Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Estatuko eta nazioarteko urologo gailenak IMQ Zorrotzaurre Klinikan bilduko dira endourologiaren azken aurrerapenak aztertzeko

08.06.2023

Estatuko eta nazioarteko urologo gailenak IMQ Zorrotzaurre Klinikan bilduko dira endourologiaren azken aurrerapenak aztertzeko
  • Jardunaldietan, halaber, Europako urologian erreferentzia den Gaspar Ibarluzea doktoreari gorazarre egin eta agur esango zaio, 43 urte lanbidean aritu ondoren erretiroa hartuko baitu.

  • IMQ Zorrotzaurre Klinikan izango dira jardunaldiak, eta horietan zuzenean emango dira ebakuntza urologiko batzuk, hala nola, Da Vinci robotaren bidez giltzurruneko tumore bat erauztekoak.

Espainiako urologiako profesional entzutetsu batzuk IMQ Zorrotzaurre Klinikan elkartuko dira gaur eta bihar, endourologiari eta urologiako teknologia berriei buruzko Workshop baten eskutik, ezagutza eta esperientziak partekatzeko. Mediku gailen horien artean, hauek nabarmentzen dira: José Gabriel Valdivia doktorea, urologia modernoaren aintzindaria eta kirurgiako maisu bikaina; Enrique Pérez-Castro doktorea, ureteroskopia transuretralaren asmatzailea; Europan gaur egun lan egiten ari den endourologo gailena, Cesare Scoffone doktorea, Turingoa; Francisco Pedro Juan Daels doktorea, Latinoamerikako endourologiaren buru eta zabaltzailea, eta zauri txikiko endourologia-kirurgiako aditu José Heriberto Amón Sesmero doktorea. Daniel Pérez Fentes eta Marcos Cepeda Delgado doktoreak ere bertaratuko dira, baita Espainiako beste urologo asko ere, urologiaren mundua espezialista entzutetsu hauekin partekatu dutenak eta partekatzen ari direnak: IMQ Zorrotzaurreko Urologia Klinikoko espezialista Gaspar Ibarluzea doktorea, Ander Astobieta, Jorge Mora, Félix Campos, Mikel Gamarra, José Gregorio Pereira, Sonia Rodríguez, Andrea Sánchez eta Felipe Urdaneta doktoreak.

Elkarraldian, litiasia (giltzurreneko eta ureterreko harriak) tratatzeko teknika berriak, prostatako hiperplasia onbera, bereizmen  handiko biopsiak, endourologiako prestakuntza eta kirurgia robotikoaren aurrerapenak jorratzeaz gain, gorazarre egingo zaio Gaspar Ibarluzea González doktorearen jardunbideari, 43 urteko jardute profesionalaren ostean.

Gaspar Ibarluzea sendagilea, IMQ Zorrotzaurreko Urologia Klinikoaren sortzaileetako bat,  nazioartean ezaguna da litiasiaren tratamenduagatik. Izan ere, badago mundu osoan erabiltzen den posizio bat, berak asmatu zuena Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalean lan egiten ari zenean, ‘Galdakaoko Posizioa’ izenekoa. Halaber, mundu osoan da entzutetsua prostatako minbiziaren diagnostiko eta tratamenduagatik.

Bere ekarpena, ordea, ez da hor amaitzen. IMQ-ko urologo eta Jardunaldien koordinatzaile Jorge Morak azaldu duenez, «Ibarluzea doktoreari gertaera gogoangarri ugari zor zaio. Espainiako lehenengo kirugialari robotikoa izan zen, eta gaur egun egunero robota erabiltzen duten hainbat zentrotan eman du prestakuntza».

Era berean, «teknologia berrien irudikorra izan da. Aurrerapen berriak hainbat biltzarretan aurkeztu ahala, Ibarluzea doktoreak hasieran aukeratutako teknologiak izan dira, gerora, bere eremuan arrakastatsuenak izan direnak».

Aurrekoaz gain, «Ibarluzea aintzindaria izan zen giltzurruneko litiasia tratatzeko eta 80ko hamarkadan garatutako teknika berrietan, hala nola gorputzez kanpoko talka-uhinen bidezko litotrizian eta gernubideetako teknika endoskopiko guztietan; aurrendaria ere, teknika laparoskopiko urologiko guztietan, 90eko hamarkadaren hasieratik, eta Urologiaren Euskal Sozietatearen sortzaileetako bat».

Programa

Programaren gai nagusietako bat litiasia teknika endoskopikoen bidez tratatzea da. Giltzurruneko harriak (giltzurruneko litiasia) giltzurrunen barruan sortzen diren mineral eta gatzez egindako metakin gogorrak dira, eta izugarri ohikoak dira; izan ere, horien prebalentzia biztanleriaren % 5etik gorakoa da.

Teknika endoskopikoak giltzurruneko litiasia duten pazienteengan erabiltzen dira, baldin eta ezin badira tratatu gorputzez kanpoko litotrizia bidez, eta, horregatik, ebakuntza kirurgikoa behar izaten dute. «Teknologiaren aurrerapenari esker, tresnen miniaturizazioa dela eta, giltzurrunera sartu, harria aurkitu, hori laserraren bidez lainoztatu, tresneria atera eta, are gehiago, pazienteari egun berean alta emateko aukera ematen diguten teknikak garatzeko gaitasuna izan dugu».

Programan beste gai garrantzitsu bat jorratuko da: prostatako hipertrofia onbera, zeinaren tratamendua, gaur egun, holmio laser bidezko enukleazio teknikei esker, «jada ez dago mugatuta endoskopia transuretralera prostata txikietan, eta edozein tamainatako prostatetan erabil daiteke».

Mora doktoreak azaldu duenez, «enukleazioa prostatako hiperplasia onbera tratatzeko tratamenduetako bat da, eta hainbat urtez oharkabean pasatu da, ikasteko teknika zaila zelako. Eta, duela lau urtetik hona, Ibarluzea sendagilea tematu eta guri lagundu izanagatik, gaur egun enukleazio gehien egiten duen eta hobekien egiten duen zentroetako bat izatera iritsi gara, ebakuntza horietan dugun bolumenagatik, hain zuzen ere, daukagun esperientziaren ondorioz. Egia esan, oso emaitza onak lortzen ditugu tratamendu horrekin».

Prostata laser batekin operatzen da, prostatan tunel bat eginez, prostatako hiperplasia onberagatik uretran buxadura duen pazienteak pixa egin ahal izan dezan. «Oso ondorio kaltegarri gutxi dakartza kirurgia-mota horrek, ebakuntzaren osteko ospitaleko egonaldia laburra da, eta, pazienteek adierazi digutenez, gogobetetze-maila handia da».

Azkenik, biopsietarako erabili ohi diren mikroultrasoinuen bidezko prostatako minbiziaren diagnostikoa izango da jardunaldietako hizpide. Gailu berriek 20 megahertz baino gehiagoko maiztasunetan lan egiten dute, eta «aurrerapen nabarmena ekarri dute irudiaren kalitatean, eta, ondorioz, xehetasun-maila handiagoa ahalbidetzen dute; hortaz, tumoreak detektatu ahal dira prostatan, lehen aldiz. Eta, era berean, irudiaren kalitate hobeari esker, biopsiak zuzentzen ari gara aparatu horren bitartez. Diagnostiko hobea eta biopsia hobeak; eta horiekin batera, tratamendu hobea eta osasun-emaitza hobeak prostatako minbizian», amaitu du azaltzen Mora doktoreak.