Iradokizunak
21.07.2023
IMQ Zorrotzaurre Klinikako Medikuntza Nuklearreko zerbitzuak Siemens Healthineers etxearen azken belaunaldiko PET-OTA ekipamendu berria martxan jarri du Radiología Clínica Vizcaya-Grupo Scanner Vizcayarekin elkarlanean. Gailu berri horrek irudi kalitate hobea, azterketa diagnostiko arinagoak eta erradiofarmakoen dosiak murrizteko aukera ematen dizkie profesionalei eta pazienteei, beste ekipamendu batzuekin alderatuta.
Positroi-igorpenezko tomografia (PET) zauri txikiko teknika diagnostikoa da, erradiofarmakoez –atal eta organoen funtzioak ebaluatzen dituztenak–, ganbera berezi batez eta konputagailu batez baliatzen dena. Esate baterako, zelula tumoralen berezko metabolismo azeleratua duten zelulak detektatzeko gai da (erradiofarmakoei esker).
Ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA), bestetik, irudi bidezko proba diagnostikoa da, zeinaren bidez, X izpiez baliatuta, zehaztasun handiz bistara daitezkeen barne-organoak, hezurrak, atal bigunak eta odol-hodiak.
Bi teknologiak batera erabiltzen direnez, inoiz ez bezalako irudi eta xehetasun kalitatea lortzen da, pazientearen esposizio erradioaktiboa txikiagoa da, eta, aldi berean, diagnostikoa bizkortu egiten da, eta fidagarriagoa da; hori oso garrantzitsua da identifikatzen dituen patologia motetan.
IMQ Zorrotzaurreko –Euskadiko osasun-zentro pribatu nagusia– ekipamendu berriak tumore-mota askoren diagnostikoa hobetzen lagunduko du, esaterako, hauena: kolon eta ondesteko minbizia, bularreko minbizia, prostatako minbizia, biriketako minbizia, linfomak eta biriketako noduluak. Halaber, azken belaunaldiko teknologia hori lagungarria izan dakieke bihotzeko gaixotasun jakin batzuk dituzten pazienteei eta patologia neurodegeneratiboak – alzheimer eta parkinson– dituztenei.
IMQ Zorrotzaurre Klinikako Medikuntza Nuklearreko zerbitzuaren PET-OTA berriak lehengo gailuek baino prestazio hobeak lortzen ditu, TOF (time of flight) denbora-bereizmena 6,2 aldiz handiagoa delako, eta haren onura kliniko nabariena da erradiofarmako-dosi txikiagorekin lan egin daitekeela eta azterketak azkarrago egin daitezkeela; gainera, irudiaren bereizmena bikaina da.
Gailu berriak, halaber, bereizmen bolumetriko espazial handiagoa du, hain zuzen, % 60 handiagoa, Optiso UDR sistema detektatzaile berriari esker, era askotako teknologia berritzaileak erabiltzen baititu, zenbaketa-tasen tarte zabal batean prestazio hobeak lor daitezen. Optiso UDR sistema detektatzaileak HD-PET (High Definition) teknologia du osagarri, eta horren bidez, merkatuko irudi kalitateko prestaziorik onenak lortzen dira.
Ordenagailu bidezko tomografia axialaren (OTA) Somatom sistemarekin –arlo horretako azken teknologia– osatzen da PET, eta hari esker, inoiz ez bezalako irudi eta xehetasun kalitatea lortzen da, pazientea erradiazio ionizatzailearen eraginpean denbora gutxiago jartzen da, eta, aldi berean, diagnostikoa bizkortu egiten da, eta fidagarriagoa da. Izan ere, sistema horrek erradiazio-dosia denbora errealean doitzen du, eta dosia % 68raino murriztu daiteke. Dose Shield teknologia moldagarria ere badu, zeinak erradiazio klinikoki hutsala ezabatzen duen kiribileko miaketa guztietan, erradiazioa % 20raino murriztuta. Protokolo pediatrikoak ere baditu.
Positroi-igorpenezko tomografia (PET) medikuntza nuklearreko irudi bidezko proba bat da. Material erradiaktiboko oso dosi txikiak erabiltzen ditu erradiofarmakoetan. Erradiofarmakoak hainbat gaixotasun diagnostikatu, ebaluatu eta tratatzeko erabiltzen dira. Medikuntza nuklearraren sei hamarkadatik gorako historian ez da ezagutu hain dosi txikietan erradiofarmakoen eraginpeko epe luzeko ondorio kaltegarririk; hala ere, profesional medikoak beti ebaluatzen ditu probaren arrisku posibleak eta onurak kasuan-kasuan.
Erradiofarmakoak material erradiaktibo kantitate txikia daramate eta hori tumoreetan edo hanturadun aldeetan meta daiteke. Erradiofarmako ohikoena glukosaren antzeko molekula-mota bat da. Zelula tumoralek metabolismo azeleratuagoa dute eta glukosa gehiago xurga dezakete. Horri esker, hainbat gaixotasun-mota detekta daitezke, esaterako, beste proba-mota batzuek detekatatu aurretik. Gainera, gero eta erradiofarmako espezifikoagoak lortzen ari dira tumore-motetarako, hala nola PSMA, prostatako tumoreak diagnostikatzeko.
IMQ abre en Bilbao un nuevo servicio de resonancia magnética de última generación con tecnología AIR