Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Haurtzaroko eguzki erredurak helduaroko melanomaren datu estatistikoen hazkundearekin lotzen dira

09.06.2022

Haurtzaroko eguzki erredurak helduaroko melanomaren datu estatistikoen hazkundearekin lotzen dira
  • Melanomak, larruazaleko minbizien % 7 baino gutxiago izan arren, larruazaleko minbiziagatiko heriotzen % 65 eragiten du.

  • Larruazaleko minbizia goiz diagnostikatu eta tratatzeari esker, biziraupen-tasa % 90etik gorakoa da.

Urtero ekainaren 13an gogorarazten den Larruazaleko Minbiziaren Prebentzioaren Europako Eguna dela eta, dermatologoek aukera horretaz baliatzen dira herritarrak kontzientziatzeko zein garrantzitsua den aztura osasungarriak izatea, larruazalean kartzinomarik ager ez dadin, eta noizbehinka larruazala aztertzea.

IMQ-ko dermatologo Jaime González del Tánago Diagok azaldu duen bezala, «erradiazio ultramorea larruazaleko minbizi ohikoenekin lotuta dagoenez, erradiazio horren eragin kaltegarriak saihesteko neurriak hartzea funtsezkoa da lesio gaiztorik ager ez dadin. Garrantzi handi du haurtzaroan eguzki-erredurarik ez gertatzea, erredura horiek helduaroko melanomaren datu estatistikoen hazkundearekin lotu baita».

Helburu hori lortzeko, espezialistek eguzkitako kremak, 50 faktorekoak edo hortik gorakoak erabiltzea gomendatzen dute, baita oztopo fisikoak jartzea ere, hala nola kamiseta, txanoa edo eguzkitako betaurrekoak. «Larruazal eta begi argikoek arreta handiz ibili behar dute erradiazio ultramorearekiko sentikorragoak direlako eta larruazaleko minbizia izateko arrisku handiagoa dutelako. Oso gomendagarria da gizonek txapela edo kapela erabiltzea lehenengo burusoiltasun-seinaleak hasten direnetik; izan ere, eguzkiak zuzenean buruko ile-larruan eragiten duenez, larruazaleko minbizia izateko arriskua areagotzen da leku horretan». 

Hain ohikoa ez dena baina arriskutsuena dena: melanoma

“Larruazaleko minbizia” kontzeptuak hainbat kausa eta bilakaeratako kartzinoma ugari biltzen ditu. Hedabideetan maiz mintzatzen da melanomaz: «larruazaleko minbizien % 7 baino gutxiago izan arren, larruazaleko minbiziagatiko heriotzen % 65 eragiten du. Urtero egin ohi diren kontzientziazio-kanpainei esker, jendeak larruazaleko orban susmagarriak lehenago kontsulta dezaten lortu da. Hortaz, melanomak fase goiztiarragoetan detektatzea eta tratatzea lortu da, pronostikoa oraindik oso ona denean, biziraupen-tasa % 90etik gorakoa baita orduan», azaldu du IMQ-ko dermatologoak.

Intzidentziari dagokionez, Minbizia Euskal Autonomia Erkidegoan 2001-2020, txostenaren datuen arabera, Euskadin, 2012tik 2016ra bitartean, gizonen 748 kasu eta emakumeen 857 kasu diagnostikatu ziren. Halaber, Dermatologia eta Benereologiaren Espainiako Akademiak gogorarazi duenez, intzidentzia urtean % 10 handitzen omen da. 2020an, Europar Batasunean 106.000tik gora herritarrei diagnostikatu zioten melanoma, eta, hortaz, eremu geografiko horretan seigarren minbizi-mota ohikoena da.

Ohikoena dena eta hilgarritasun txikiena duena: kartzinoma basozelularra

Hala ere, larruazaleko minbizirik ohikoena kartzinoma basozelularra da, alde handiz. «Dermatologook ohituta gaude egunero kartzinoma basozelular kasu berri batzuk diagnostikatzera. Beste arrazoi batengatik kontsultara datorren paziente bati miaketa fisikoan  hark ikusi ez duen kartzinoma bat detektatzea ere nahiko maiz gertatzen da», adierazi du González del Tánago sendagileak.

«Alde klinikoa», jarraitzen du azaltzen adituak, «era askotakoa izan daiteke, hala nola sendatzen ez den zauri bat edo larruazaleko lesio arrosa goratu bat. Lotura zuzena du erradiazio ultramorearekin, eta, beraz, sarriago egoten da eguzkitan egon diren lekuetan (burua, enborra eta besoak, batez ere). Larruazalean bakarrik dagoen lesioa da, eta erauzketa kirurgikoaren bidez senda daiteke. Jakin beharra dago zenbat eta lehenago diagnostikatu, orduan eta txikiagoa izango dela kirurgiaren konplexutasuna, eta txikiagoa orbaina. Hori garrantzitsuagoa da kartzionoma sudurrean, betazaletan eta aurpegiaren gainera aldeetan dagoenean».

Kasu batzuetan, lesioa oso fase goiztiarrean detektatzen bada, kartzinoma basozelularra sendatu ere egin daiteke tratamendu ez-kirurgikoekin. Hori dela eta, «larruazalean sendatzen ez den zauri bat edo orban susmagarri bat agertzen bada, pazienteak dermatologoari kontsultatu behar dio, horrek berariazko prestakuntza eta ezagutza dituelako lesio gaiztoak detektatzeko eta behar bezala tratatzeko», ohartarazi du IMQ-ko dermatologoak.

Norbere larruazala aztertzea eta espezialistari berehala kontsultatzea

Biztanleek eguzki-erredurak ez izateko babes-neurriak kontuan hartu behar dituztela azpimarratzeaz gain, melanomaren detekzio goiztiarrerako aldian-aldian norbere larruazala aztertzeak duen garrantzia azpimarratu du espezialistak. «Agertu berri den lesio pigmentatu bat (orin baten antzekoa) aurkitzen bada eta hori hazi egiten bada eta kolore desberdineko eremuak edo ertz irregularrak baditu, dermatologoari kontsultatu behar zaio. Diagnostiko goiztiarrari eta lesio gaiztoaren tratamendu goiztiarrari esker, pronostikoa bikaina izaten da kasu gehienetan», amaitu du azaltzen González del Tánago sendagileak.