Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Esklerosi anizkoitzaren lehenengo sintomak antzemateak eragin ona izan dezake gaixotasunaren pronostikoan

29.05.2024

Esklerosi anizkoitzaren lehenengo sintomak antzemateak eragin ona izan dezake gaixotasunaren pronostikoan
  • ‘Mila aurpegiko gaixotasuna’ izenez ezagutzen den gaitzak baditu, hala ere, sintoma batzuk. Hala, funtsezkoa da horiek garaiz antzematea eta pazientea espezialista mediko bat bilatzea, pazientea azter dezan.

  • Ebidentzia zientifikoaren arabera, tratamendua etapa oso goiztiarretan hasteak badu lotura epe luzera desgaitasuna pilatzeko arriskua murriztearekin.

‘Lehenengo sintomatik, denbora urrea da’. Hori da, hain zuzen, esklerosi anizkoitzaren 37 elkarte eta fundaziorekin modu koordinatuan lan egiten duen Esclerosis Múltiple España elkarteak aukeratu duen leloa aurten Esklerosi Anizkoitzaren Mundu Eguna, maiatzaren 30a, ospatzeko.

Eta badaude horretarako arrazoiak, zeren eta, frogatu egin baita duela gutxiko ikerketa  batean tratamendua etapa oso goiztiarretan hasteak baduela lotura epe luzera desgaitasuna pilatzeko arriskua murriztearekin, lehenengo  agermen desmielinizatzailea duten pazienteengan.

Halaber, Esklerosi Anizkoitzaren Nazioarteko Federazioak egindako Esklerosi anizkoitzaren atlasa ikerlanak agerian jarri duenez, herritar gehienek eta osasun-profesionalek patologiaren sintomak ezagutu ez izana da, gaur egun, diagnostiko goiztiarra egiteko eragozpen nagusia.

«Osasun Sistema Nazionaleko Neurologia espezialistek prestakuntza zehatza dute patalogia horretan. Baina gaixotasunaren debuta gehiago jasan dezaketen biztanleen artean –20 eta 40 urte artekoak– hobe daiteke esklerosi anizkoitzari eta horren sintomei buruzko ezagutza», agerian jarri du IMQ-ko neurologo Alfredo Rodríguez-Antigüedad sendagileak.

Hala bada, espezialistak gogora ekarri du esklerosi anizkoitzean sintoma batzuk agertu ohi direla, paziente bakoitzaren erasanak eta esklerosi anizkoitz motak direla kausa hainbat seinaleren bidez agertzen badira ere. 

«‘Mila aurpegiko gaixotasuna’ izenez ezagutzen da, sintomak era askotakoak direlako. Ikuspegi klinikotik, esklerosi anizkoitzak hau du bereizgarri: garunean eta bizkarrezur-muinean lesio inflamatorioak (“plakak”) agertzen dira, horiek konpondu egiten dira eta orbain bat uzten dute. Plaken kokapenaren arabera, sintomak ezberdinak izango dira pertsonengan», azaldu du Rodríguez-Antigüedad doktoreak.

«Plakak etengabe eta ausaz agertzen dira garuneko eta muineko edozein lekutan; horregatik, gaixotasun horren sintomen errepertorioa oso zabala da. Gainera, plaka asko garunaren eta muinaren eremu mutuetan agertzen dira, eta, hortaz, ez dute adierazpen klinikorik», adierazi du adituak.

Nerbio-sistema zentraleko gune kritiko batean plaka bat agertzeak gaixotasun horren berezko sintoma azpiakutuak eragiten ditu, “agerraldi” edo “errezibida” izenekoak. Egun edo aste batzuk igaro ondoren, sintomak erabat edo ondorioren bat utzita arintzen dira.

«Agerraldiak aurretik abisatu gabe eta aurreikusteko moduko faktore abiarazlerik gabe agertzen dira. Agerraldian zehar, sintomak hainbat orduz edo egunez ezartzen dira, eta sintoma hauek ager daitezke: gorputz-adar batean edo gehiagotan indarra edo sentikortasuna galtzea, begi batek ikusmena galtzea, ikusmen bikoitza, mugimenduen koordinaziorik eza, kilikadura edo sorrera eta gernu-arazoak, besteak beste», adierazi du IMQ-ko neurologoak

Aurreko sintomak ez ezik, beste batzuk ere badaude, «hain agerikoak ez direnak baina ohikoagoak», hala nola nekea eta zailtasun kognitibo subjektiboak, pazienteen bizi-kalitatea «oso gaizkitzen dutenak».

Euskadiko 2.200 pertsona inguruk dute esklerosi anizkoitza

Esklerosi anizkoitza nerbio-sistema zentralaren neuroendekapenezko gaixotasun inflamatorioa da, eta ezin da prebenitu. Oraindik ez dago gaitza sendatzeko tratamendurik, eta ikertzaileek buru-belarri jarduten badute ere, oraindik ez dakigu zergatik agertzen den. 

Ugalketa-adinean agertu ohi da, 20 eta 40 urte bitartean, eta askoz ohikoagoa da emakumeen artean; izan ere, gaixotasunaren ratioa gizon bakoitzeko hiru emakume ingurukoa da. Era berean, esklerosi anizkoitzak banaketa geografiko ezberdina du: ez da hain ohikoa ekuatoren, eta, ekuatoretik urrundu ahala, maiztasuna areagotu egiten da.

Esklerosi anizkoitza da gaixotasunagatiko desgaitasun-kausa nagusia gazteen artean, baina datu hori «gaixotasunaren eboluzioa geldiarazteko botikarik ez zegoen garaikoa da». Euskadin, 100.000 biztanleko 100 gaixo inguru daude; hots, 2.200 pertsona baino gehiago.

Neurologiako espezialistek diagnostiko zuzena egin ondoren, profesional horiek badituzte  gaixotasunaren eboluzioa aldatzeko sendagaiak, eta «agerraldiak oso modu eraginkorrean prebenitzeko eta eboluzio aurrerakorra eta, ondorioz, desgaitasuna, atzeratu edo prebenitzeko», amaitu du azaltzen IMQ-ko neurologoak.