzia handia dela eta, IMQn bildutakook Osasun Publikoko agintarien esanetara gaude, horiekin elkarlanean aritzen jarraitzeko, ezarri diren asistentzia-protokoloak aplikatzeko behar den guztian koordinaturik.
Aldi berean, egoeraren bilakaera –oso azkar ari baita aldatzen– aztertzen jarraitzen dugu, gure bezeroei eta gainerako herritarrei zerbitzurik onena emateko eta ahalik eta modurik hoberenean arreta ematen jarraitzeko.
Helburu horrekin eta lehentasunezkoari ekiteko ahaleginak batzeko, hortaz, neurri hauek hartu direla jakinarazi nahi dugu:
BEZEROENTZAKO ARRETA:
- IMQ-k bezeroen arretarako bulego guztiak ditu zabalik, gutxieneko zerbitzuekin, larrialdietarako eta behar-beharrezko kudeaketak egiteko. Halere, jendearentzako ordutegia murriztu egin du eta orain 8:00etatik 15:00etara emango du arreta, ahal den neurrian agintarien gomendioa betetzen laguntzeko, hots, zio justifikaturik gabe ezin dela bide publikotik ibili, eta langileen osasuna zaintzeko, hau da, lanaldi zatitu batek ekarriko lituzkeen joan-etorrien bikoiztasuna saihesteko.
- Era berean, call center-en telefonoak daude asegurudunen eskura, ohi bezala, baina eskatzen du, benetan premiazkoak diren galdera edo egoeretarako bakarrik erabil daitezela, telefonogunea kolapsa ez dadin eta benetan garrantzitsu dena artatzeko zailtasunik egon ez dadin. Halaber, kontsulta-telefonoak eta gure anbulategien –larrialdiak artatzeko bakarrik daude zabalik– telefonoak erabiltzeko moduan daude hiru Lurraldeetan.
- Era berean, kudeaketa eta izapide administratibo ugari modu telematikoan egin daitezke gure kudeatzaile pertsonalen bidez, oficinaonline.imq.es online bulegoaren bidez eta IMQren App korporatiboaren bidez. Halaber, duela gutxi preskripzio digitaleko zerbitzu berria martxan jarri izanak bulegoetara baimen eta kontsulta-orri jakin batzuk izapidetzera, proba diagnostikoak egitera eta espezialitate batzuen kontsultak izatera joatea saihesten du orain.
PAZIENTEARENTZAKO ARRETA:
- Ofizialki pandemia dekretuz agindu bada ere, IMQ-k COVID-19 birusaren arreta bermatzen du osasun-aseguruaren bitartez, aldez aurretik kontratatutako estalduren arabera.
- Sintomarik izanez gero –eztula, sukarra, arnasa hartzeko zailtasuna– EZ da ez kontsultetara ez osasun-zentroetara joan behar. Etxean geratu behar da eta agintariek larrialdi-egoera honetarako prestatutako telefonora deitu: 900 20 30 50.
- Gure ospitale-zentroek –IMQ Zorrotzaurre Klinika eta Virgen Blanca Klinika– 24 orduz ari dira lanean, Osasun Zerbitzuarekin koordinatuta, bete beharreko protokolo eta prozeduren arabera.
- Halaber, kontsultategi anitzeko zentroak –IMQ Colón, IMQ Barakaldo, IMQ Amárica eta IMQ Zurriola– zabalik egongo dira, baina larrialdietarako bakarrik.
- Hortz-klinikek –Doña Casilda (Bilbo), Avenida (Vitoria-Gasteiz) eta Zurriola (Donostia)– larrialdiak bakarrik artatuko dituzte. Areetako eta Deustuko (Bilbo) hortz-zentroak egongo dira bakarrik jendearentzat itxita, gure errehabilitazio-zentroak, kirol-medikuntzako zentroak eta podologia-zentroak baita.
Pandemiarekin zerikusi zuzena ez duten beste larrialdietarako, protokolo hau ezarri da:
- Ez da kontsultara edo osasun-zentrora zuzenean joan behar. Deitu lehenengo egokitutako medikuari eta bete horrek esandakoa.
- Medikua aurkitzen ez bada, deitu IMQ-ko larrialdietarako telefonora: 900 53 50 47.
- Ez erabili, inolaz ere, bide horiek premiazkoak ez diren gauzetarako edo garrantzitsua ez den informazioa biltzeko, benetan arreta behar duten egoerei arreta egokia ematen zaiela bermatzearren.
- Premiazkoak ez diren kontsultetarako, IMQren App korporatiboa dago eskuragarri, eta horren bidez txat medikoa, aholkulari medikoa eta bideo kontsulta eskura daitezke.
Azkenik, koronabirusa areagotzea geldiarazi edo behintzat moteltzeko, gogorarazi beharra dago prebentziozko neurri hauek bete behar direla:
- Ez irten etxetik behar-beharrezkoak egiteko ez bada.
- Garbitu sarri eskuak ur eta xaboiaz edo alkoholdun eskuen desinfektatzaileaz.
- Hartu arnas-higieneko neurriak. Eztul egitean edo usin egitean, estali ahoa eta sudurra ukondo tolestuaz edo mukizapi batez. Bota mukizapia berehala eta garbitu eskuak.
- Pertsonen artean jarri metro bateko tartea, batez ere, eztul egiten badute, usin egiten badute eta sukarra badute. Horrek berekin dakar agurtzeko ez dela eskua eman behar, eta ez dela musu eman edo besarkatu behar.
- Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa.
- Sukarra, eztula eta arnasa hartzeko zailtasuna badituzu, eskatu arreta medikoa, hasiera batean, telefonoz.
- Eduki egunean COVID-19 agerraldiari buruzko informaziorik berriena. Erakunde hauen web-orrietan dago eskuragarri: OME, Osasun Ministerioa eta Osakidetza.