Iradokizunak
10.06.2021
Onkologia Medikoaren Espainiako Sozietateak (SEOM) ‘Las cifras del cáncer en España 2021’ txostenean balioetsi du, aurten, Estatu guztian, larruazaleko melanomaren 6.108 kasu berri egongo direla, hots, organo horretan eragina duten tumoreen artean erasokorrena. Horren harira, Dermatologia eta Benereologiaren Espainiako Akademiak (AEDV) ohartarazi du larruazaleko minbizia «tratamendu onenak dituenetariko bat» dela. Izan ere, diagnostiko goiztiarrari esker, kasuen % 95 sendatu egiten dira.
Ildo beretik, IMQ-ko Dermatologiako espezialista Juan Luis Artolak hau adierazi du: «Minbizidun Pazienteen Espainiako Taldeak (GEPAC) gogorarazi duenez, larruazaleko minbizien % 90 bizitzan zehar, batez ere, gaztetan, eguzkipean gehiegi egon izanak eragiten ditu. Hortaz, saihets daitezkeen arrisku-faktoreetan –larruazaleko minbizia agertzean zuzenean inplikatuta daudenak– jarduteko dugun gaitasunagatik da hain garrantzitsua urtero ekainaren 13an gogorarazten den Larruazaleko Minbiziaren Prebentzioaren Europako Eguna dela eta egiten den sentsibilizazio eta osasunaren aldeko hezkuntzaren lana».
Euskal dermatologoak gogorarazi duenez, «oso garrantzitsua da jakitea gure larruazalean gertatzen den eguzkitiko kaltearen % 80 18 urte bete baino lehen gertatzen dela. Horregatik, haurren larruazala eguzki-erradiazio mota desberdinetatik babestea eta horren gainean heztea funtsezkoak dira etorkizunean larrazaleko minbiziari aurrea hartzen laguntzeko».
Covid-19aren pandemiari dagokionez, IMQ-ko adituak hau nabarmendu du: «ikerlan batzuek agerian utzi dute % 20 baino gehiago jaitsi dela melanomen diagnostikoa 2020an. Kontua ez da intzidentzia murriztu egin dela, baizik eta pazienteak ez direla medikuarengana joan larruazala kontrolatzera. Diagnostikoaren atzerapen horren ondorioz, tumorerik agertuz gero pronostikoa okerragoa izango da».
Melanoma eta ez-melanoma
Larruazaleko minbiziak hainbat tumore-mota biltzen ditu. Oro har, bi mota nagusi daude: alde batetik, «melanoma, kasuen % 5 dena, larriagoa dena, eta, intzidentzia txikiagoa izan arren, larruazaleko minbiziak eragindako heriotzen % 90 eragiten dituena». Bestetik, larruazaleko minbizi ez-melanoma gisa ezagutzen diren tumoreak daude, «eta horiek, funtsean, kalte lokaleko kartzinoma basozelularra eta kartzinoma epidermoidea edo espinozelularra –metastasizatzeko gai dena– daude. Oro har, tratamendu kirurgikoak, marjina egokiekin, sendatu egiten ditu. Hain ohikoak ez diren beste larruazaleko tumore batzuk ere badaude, hala nola Merkel-en kartzinoma, fibroxantoma atipikoak edo angiosarkomak».
Prebentzio goiztiarra eta etengabea
Larruazaleko minbiziaren ezaugarrietako bat da, kasu gehienetan, eguzki-erradiazioaren kaltea, batez ere bi erradiazio ultramoreek eragindakoa, baina baita infragorria ere, «ez dela nabaritzen eguzkiarekiko esposizio desegokia gertatu denetik hogei urte igaro arte. Hori dela eta, eguzki-kaltea prebenitzeko oinarrizko neurri errazak hartu behar dira hasiera-hasieratik».
Juan Luis Artola sendagileak gogorarazi du, halaber, eguzkiarekiko esposizioa kontrolatu beharra dagoela, batez ere, egunaren erdiko orduetan, ordu horietan (11.00etatik 17.00etara bitartean) baitu intentsitate handiagoa eguzki-erradiazioak. «Era berean, oso gomendagarria da eguzkitako betaurrekoak eta arropa babesgarria erabiltzea, hala nola txanoak eta mahuka luzeko jantziak. Jakina, eguzkitako kremak erabiltzea funtsezkoa da, gutxienez 30 faktorekoak eta, gomendagarriagoak, 50+ faktorekoak, eta kremak barra-barra jartzea eguzkitan dauden larruazaleko alde guztietan, eta bi orduro edo bainatu ondoren berriro jartzea, larruazalean gutxieneko eguzki-iragazkia izateko. Oso garrantzitsua da babes-sentsazio faltsua ez izatea krema duela ordu asko jarri denean, izerdi asko bota denean edo bainatu denean, zeren eta, kremen larruazaleko iraupen-maila nabarmen murriztuko baita, eta, hortaz, baita eguzki-erradiaziotik babesteko gaitasuna ere».
Era berean, ikuspegi dermatologiko batetik, adituak beltzarantzeko kabinetara ez joatea aholkatzen du.
Automiaketa eta medikuarengana joatea
IMQ-ko dermatologoak, amaitzeko, hau azaldu du: «larruazalaren automiaketak, batez ere hilerokoak, dira melanomaren aurkako lehen defentsa-lerroa. Hori egiteko, minutu batzuk baino ez dira behar, eta gorputzeko alde guztiak miatu behar dira, buruko ile-larrua, belarrien barrualdea eta beste alde batzuk barne; eskuko ispilu bat erabiltzea oso erabilgarria izan daiteke horretarako».
Hainbat alderdi sendagile bati kontsulta egitea gomendatzen duten zantzuak izan daitezke: orban, orin edo orezta baten asimetria, ertz irregularrak, kolore ezberdinak, sei milimetrotik gorako diametroa eta orbana azkar bilakatu izana.
El 90% de los cánceres cutáneos son carcinomas
“Los bebés por debajo del año deberían evitar la playa, en especial, los menores de seis meses”