Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Depresioa da osasun mentalen arazoek eragindako desgaitasunaren lehen kausa

10.01.2025

Depresioa da osasun mentalen arazoek eragindako desgaitasunaren lehen kausa
  • Biztanleriaren % 3,8k omen du; helduen % 5ek eta 60 urtetik gorakoen % 5,7k, eta % 50 ohikoagoa da emakumeen artean gizonen artean baino.

  • Kasu askotan depresioa prebenitu ezin bada ere, bizimoduan izandako zenbait aldaketa onuragarriak izan daitezke epe luzera.

Depresioa, edo depresio-nahasmendu larria, gaixotasun arrunta eta larria da, eta eragin negatiboa du pertsonak sentitzeko, pentsatzeko eta jarduteko duen moduan. Psikiatriako patologiarik ohikoenetako bat da, eta osasun mentaleko arazoek eragindako desgaitasunaren lehen kausa. Hori dela eta, urtero, urtarrilaren 13an, Depresioaren aurkako Munduko Eguna gogora ekartzen da, osasun mentaleko patologia hori gaurkotasunaren erdian jartzeko asmoz.

Eta badaude horretarako arrazoiak. Izan ere, Blanca Ugarte sendagileak, Gasteizko  IMQ Amárica Zentro Medikoko psikiatrak, adierazi duenez, «biztanleriaren % 3,8k omen du; helduen % 5ek eta 60 urtetik gorakoen % 5,7k, eta % 50 ohikoagoa da emakumeen artean gizonen artean baino».

Nahasmenduaren agerpena faktore sozial, psikologiko edo biologikoen araberakoa izan daiteke, nahiz eta pertsona batzuk ageriko arrazoirik gabe deprimitu egin daitezkeen, eta zahartzaroan, etapa horretako bizi-aldaketek depresioa izateko arriskua areagotu dezakete.

«Egiaztatuta dago osasun-eritasunek, genetikak, estresak, jarduera fisikorik ezak, gizarte-isolamenduak eta bakardadeak eragina izan dezaketela gaixotasun horren garapenean, eta, hortaz, ezinbestekoa da adi egotea gertuko pertsonengan osasun mentaleko arazoren bat dagoen jakiteko, bereziki adintsuengan».

Adinekoengan, egoitza batera joateko etxetik alde egitea, seme-alabengadik urrun egotea, ezkontidea edota lagunak hiltzea, independentzia galtzea eta autonomiarik ez izatea «depresioa okerragotu edo agerrarazten duten arrazoi batzuk dira», adierazi du psikiatrak.

Síntomak

Triste egotearen eta depresio klinikoa izatearen arteko aldea azpimarratu du adituak. «Tristura ohiko sentimendua da gizakiengan, berezko eta berehalako erantzuna, egoera negatiboak gertatzen direnean, eta moldatze-funtzioa du, funtzionala. Hala ere, depresioa gogo-aldartearen nahasmendua da, eta ondoez sakoneko egoera dakarkio pertsonari».

Hauek dira patologia horren sintoma ohikoenak, IMQ Amárica zentroko psikiatraren hitzetan: «tristura, suminkortasun eta hutsune sentimenduak izatea egunaren zati handi batean; interesa galtzea eta lehen gustuko zituzten jarduerez gozatzeko ezintasuna (anhedonia); autoestimu txikia edo errudun-uste neurrigabea; etorkizunari buruzko itxaropenik eza; heriotza edo suizidio asmo errepikariak; kontzentratzeko gaitasuna murriztea; loaren nahasmenduak (loezina edo, aitzitik, gehiegizko loa); nekea edo asaldura; aldaketak janguran eta pisua galtzea edo handitzea».

Aurreko adierazpenek zailtasunak eragin diezazkiekete jasaten dituztenei, norbanakoari dagokionez ez ezik, lanari, ikasketari, familiari eta gizarteari dagokienez ere. Hala ere, Ugarte doktoreak ohartarazi du depresio guztiak ez direla berdinak. «Sintomen larritasunaren eta pertsona baten ohiko funtzionamenduari eragiten dioten moduaren arabera, depresio-gertaerak arinak, moderatutak edo larriak izan daitezke».

Prebentzioa

Kasu askotan depresioa prebenitu ezin bada ere, bizimoduan izandako zenbait aldaketa onuragarriak izan daitezke epe luzera. Horregatik, gomendagarria da, espezialistak adierazi duen bezala, «jarduera fisikoa modu erregularrean egitea, dieta orekatua izatea, lo-ordutegiak errespetatzea, gogoko jardueretan parte hartzea eta senide eta lagunekin harremanak izatea».

Diagnostikoa eta tratamendua

«Bereziki garrantzitsua» da mota horretako edo beste mota bateko patologia mentalen bat dagoela adieraz dezaketen alarma-seinaleak garaiz identifikatzea. «Esku-hartze psikologiko goiztiarra, pazientearen beharretara egokitua, depresioaren aurkako lehen urratsa izan daiteke. Tratamendua zenbat eta lehenago hasi, orduan eta azkarragoa eta onuragarriagoa izango da gaixotasunaren bilakaera», adierazi du.

Psikoterapiak, bestetik, «laguntza emozionala eta segurtasuna ematen dizkio pazienteari, eta bestelako moduan pentsatzen, egoerak kudeatzen eta besteekin harremanetan jartzen irakasten dio».

Pazienteaz arduratzen den profesionalak beharrezkotzat jotzen badu, edo sintomen iraunkortasuna edo larritasuna dela eta, «litekeena da psikiatrarengana jo behar izatea, sintomak jasaten lagunduko duten psikofarmakoak hartu behar dituen azter dezan», amaitu du azaltzen IMQ Amárica Zentro Medikoko espezialistak.