Iradokizunak
14.08.2024
Lehen entrenamendua (abuztuaren 19an) hasteko bost egun falta direla, Surne Bilbao Basket taldeko jokalariek eliteko nahitaezko osasun- eta kirol-azterketak hasi dituzte, gaur goizean, Bilboko IMQ Virgen Blanca Klinikako Kirol Medikuntzako Unitatean, denboraldia hasi aurretik. Proba horien bitartez, saskibaloilarien sasoia bermatzeaz gain, datuak biltzen dira denboraldian zehar jokalari bakoitzaren entrenamendua optimizatzeko.
Bilbao Basket-eko osasun-zerbitzuen eta Klinikako Kirol Medikuntzako Unitateko arduradun Markel Pérez sendagilearen begirada arretatsupean, ‘beltzez jantzitako gizonei’ osasun-proba batzuk egiten hasi zaizkie, eta horiek Andre Mariaren Jasokundearen jaiegunean amaituko dira, abuztuaren 16an.
Orain arte, jokalari hauei egin zaizkie azterketa medikoak: Rubén Domínguez, Harald Frey, Thijs De Ridder, Tryggvi Hlinason eta Xavi Rabaseda. Eta ostiralean, jokalari hauek egingo dituzte eliteko osasun- eta kirol-azterketak: Kristian Kullamäe, Amar Sylla, Melwin Pantzar, Tomasz Gielo, Muhammad Ali Abdur-Rahkman eta Zoran Dragic.
«Balorazio antropometrikoa ez ezik —gorputzaren pisua, altuera, gorputz-masaren indizea, koipe-ehunekoa kalkulatzeko larruazal-tolesturak eta kirolariaren nutrizio-egoeraren balorazioa barne hartzen ditu—, balorazio osteomuskularra ere hartzen du azterketa medikoak, ezinbestekoa baita denboraldiaren hasierara begira», azaldu du Markel Pérez doktoreak.
IMQ-ko espezialistak, halaber, esfortzu-proba, laktatoaren neurketa eta guzti, ere aipatu du: «esfortzu-proba, ergonometria izenaz ere ezagutzen dena, azterketa espezializatua da, eta kirolari batek ariketa fisikoa egitean agertzen duen osasun-egoera ezagutzeko egiten da, ariketan zehar, besteak beste, bihotzaren eta muskuluen erantzuna ikusteko. Proban, jokalari bakoitzaren bihotz-maiztasun maximoari buruzko datuak lortu ohi ditugu, baita horren atalase aerobikoari eta atalase anaerobikoari buruzkoak ere, eta, kasu honetan, proban sortutako laktato-zifrak ere neurtzen ditugu. Karbohidratoaren degradaziotik deribatutako konposatu kimiko bat da laktatoa, eta zeregin nabarmena du kirolarien errendimenduan; hortaz, interesgarria da hori neurtzea, haren jarraipena egiteko».
«Informazio horrek guztiak», jarraitu du azaltzen IMQ-ko Kirol Medikuntzako Unitateko arduradunak, «saskibaloilari bakoitzaren osasun-egoerari buruzko datu zehatzak emateaz gain, bere entrenamendua banaka optimizatzeko aukera ematen du, eta horrela entrenamendu-plana egokiagoa izango da eta lana zehatzagoa, atalase aerobikoa eta anaerobikoa zein diren dakigulako».
Bilbao Basket-ek test horiek taldea prest jarri aurretik duten garrantzia azpimarratu du. «IMQrekiko lankidetza funtsezkoa da norabide egokian aurrera egiteko, hots, jokalarien sasoi bikaina lortzeko denboraldian zehar. Informazio horrek, halaber, lesioak prebenitzen lagun diezaguke», azaldu digu Surne Bilbao Basket-eko Medikuntzako arduradun Javier Gil trebatuak.
IMQ-k —aurten 90. urteurrena beteko du pertsonen eta taldeen, hala nola kirol-taldeen osasunaren zerbitzura—, eliteko kirol profesionalaren nahiz oinarrizko kirolaren alde jokatu du beti, eta, hortaz, kirol-erakundeek datozen belaunaldien osasuna sustatzeko egiten dituzten jarduera askori ematen dio laguntza.
Gaur egun, IMQ da Surne Bilbao Basket eta Baskonia saskibaloi-taldeen nahiz Athletic Club, Deportivo Alavés eta SD Eibar futbol-taldeen aseguratzaile mediko ofiziala, besteak beste.
Bilbao Basket vuelve a confiar a IMQ la salud de los “hombres de negro”
La afición del Bilbao Basket retorna este jueves a Miribilla, convertido en el primer estadio de baloncesto de Europa en certificar su seguridad sanitaria
El Bilbao Basket gana con un triple en seguridad sanitaria