Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Prostatako minbizidun Europako 300.000tik gora gizonek biopsia saihets dezakete diagnostikoa lortzeko

24.02.2023

Prostatako minbizidun Europako 300.000tik gora gizonek biopsia saihets dezakete diagnostikoa lortzeko
  • Londresko University Collegeko Medikuntza fakultateko dekano Mark Emberton irakaslea, Espainian bularreko minbiziak baino prebalentzia handiagoa duen tumore horren diagnostiko eta tratamenduaren etorkizunaz ari izan da Bilbon.

  • Adimen artifizialaren bidez aztertutako erresonantzia magnetikoa eta PSMA proteinen positroi-igorpenezko tomografia (PET PSMA) dira prostatako minbizietan biopsiak desagerraraz ditzaketen aurrerapenetako bi.

Desagertuko al da prostatako biopsia halabeharrez? Galdera hori da, hain zuzen, Londresko University Collegeko Medikuntza fakultateko dekano eta Urologia irakasle Mark Embertonen txostenaren izenburua, zeinaren eskutik amaiera eman dion prostatako minbiziari buruzko diziplina arteko VII. Bileraren lehenengo egunari. Bilera horretan, aldian-aldian, medikuntza-espezialitate horren munduko elitea biltzen da Bilboko IMQ Zorrotzaurre Klinikan. Ekitaldi zientifikoaren inaugurazioan Urología Clínica-ko Ander Astobieta doktorea, Grupo Urológico San Rafael-eko Eldiberto Fernández doktorea eta IMQ Zorrotzaurre Klinikako Nicolás Guerra doktorea egon dira, bilera horren antolatzaile diren hiru erakundeen ordezkari gisa.

Prostatako minbiziaren diagnostikoa biopsia baten bidez egin da beti, transrektalaz gainera, eta prozeduran zehar infekzioak gertatzeko arriskua zegoen, eta probaren doitasuna mugatua zen. «Egun, irudien bidez ikusten dugu prostatako minbizia, hala nola erresonantzia magnetiko eta PSMA proteinen positroi-igorpenezko tomografiaren (PET PSMA) bidez, horiek baitira minbizia lokalizatzeko bi moduak, zeinei esker, biopsia tumorera zehazki zuzentzen den».

Emberton irakasleak azpimarratu duenez, «uste dut orain etapa berri batean sartzen ari garela, non tumoreari buruzko informazio asko atera dezakegun, adimen artifiziala erabiliz, haren ezaugarriak eta informazio espezifikoa zehazteko, kasu batzuetan, biopsia egiteari utz diezaiogun, proba erredundantea izango bailitzateke».

Eta urologoak hori praktikan jartzen hasi dira jada. «Erresonantzia magnetikoa, adimen artifizialarekin aztertua, negatiboa bada, ez dugu biopsiarik egingo. Horrek esan nahi du Europan urtero 300.000 gizon inguruk izan dezaketela biopsia egin beharrik ez izatearen onura. Urtero, Europan, prostatako milioi bat biopsia inguru egiten dira, eta, beraz, datu horrek esan nahi du gizon horien heren batek onura atera diezaiokeela aurrerapen horiei, zeinetan erresonantzia magnetikoa eta adimen artifiziala erabiltzen diren», adierazi du adituak.

Literatura zientifikoan badira biopsia egiteari uztea erabaki duten gizonei buruzko ikerlanak, eta horiek erabateko prostatektomia bidez tratatzen dira (prostata erabat erauzten zaie), biopsiarik gabe, irudi bidezko probak eginez, hala nola erresonantzia magnetikoa eta PET PSMA, biak positiboak izanik.«Irudi bidezko bi probak positiboak izan zirenean, paziente horien % 100ek minbizia izan zuten, eta biopsiarik gabe egin zitzaien ebakuntza. Biopsia egin beharrik ez zutenez, pazienteek ebakuntzaren eguna aurreratu ahal izan zuten, eta proba diagnostiko horretatik ondoriozta daitezkeen nahi gabeko ondorioak saihestu zituzten».

Londresko University Collegeko Medikuntza fakultateko dekanoak hau azpimarrartu du: «bai prostatako minbizia izateko arrisku handia duten pazienteengan, bai arrisku txikia dutenengan, biopsia saihets dezakegu. Eta arrisku ertaina duten pazienteei dagokienez, erresonantzia magnetikoekin eta gernuaren edo odolaren biomarkatzaileek ematen dizkiguten datuekin agian prostatako minbiziaren diagnostikoa egiteko nahikoa den baloratu behar dugu. Eta eztabaida horretan gaude orain».

Bularreko tumore baino prostatako tumore gehiago eta tratamendu fokala

Onkologia Medikoko Espaniako Sozietatearen datuen arabera, Espainian 33.375 bularreko tumore eta 35.764 prostatako tumore diagnostikatu ziren 2021ean. Hari horretatik, José Gregorio Pereira doktoreak, IMQ Zorrotzaurreko Urologia Klinikoko espezialistak, hau azaldu du: «orain arte, prostatako minbizi bat lokalizatuta zegoenean, tratamenduaren planteamenduak bi aukera zituen: erabateko kirurgia edo erabateko erradioterapia. Hau da, guruin osoari erasotzea. Horren arrazoia da prostatako minbizien % 80 foku anitzekoak direla, eta, hortaz, tumoreak oso handiak zirenean soilik ikusten zituzten irudi bidezko probek».

Haatik, egun, «irudi bidezko teknikak baditugu, hala nola erresonantzia magnetikoa, mikroultrasoinuak eta medikuntza nuklearreko probak, esaterako, PSMA PET. Horiek doitasun handiagoa ematen digute eta, beraz, diagnostikoa zehatzagoa da. Hori horrela izanik, zergatik ez pentsatu tratamendu fokala egin dezakegula, hots, prostata-guruinaren kokapen zehatzetan, beste tumore batzuei aurre egitean egiten den bezala, hala nola giltzurruneko edo bularreko tumoreei? Horrela, prostata osoa erauzi beharrean –horrek dakartzan ondorioekin–, diagnostiko hobeari, lesioak hobeto identifikatzeari eta foku-tratamendurako aukerei esker sendatu ahal izango dugu gaixotasuna, guruin osoa erauzteko beharrik gabe. Osorik erauztea kasuak behar duenerako gordeko dugu; adibidez, guruin berean tumore asko daudenean, tumore oso handi bat dagoenean edo ezaugarri oldarkorragoak dituen tumore bat dagoenean», adierazi du adituak.

Pereira doktoreak azpimarratu du tratamendu fokala «kontserbatzaileagoa da eta prostata erabat erauzteak dakartzan albo-ondorioak saihesteko aukera ematen du». Tratamendu fokalaren onuren artean, hauek nabarmendu ditu urologoak: «anestesia osorik gabe egin daiteke, prozedura anbulatorioarekin, eta prostata-guruina hainbat modutara trata daiteke (krioterapia, intentsitate handiko ultrasoinu fokatuak, etab.), irudi bidez gidatutako prozedurez baliatuta, doitasuna handigoa izanda, eta pazientea 24 edo 48 orduko epean itzultzen da etxera. Hitz batez, horrela, tumorea trata dezakegu, ez prostata», amaitu du azaltzen.