Iradokizunak
03.03.2025
Gehiegizko pisua eta obesitatea areagotzea lehen mailako osasun publikoko erronka bihurtu da mundu osoan. Euskadin, eskuragarri dauden azken datuen arabera, obesitate-tasa % 16,4koa da helduen artean; ehunekoak oso antzekoak dira gizonen ( % 16,6) eta emakumeen ( % 16,2) artean. Gainpisuari dagokionez, Carlos III Osasun Institutuak eta Elikagaien Segurtasunerako Estatuko Agentziak egin duten ikerlan batek agerian utzi du euskal herritar helduen % 52,9k gehiegizko pisua duela (25etik gorako gorputz-masaren indizea).
Erronka horri aurre egiteko –urtero Obesitatearen Mundu Eguna (martxoaren 4a) gogora dakar–, duela gutxi onartu eta mediku espezialisten eskura jarri dira sendagai belaunaldi berri bat, GLP-1 eta GIPeko agonistak (peptidoaren errezeptorea, glukagoi-1 eta polipeptido urdaileko inhibitzailearen antzekoa). Horien onurei buruz hitz egiteko, Bilboko Mediku Zientzien Akademiak eta IMQk hainbat aditu bildu dituzte, Bilbon oraintsu egindako diziplina anitzeko jardunaldi monografiko batean.
Euskadin 2 motako diabetesa duten pazienteen % 80k baino gehiagok du obesitatea. «Ez gara gehiegizko kiloez ari, 200 patologia baino gehiago lotuta dituen gaixotasun kroniko batez baizik», azpimarratu du mahai-inguruan parte hartu duen Beatriz Astigarraga doktoreak, IMQ-ko Endokrinologia eta Nutrizioko espezialistak.
Espezialistak azaldu duenez, ‘inkretina efektua’ duten farmakoek (intsulina jariatzea areagotzen duten hesteetako peptidoak), hala nola liraglutidak, semaglutidak eta tirzepatidak, modu eraginkorrean laguntzen dute, hainbat mailatan, pisua murrizten, eta diabetes mellitus-aren kontrol metabolikoa eta gaixotasun kardiobaskularrak hobetzen.
Astigarraga sendagileak ezagutarazi duenez, botika horiek gorputzaren pisua % 25 murriztu dezakete. Zenbait azterlanen arabera, 72 asteren ostean batez beste pisuaren % 18 galtzen da, eta, batzuetan, % 25. Halaber, kontrol gluzemikoari dagokionez, botikak % 30 hobetzen ditu hemoglobina glikosilatuaren mailak, ohiko terapiekin alderatuta.
GLP-1eko agonistek eta GIPek ere diana anitzeko erreguladore metaboliko gisa jarduten dute. «Paradigma-aldaketa baten aurrean gaude», azaldu du Astigarraga doktoreak, «kontua ez da soilik odoleko azukrea kontrolatzea, baizik eta arazoaren sustraiari heltzea: gantz-ehun gehiegi izateak sortzen duen hantura kronikoari».
Eragina kopuruetatik harago doa: botika horiekin galdutako 5 kilo bakoitzeko, % 15 murrizten da digestio-minbizia izateko arriskua eta % 30, gibeleko konplikazioak izatekoa. IMQ-ko espezialistak azpimarratu duenez, «benetako iraultza obesitatea gaixotasun gisa tratatzea da, ez borondate falta gisa».
Ikerketek agerian utzi dute, halaber, farmako horiekin tratatutako pazienteen arrisku kardiobaskularra % 20 jaitsi dela. Alain Laskibar kardiologoak, Bilboko Mediku Zientzien Akademiako Kardiologia saileko presidenteak, beste onura isil bat gehitu du: «galdutako 10 kilo bakoitzeko, bihotzekoa izateko arriskua % 22 murrizten da. Sendagai horiek erabilera anitzeko ezkutu organikoak dira».
Mahai-inguruan parte hartu duen beste aditu batek, Blanca Sampedro hepatologoak, IMQ CVADIkoak, adierazi du gibeleko gantza % 62 murrizten dela tratamendu horiekin. «Ez gara soilik analisi bateko zifra hutsez ari, baizik eta gibeleko zirrosia eta minbizia prebenitzeaz», zehaztu du. Izan ere, medikuaren taldeak egiaztatu du % 18 murriztu dela urdail-hesteetako arrisku onkologikoa, botika horiekin urtebetez tratamenduan egon ondoren.
Eta onurak handituz doan beste arazo batera ere zabaltzen dira, loaldiko apneara, zeinean botika belaunaldi berri horrekin tratatutako lau pazienteren artean hiruri sintomak murrizten zaizkien. Isabel Urrutia neumologoak, Akademiako Neumologia ataleko presidenteak, hau adierazi du: «botika horiek dira zurrunga patologikoen aurkako aliaturik onenak. CPAP batek adina hobetzen dute gaueko oxigenazioa, baina maskararik gabe». Aurrerapen erabakigarria izan da Euskadin, bertako helduen % 30ek baitu loaldiko butxatze-apnea.
Era berean, Bizkaiko Farmazialarien Elkargoko presidente Juan Uriartek, mahai-inguru horretan ere parte hartu duenak, sendagai horien nahi gabeko ondorioei dagokienez, hau jakinarazi du: «onargarriak dira, baina zuhur jokatu behar dugu eta epe luzera izan ditzaketen ondorioei erreparatu behar diegu». Horren haritik, kontrako efektuen % 78 desagertu egiten dira dosia doitu ondoren, eta datu horrek agerian utzi du tratamendua pertsonalizatzeak duen garrantzia.
Una investigación demuestra que la dieta y el ejercicio son una herramienta óptima para las personas con obesidad e hipertensión
El 8 % de los niños y el 5,7 % de las niñas entre 2 y 17 años de edad en Euskadi tienen obesidad
La obesidad supone uno de los principales retos de salud en el futuro próximo