Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Urtero 2.200 erreakzio alergiko larri inguru gertatzen dira Euskadin, eta horietatik berrogeita hamar inguru hilgarri izan daitezke

05.07.2024

Urtero 2.200 erreakzio alergiko larri inguru gertatzen dira Euskadin, eta horietatik berrogeita hamar inguru hilgarri izan daitezke
  • Garrantzi  handia du elikadura-intolerantziak eta alergiak bereizteak. Lehenengoek eragin kaltegarria dute bizi-kalitatean, baina bigarrenek azkar eta ustekabean hil dezakete.

  • Oso ohikoak diren oinarrizko elikagaiekiko alergietan, espezialistak ahozko immunoterapiako tratamenduak egiten ari dira, zeinetan alergia eragiten duen elikagaiaren kantitate gero eta handiagoak ematen diren, gutxieneko tolerantzia lortu arte.

Hizkera arruntean pertsona askok elikagaiak hartu ondoren sortutako edozein arazo intolerantziatzat hartzen duten arren, egia esan, alergia eta intolerantzia bi prozesu erabat desberdinak dira, eta, ondorioz, horien sintomak eta ondorio klinikoak, erabat desberdinak. Hori dela eta, herritarrek alergiez duten ezagutza eta sentsibilizazioa areagotzeko, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Alergiaren Mundu Erakundeak Alergiaren Munduko Eguna sortu zuten duela urte batzuk; hala, uztailaren 8ro gaia nabarmendu egiten da.

IMQ-ko alergologo Pedro Gamboak azaldu duenez, elikadura-intolerantziak digestio-hodiko entzima-akatsek eragindako nahasmenduak ohi dira. «Digestio-entzimak jaten ditugun azukreen (esnearen eta esnekien laktosa tipikoa, fruta eta barazkietan dagoen fruktosa, edo sorbitola, besteak beste) egitura kimikoa sinplifikatzeaz arduratzen dira, eta hesteetako mukosak xurgatu eta organismoan sartzea ahalbidetzen dute. Entzima horien gabezia partziala edo erabatekoa izanez gero, azukre horiek ezin dira xurgatu, digestio-hodiaren barruan metatzen dira eta nahasmenduak eragiten dituzte (hartzidura, adibidez), hala nola abdomeneko hantura, sabelaldeko mina, goragaleak, gorakoak edo beherakoak, besteak beste».

Ikus daitekeenez, sintomak digestio-sistemara mugatzen dira, pazientearen bizitza inola ere arriskuan jarri gabe. Hala ere, pertsonen bizi-kalitatea nabarmen kaltetu dezakete, intolerantzia duen pertsonak elikagai horiek kontsumitzen dituen bakoitzean egunero edo oso maiz agertzen direlako. Entzima-nahasmendu horiek pertsonaren bizitzan zehar iraun dezakete, oinarri genetikoa izanez gero. Beste batzuetan, berriz, aldi baterakoak izan daitezke, hesteetako infekzio-prozesuen ondoren edo beste digestio-patologia batzuk larriagotzearen ondorioz gertatzen direnean.

Elikadura-intolerantzien diagnostikoa historia kliniko zuzenaren eta zenbait analisi klinikoren bidez egiten da, arnastutako airean egindako laginekin, pazientearen hesteetan akats horiek daudela agerian uzten dutenak. «Beste analisi kliniko batzuk odolean egiten dira, eta ehunka elikagairi intolerantziak detektatzen omen dizkiete, baina ez dute babes zientifiko nahikorik», adierazi du alergologoak.

Intolerantzia diagnostikatu ondoren, tratamendua dietetikoa da, hots, intolerantzia duen pertsonak xurgatu ezin dituen azukreen eduki ugariko elikagaiak hartzea erabat saihesten da edo ahalik eta gehien murrizten.  

Elikaduragatiko alergiak

Bestetik, elikaduragatiko alergiak nahasmendu immunologikoak dira. «Janari-alergiak dituzten pertsonek elikagai baten edo gehiagoren proteinak arrotz eta potentzialki kaltegarritzat hartzen dituzte. Beren organismoek immunoglobulina bat sortzen dute, E immunoglobulina sonatua, defentsa-mekanismo posible gisa. Haatik, hasierako sentsibilizazioaren ondoren, elikagaiarekin gerora kontaktua izanez gero, hainbat substantzia askatuko dituzte mastozito eta basofilo izeneko zelulek, hala nola histamina, leukotrienoak eta triptasak, zeinek berehalako erreakzio alergikoen ohiko sintomak sortzen dituzten», zehaztu du IMQ-ko alergologoak.

Hala, alergia eragiten duen elikagaia hartu eta denbora gutxira, «sintoma hauetako bat edo batzuk hasi ohi dira: ahoko azkura, orokortu daitekeena, aurpegiko edo beste eremu batzuetako hantura, goragalea, gorakoak, beherakoa, arnasa hartzeko zailtasuna, eztula, zorabioa, eta, oso kasu larrietan, shock anafilaktikoa eta heriotza».

Elikagaiak dira anafilaxien kausa nagusia; urtean 100.000 pertsonako 100 kasu inguru agertzen dira, eta horien heriotza-tasa % 0,5 eta % 2 artekoa da. Horrek esan nahi du Euskadin erreakzio anafilaktikoen urteko intzidentzia-zifra 2.200 kasu ingurukoa dela.

Lehen haurtzaroan, esnea eta arrautza dira elikadura-alergiak gehien eragiten dituzten elikagaiak. «Hazi ahala, gure dietari eta alergiei beste elikagai batzuk gehitzen zaizkie, hala nola fruitu lehorrak, arrainak, itsaskiak, lekaleak eta abar. Gure ingurunean, helduaroan, begetaleen lipidoak, bereziki, fruta arrosazeoenak (kontsumo masiboko fruta-espezie asko, hala nola sagarra, udarea, irasagarra, mertxika, arana, gerezia, abrikota, mizpira) eta fruitu lehorrenak garraiatzen dituzten proteinekiko alergia da janari-alergiaren lehen kausa maiztasunari dagokionez».

Alergologoak larruazaleko proben eta analisien bidez alergia eragiten duten elikagaiak zein diren diagnostikatu ondoren, tratamendua elikagaiak zorrotz saihestea izango da.

Hainbatetan, elikaduragatiko alergia bizitza osoan zehar dirau. Horren haritik, Pedro Gamboa sendagileak hau azaldu du: «oinarrizko elikagaiekiko edo gure dietan oso ohikoak diren eta, hortaz, nekez saihets daitezkeen elikagaiekiko alergia badago, ahoko immunoterapiako tratamenduak egiten ari gara elikagaiekin. Elikagaiaren kantitate gero eta handiagoak ematean datza, pertsonak elikagaiaren ohiko dosi bat onar dezan (baso bat esne edo arrautza bat, adibidez) edo, behintzat, elikagaiak ustekabean hartzeagatik anafilaxiak saihesteko adinako kantitateak».

Aurrekoa gorabehera, «kasu askotan, janari-alergia duen pertsonak beti eraman beharko du berekin norberak injektatzeko adrenalinadun gailu bat, eta hori ahalik eta azkarren injektatuko da alarma datuekin erreakzionatzen hasiz gero. Elikagaiekiko erreakzio alergikoa geldiarazteko tratamendu sintomatiko eraginkorrena da, eta bizia salba diezagukeen botika», amaitu du azaltzen IMQ-ko alergologoak.