Iradokizunak
07.11.2024
Erradiologiaren Nazioarteko Egunak, urtero azaroaren 8an ospatzen denak,1895ean Wilhelm Conrad Roentgen alemanek X izpiak aurkitu izanaren urteurrenaren oroitzapena egiten du. Aurkikuntza hura lan zientifikoaren emaitza izan zen, eta ekarpen itzela ekarri zion medikuntzari bereziki eta gizateriaren osasunari oro har.«Hainbat ikerlanen arabera, gaur egun, diagnostiko medikoen % 85 inguru txosten erradiologikoetan oinarrituta daude. Horrek erakusten du zein garrantzitsua den gure espezialitatea; izan ere, arlo mediko eta kirurgiko ia guztietan gaude presente», azaldu du Gonzalo Solís sendagileak, IMQ Zorrotzaurre Klinikako Irudi bidezko Diagnostiko zerbitzuko arduradunak.
Adituak zehaztu duenez, erradiologia modernoa erradiazio ionizatzaileaz, ultrasoinuez, eremu magnetikoez eta irrati-maiztasunaz baliatzen da gorputzaren, gorputzeko organoen eta egituren irudiak lortzeko. «Horretaz guztiaz baliatzen gara diagnostiko zehatzak egiteko eta gaixotasun batzuk ahalik eta zauri txikienak eginez tratatzeko (erradiologia eta ekografia interbentzionisten bitartez)».
Erradiologia-arloan izandako aurrerapen teknologikoei esker, egungo ekipamenduek irudi argiagoak ematen dituzte denbora gutxiagoan eta seguruago, hots, erradiazioarekiko esposizioa txikiagoa izanda.
Etorkizunari dagokionez, «adimen artifizialaren eskutik etorriko da, zeinak erradiologoen eskura gaixotasunak saihesteko, zehatzago diagnostikatzeko eta albo-ondorio gutxirekin tratatzeko tresna prediktibo baliagarriak jarriko dituen», adierazi du IMQ-ko erradiologoak.
Izan ere, erradiologia da gaur egungo adimen artifizialaren aitzineko tresna informatikoak –hala nola ordenagailuz lagundutako (CAD) detekzio-sistemak, irudi medikoen interpretazioan negatibo faltsuen tasak gutxitzeko diseinatutako teknologia– lehenen erabiltzen hasi ziren osasun-diziplinetako bat. Dena den, erradiologo adituak ordezkaezina izaten jarraitzen du. Ekipamendu teknologikoak eta ezagutzakoak eguneratzea da beste funtsezko alde bat.
«Berrikuntza teknologikoak ezagutzak etengabe eguneratzera behartzen gaitu, bai diagnostikoaren arloan, bai arlo terapeutikoan. Gainera, punta-puntako teknologian etengabeko inbertsioa izatea, IMQ Zorrotzaurre Klinikak egiten duen bezala, ezinbestekoa da asistentziaren kalitatearen eta segurtasun klinikoaren estandar handienak lortzeko», azpimarratu du Gonzalo Solís doktoreak.
IMQ Zorrotzaurre Klinikako Irudi bidezko Diagnostiko Zerbitzua guztiz espezializatuta dago eta diziplina anitzeko profesional-talde batek osatzen du (mediku espezialistak, erizainak, erradiodiagnostikoko teknikari espezialistak, laguntzaileak eta administrariak, besteak beste), eta pazienteek eta fakultatiboek eskatutako premia diagnostikoak eta zauri txikiko larruazalean zeharreko tekniken premiak betetzea du helburu.
«Irudi bidezko Diagnostiko Zerbitzuak zerbitzu-zorro ugaria du, funtsezko zerbitzu orokorra da IMQ Zorrotzaurre Klinikan, eta larrialdietako, ospitalizazioko, jarduera kirurgikoko eta jarduera anbulatorioko prozesuetan ematen ditu zerbitzuak», azaldu du zerbitzuko arduradunak, eta, halaber, adierazi du proben emaitzak (irudiak eta txostenak) Irudien Komunikazio eta Artxibo Digitaleko Sistema (PACS, ingelesezko sigletan) batean gordetzen direla, zeinak pazientearen historia erradiologiko integratua izatea errazten duen.
Zerbitzu horrek hainbat teknika diagnostiko eta ekipamendu ditu. «Alde batetik, erradiazio ionizatzailea erabiltzen duten ohiko erradiologia digitalizatua, mamografia eta dentsitometria. Gainera, ordenagailu bidezko tomografia axial detektagailu aniztuneko ekipamendu batzuk ditugu (OTA odo eskanerra ere esaten zaio), erradiazio ionizatzailea ere erabiltzen dutenak, eta, gainera, esaterako, kasu onkologikoetan erradioterapia-tratamenduetarako plangintzak egiteko aukera ematen dutenak. Beste diagnostiko-mota bat erresonantzia magnetikoa da, eta horrek eremu magnetikoak erabiltzen ditu. Ekografiak ere egiten ditugu, ultrasoinuez baliatzen direnak azken belaunaldiko tresnekin irudiak sortzeko. Eta azkenik, eremu terapeutikoan, ekografia eta erradiologia baskular interbentzionista ditugu, Erradiologiko azpiespezialitateak, zeinen ikuspegia zauri txikiko tekniken bidez gaixotasunen espektro zabal baten diagnostikoan eta tratamenduan oinarritzen den», azaldu du Solís doktoreak.
IMQ Zorrotzaurre Klinikako Irudi bidezko Diagnostiko Zerbitzuak, halaber, Nazioarteko Joint Commission-en kalitate-egiaztapen gorenak eta UNE-EN ISO 9001-2008 egiaztapena ditu, eta haren «lehentasunezko» helburua da «pazientearen irudiak eta babes erradiologikoa lortzeko optimizazioa ziurtatzea, baita erradiazioaren eraginpean dauden langileek eta, oro har, jendeak jasotako dosiak oso txikiak izatea ere, zentzuz lor daitekeenaren arabera, indarrean dagoen legeria betez», amaitu du azaltzen IMQ-ko erradiologoak.
Erradiologiaren Nazioarteko Eguna Erradiologoen eta Erradiologiako Teknikari Espezialisten Nazioarteko Sozietateak (ISRRT, ingelesezko sigletan) antolatzen du, helburu honekin: jendea sentikor bihurtzea Irudi bidezko Diagnostikoaren zerbitzuek medikuntza modernoan duten eginkizunarekiko ez ezik, erradiologiaren babesarekiko eta erradiologoak pazientearen arretan betetzen duen funtzioarekiko ere.
La osteoporosis es la principal causa de fracturas por insuficiencia en mujeres mayores de 65 años y en mujeres postmenopáusicas con factores de riesgo
IMQ y Grupo Scanner Vizcaya abren un nuevo centro diagnóstico de radiología en Bilbao
IMQ incorpora la imagen mamaria sintética para mejorar la detección del cáncer de mama