Balioak jakinarazterakoan adinekoei dagokien zeregina azpimarratzen duen argazki erakusketa, ikusgai Metro Bilbaon
19/06/2017

“Historias que cuentan / Izan garelako oraindik ere bagara”
- IMQ Taldeko Igurco Servicios Sociosanitarios-ek eta EHUk antolatu dute erakusketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Metro Bilbaoren laguntzarekin.
- Foru Aldundiak Otxarkoagan eta San Adrianen (Bilbo), Leioan, Aiboan (Getxo), Ondarroan eta Ugao-Miraballesen dituen eguneko egoitzetako adinekoak dira erakusketaren protagonistak.
- Argazki eta testuen bidez, adinekoen bizitzen historia laburrak erakusten dira tauletan: besteak beste, baserrietan, itsasoan, meatzaritzan edo Labe Garaietako eskoletan lan egin zuten emakumeen eta gizonen bizitzak.
- Indautxu metro-geltokian jarriko dira ikusgai taulak, uztailaren bukaera arte, eta Moyua metro-geltokian, abuztuan.
“Adinekoek eta euren bizipenek beren baitan jakinarazi beharreko altxorra dutela ohartzen zarenean, hori kontatzeko beharra sentitzen duzu”. Horixe da, hain zuzen ere, IMQ Taldeko Igurco Servicios Sociosanitarios erakundeko gizarte-langile Sonia Robles belaunaldi berriei adinekoek “ezagutzak eta gertaera historikoak jakinarazteko eta balioak irakasteko duten ahalmena” nabarmentzeko erakusketa antolatzera bultzatu duen leitmotiva.
Horrela, Euskal Herriko Unibertsitateak atseginez hartu zuen ideia.“Erakusketarako materialak egiteko, gurekin praktikak egiten dituzten Iraide Álvarez Muguruza eta Begoña Rodríguez Arteaga EHUko ikasleen laguntza izan dugu. Halaber, Olga Macías EHUko irakaslea buru-belarri aritu zen gurekin testuak egiten”.
Erakusketaren ezinbesteko aldea den argazkiari dagokionez, “argazkilaritzako profesional entzutetsu Asier Camacho izan da gure artean. Argazkiak egiteko, hainbat lekutara joan, agertokiak prestatu eta protagonistak izan diren adinekoen senide eta lagunekin harremanetan jarri behar izan da”.
Emaitza ezin hobea izan zen eta erakusketaren ideia “oso ondo hartu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Metro Bilbaok, eta berehala eskaini ziguten laguntza”, adierazi du IMQ Taldeko Igurco-ko gizarte-langileak.
Erakusketa
“Historias que cuentan / Izan garelako oraindik ere bagara” izeneko erakusketa, Indautxu metro-geltokiaren (Urkijotik sarbidean) barruan jarri da ikusgai, uztailaren bukaera arte, eta Moyua metro-geltokian, abuztuan. Erakusketaren inaugurazioan, egileak, protagonistak, laguntzaileak eta adinekoen senideak ez ezik, hainbat agintari ere izan dira, hala nola, Sergio Murillo Corzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusia; Josune Sauto, Azpiegiturak erakundeko Marketin eta Ustiapeneko zuzendaritzakoa; Susana Palomino, Metro Bilbaoko Marketin eta Komunikazioko burua; Ana Eva Jiménez, IMQ-ko Komunikazio sailekoa, eta Santiago Canales, IMQ Taldeko Igurco Servicios Sociosanitarios-eko zuzendari kudeatzailea.
Erakusketa zazpi taulak osatzen dute: horietako bat, informazio-taula da, eta sei adinekoren sei argazki ditu, horien bizitzen gainean. Erakusketa ele bitan, hots, euskaraz eta gaztelaniaz antolatu da.
Lehenengo taularen protagonista 98 urteko Félix Muñoz Martín da; Abandoko geltokian ikusgai jarri den taulak, Bilbok joan den mendearen erdialdean jaso zuen migrazio-korrontea islatzen du.
Beste taula batean, Labe Garaietako langileen seme-alabentzako eskolak agertzen dira eta 5 urteko Julen eta 74 urteko Maruja ditu protagonistak, ikaslea eta irakaslea, hurrenez hurren.
Itsasoko emakumeak ere agertzen dira: Ondarroako kaien argazki batean, María Concepción Osa Zubicaray (Miren), 82 urtekoa, María Trinidad Bengoetxea Burgoa (Trini), 80 urtekoa, eta María Mercedes Zarraga Larrañaga, 83 urtekoa, agertzen dira.
Beste taula batean, Simona Zuluaga Larrinaga, 88 urtekoa, agertzen da, besoetan bildots bat duela, mendez mende familiaren ekonomian parte hartzen nekazaritzan lan egin zuten “lurreko emakumeen” erakusgarri.
Herri-kirolak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako lanak ere daude ikusgai: argazki batean, Fermín Iturbe, 65 urtekoa, eta horren semea, Ekaitz, 29 urtekoa, agertzen dira, bi idi ikusgarriren aurrean.
Azkenik, meategien lanaren gogortasuna, Gallartan 81 urteko Berta Riesco Gonzálezi ateratako argazki batean erakusten da: gaztetan, meategietan lan egin behar izan zuen Bertak, aldi berean langile eta ama izanda.
Erakusketa hori egiteko beste pertsona eta erakunde batzuek ere parte hartu dute, hala nola, Santutxuko Adinekoen Elkarteak (Bonaparte zentroa), Gazteleku Elkarteak (Errekalde, Bilbo), Portugaleteko Udalak, Uxuluze baserriak, Astobizatarrek (Orozko, Bizkaia), Customeus (Bilbo), Laura eta Maruja Santutxuko adinekoen antzerki-taldekoek, Iturbe anaiek (Arrieta, Bizkaia), Ondarroako emakume saregileek, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa (Gallarta, Bizkaia), Quesos Olarrekoa (Zeberio, Bizkaia) eta Rialia, Industriaren Museoa (Portugalete, Bizkaia).