Iradokizunak
23.07.2018
Mundu guztian Norbere Zaintzaren Nazioarteko Eguna (uztailaren 24a) ospatzen dela aprobetxaturik, Donostiako IMQ Zurriola medikuntza- eta kirurgia-zentroak, ariketa terapeutikoari buruzko programa bat martxan jarri duela aditzera eman du. Programa hori medikuek zuzenduko dute eta gaixotasun kronikoak dituzten pazienteentzat –IMQ euskal aseguratzailearen bezeroak izan ala ez– sortu da.
Kirol-medikuntzan espezialista den eta eliteko kirolariak (hala nola, ONCE eta US Postal Service taldeetako txirrindulariak, Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariak eta San Sebastián-Gipuzkoa Basket-eko saskibaloilariak) zaintzen 25 urte baino gehiagoko esperientzia duen Jose F. Aramendi Medikuntzan doktoreak zuzentzen du programa hori.
Aramendi sendagileak adierazi duenez, ariketa terapeutikoa “botikak bezain eraginkorra da gaixotasun batzuetan”. 2013an British Medical Journal-en argitaratutako ikerlan meta-epidemiologiko batean “egiaztatu da gaixotasun koronarioan, bihotzeko gutxiegitasunean, iktusean eta prediabetesean ariketa terapeutikoak eragiten duen heriotza-tasaren murrizketa botikek eragiten dutenaren antzekoa dela. Izan ere, badakigu, zientifikoki, ariketa terapeutikoa eraginkorra dela 25etik gorako patologia ezberdinetan. Ez dago hain ondorio orokorra duen botikarik”, azpimarratu du.
“Are gehiago, ariketa terapeutiko gainbegiratua tratamendu bezala erabili ohi da, esaterako, aldizkako klaudikazioan (arterioesklerosiak beheko gorputz-adarretan eragiten duen patologia, ibiltzean mina eragiten duena). Gaixotasun horretan, ariketa terapeutiko gainbegiratuak kirurgia bezain eraginkorra eta ariketa ez gainbegiratua baino eraginkorragoa dela erakutsi du”.
Halaber, Aramendi doktoreak ariketa terapeutikoak gaixotasun kronikoak dituzten pazienteei dakarkien segurtasuna ere nabarmendu du: “sei azterketa sistematikok –horietakoren batek 10 urteko segimenduko ikerlanak barne hartzen ditu– ariketa terapeutikoa gaixotasun koronarioa, bihotzeko gutxiegitasuna edo iktusa duten pazienteengan segurua dela jakinarazi dute”.
Norbere zaintza
IMQ Zurriolako arduradun mediko Ángel Lafuente sendagileak adierazi duenez, “norbere zaintzaren alde onak hiru alderdi hauetan zehazten dira: patologiak ager daitezen prebenitzea; agertu egin badira, horiek arintzea; eta pazientearen bizi-kalitatea hobetzea, pazientea osasuna zaintzeko eta gaixotasuna tratatzeko prozesuaren erantzunkide eginez”.
Horretarako, sendagileak hainbat alderdi aipatu ditu, norbere zaintza onuragarria izan dadin: “lehenik, ohitura toxikoak baztertzea, hala nola, tabakoa (EAEko biztanleen artean arrisku kardiobaskularreko faktore nagusia) eta alkohola. Aldi berean, jan-neurri osasungarria, askotarikoa, orekatua eta neurritsua izatea; estres kronikoa kontrolatzea; eta bizimodu sozial osasungarria izatea. Alderdi horiek beti daude norbere zaintza zuzenarekin lotuta”.
Haatik, “horiek guztiak “hankamotz” egongo lirateke” jarduera fisiko “erregular eta egokirik gabe”, eta gaixotasun kronikoak dituztenen kasuan, “behar bezala prestatutako profesional mediko batek gainbegiratu behar ditu”.
Programari buruzko xehetasunak
Lehenik, gaixotasun kroniko bat edo batzuk dituen pazienteak hitzordua izango du IMQ Zurriolan programaren arduradun eta kirol-medikuntzako espezialista Jose F. Aramendi medikuarekin. Kontsulta hori doakoa da. Ondoren, pazientearen patologikoa kronikoaren mediku espezialistarekin ere elkartuko da pazientea. Bi mediku horiek paziente horri egin beharreko probak erabakiko dituzte elkarrekin, programa modu seguruan eta gaixoaren ezaugarrien, sasoiaren, osasun-egoeraren eta lehentasunen arabera gara dezan.
Hortik aurrera, pazienteari hoberen dagokion ariketa fisikoa aginduko zaio, Donostiako IMQ Zurriola medikuntza- eta kirurgia-zentroan osasun-profesionalen laguntzarekin egin dezan. Ariketak zuzen egiten ikasi ondoren, pazienteak zentroan bertan, etxean, gimnasioan edo kalean egin ahal izango ditu.
Denboran zehar gainbegiratu eta kontrolatzen da programa, zeren eta horren helburuetako bat osasunaren hobekuntza eta bizi-kalitatea urteetan zehar irautea baita, pazienteak ariketa bere bizimoduan sar dezan. Horregatik, programaren jarduera guztiak banan-banakoak dira.