Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Pankreako minbiziak eragindako heriotzak bikoiztu egin dira Euskadin azken 25 urteetan

14.11.2024

Pankreako minbiziak eragindako heriotzak bikoiztu egin dira Euskadin azken 25 urteetan
  • 1999an, 211 heriotza erregistratu ziren, eta 2023an, aldiz, 475, neoplasiaren intzidentzia gorakorraren eraginez.

  • Denboraldi horretan, tumore-mota horren eraginez hiltzen diren gizonen eta emakumeen ehunekoa egonkor dago, % 50 inguruko kopuruetan.

  • Kopuru absolutuetan Bizkaian gertatzen da heriotza gehien, baina biztanleriaren proportzioa kontuan hartzen badugu, Gipuzkoan.

Prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan aurrera egiteko ahalegin ugari eta askotarikoak egin arren, pankreako minbizia medikuntza modernoko ‘piztia beltzetako’ bat da oraindik ere. Hori dela eta, urtero, Pankreako Minbiziaren Mundu Koalizioak mundu-mailan gogorarazten du neoplasia hilgarri horren aurka borrokatzen jarraitzeko beharra, Pankreako Minbiziaren Mundu Egunaren bitartez. Aurten, azaroaren 21a.

EAEn, tumore horren hilgarritasuna etengabe handituz doa. «Euskadin, 1999an, 211 heriotza erregistratu ziren, eta 2023an, aldiz, 475; hazkundea moderatua da, baina etengabea urteetan zehar», azaldu du Clara Eíto doktoreak, IMQ Zorrotzaurre Klinikako Institutu Onkologikoaren koordinatzaileak.

Denboraldi horretan, tumore-mota horren eraginez hiltzen diren gizonen eta emakumeen ehunekoa «egonkor dago, % 50 inguruko kopuruetan». Lurralde historikoen araberako banaketari dagokionez, «iaz pankreako minbiziak eragindako 55 heriotza izan ziren Araban; 237, Bizkaian eta 183, Gipuzkoan. Kopuru absolutuetan Bizkaian erregistratzen da heriotza gehien, baina Gipuzkoan ematen dira heriotza gehien biztanleriaren proportzioa kontuan hartzen badugu», adierazi du Eíto sendagileak.

Pankreako minbizia hamabigarren minbizi-mota ohikoena da mundu osoan, baina minbiziak eragindako heriotzen hirugarren kausa da, batez beste, Giza Garapenaren Indizea (GGI) oso altua duten herrialdeetan. Espainian, 2023an, 8.111 pertsona hil ziren pankreako minbiziaren eraginez.

Patologia horren intzidentziari dagokionez, «handitu egiten da adindu ahala. Izan ere, pazienteen % 80 60 urtetik aurrera diagnostikatzen dira».

«Pankreako tumore gaizto gehienak, % 90 inguru, adenokartzinoma duktalak dira. Zoritxarrez, gaur egun, pronostiko txarra du tumoreak», onartu du IMQ-ko espezialistak.

Izan ere, neoplasia-mota horrek % 20tik beherako biziraupen orokorreko tasak ditu diagnostikoa egin eta hamabi hilabetera. Diagnostikoa egin eta bost urtera, ehuneko hori % 5 ingurura jaisten da. «Kausa, neurri handi batean, barreiadura baskular, linfatiko eta perineural goiztiarra da. Horren ondorioz, paziente gehienek (% 85 inguru) gaixotasuna barreiatuta dute diagnostikoaren unean. Tumore-zelulak organismoan sakabanatzen direnez, oso gutxitan sendatzen da minbizia, eta tratamendu aringarriak erabili behar izaten dira ahal den neurrian pazientearen bizi-kalitateari laguntzeko».

Pankreako minbizien ehuneko txiki bat ( % 15etik % 20ra bitartekoa) baino ez da kirurgia bidez erauzten; kirurgia «konplexu eta erikortasun handikoen bidez, eta kimioterapia eta erradioterapiako tratamendu lagungarrien bitartez», azaldu du Eíto doktoreak.

Sintomak

Pankreako minbizia duten pazienteen sintoma ohikoenak hauek dira: abdomeneko mina, ikterizia (larruazalaren eta mukosen kolorazio horixka, odolean behazun-pigmentu gehiago izateagatik gertatzen dena) eta pisu-galera. Hala ere, sintoma horietako asko ohikoak dira beste gaixotasun batzuetan, eta sintoma berberak egoteak zaildu egiten du diagnostikoa egitea, eta kasu askotan diagnostikoa lortzeko denbora gehiago behar izaten da.

Pankreako minbizia duten pazienteen sintomak «oso zehaztugabeak dira. Horregatik, paziente horien diagnostikoa eta tratamendua konplexuak direnez, eta behar bezala maneiatzeko arreta espezializatua etengabe behar izaten denez, ezinbestekoa da diziplina anitzeko talde oso espezializatuek, egoki koordinatzen direnek eta esperientziadunek parte hartzea», azpimarratu du IMQ-ko espezialistak.

Kausak

Pankreako adenokartzinoma duen pazientea maneiatzeko jarduera-protokoloa izeneko dokumentuan adierazi den bezala, oraindik ez da ezagutzen neoplasia horren jatorria. Hala ere, badira arrisku-talde batzuk, hala nola industria petrokimikoaren konposatuen eraginpean lan egiten dutenak, konposatu organokloratuen eraginpean lan egiten dutenak, hasi berriko diabetesa dutenak (bereziki, 60 urtetik aurrera), pankreatitis kronikoa dutenak, pankreatitis tropikal kaltzifikatzailea dutenak, neoplasia intraduktalmuzinosoa dutenak, pankreako tumoreen familia-agregazioa dutenak eta pankreako minbiziari lotutako sarkortasun handiko sindrome hereditarioak dituztenak (koloneko minbizi hereditario ez-poliposikoa, BRCA geneari lotutako bularreko eta obulutegiko minbizi hereditarioa, pankreako minbizi familiarra, pankreatitis hereditarioa eta fibrosi kistikoa, besteak beste).