Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ eta Athletic, zilarrezko eztei osasuntsuak

31.05.2023

IMQ eta Athletic, zilarrezko eztei osasuntsuak
  • Igualatorio Médico Quirúrgicok mende laurdena bete du klub zuri-gorriaren babeste ofizial gisa, 1998an elkartu baitzen harekin.

Athleticek, aurten, bere 125. urteurrena ez ezik, babesle nagusi duen Igualatorio Médico Quirúrgicorekin zilarrezko ezteiak ere bete ditu. Izan ere, duela 25 urte bilakatu zen konpainia klubaren aseguratzaile mediko ofizial, bai Athletic Clubena bai Athletic Fundazioarena. Gertaera gogoangarria da benetan, eta bi erakundeen iritziz oso gogobetegarria izan da biontzat, urteotan zehar sinbiosi bikaina lortu baitute osasunean, kirol-arloan hain funtsezkoa den gaian.

Lankidetza horrek gizonezkoen lehen taldearen osasun-laguntza ez ezik, emakumezkoen taldearena eta beheragoko mailetakoena ere barne hartzen ditu; halaber, klubeko langileek, beren senideek eta jokalarien senideek ere badituzte abantailak.

IMQrekin sinatu duen itun estrategikoari esker, Athleticek Euskadiko konpainia nagusia denaren estaldura eta bermea berenganatu ditu, klubaren eskura erreferentziazko zentro-sarea, teknologia eta profesionalak jarri baititu konpainiak, hots, gure lurralde barruko eta hortik kanpoko garrantsitsuenak, kirolariak ondo baino  hobeto zaintzeko, beren kirol-lorpenak erdiets ditzaten. Zerbaitegatik egin eta eman ohi dizkei IMQ-k Lezamako kategoria guztietako futbolariei azterketak, proba diagnostikoak, espezialisten kontsultak eta kirurgiak.

Jokalariei osasun-estaldura eta asistentzia emateaz gain, San Mames futbol-zelaian partidak ikusten dituzten 53.000tik gorako ikusleei asistentzia emateaz ere arduratzen da IMQ. Horretarako, dozena bat osasun-profesional baino gehiago ditu aldizka zelaian bertan, baita medikuntzako eta erizaintzako ehun ikasle inguru ere, eta IMQ-k eta UPV-EHUk sinatutako  hitzarmenari esker, lanbide-prestakuntza hori Katedralean tutoretzapeko praktiken bidez biribiltzen dute.

Klubaren eta aseguratzailearen arteko lankidetzari esker, halaber, San Mames futbol-zelaia izan zen 2017an osasun-segurtasuneko UNE 179.003 ziurtagiria lortu zuen Europako lehen futbol-estadioa. Eta ziurtagiria hainbatetan berritu du geroztik, ziurtapen horrek dakarren lorpen garrantzitsua berretsita.

Horren harira, Athletic Clubeko presidente Jon Uriartek hauxe azpimarratu du: “harrotu egiten gaitu Athleticeko jendeok IMQ bezalako babesle hain estrategikoa izatea. Itunak lasaitasuna eta bermea eskaintzen dizkigu osasuna bezain funtsezkoa den alderdi batean, eta bertoko eta eskualdeko ekonomiekiko konpromisoari ere mesedegarria zaio. Garrantzi handiko erakundea den Igualatorioren ondoan urteak betetzen jarraitzea da helburua, horrekin hainbeste loturak batzen baikaituzte aspalditik”.

IMQ-ko zuzendari nagusi Javier Aguirregabiria ere pozik agertu da: “25 urte eman ditugu elkar ulertzen, konpromisoak partekatzen eta elkarrekin lan egiten, eta hori guztia bat dator kirolaren eta kiroleko balio ugarien alde dugun apustuarekin, baita euskal taldeen garapen eta ongizatearen garapenaren aldeko gure aletxoa jartzearekin, batez ere, Athletici dagokionez, hainbat arrazoirengatik, oso lotura hertsia dugula sentitzen baitugu”.

Urtemuga horretaz baliatuta, IMQ-k eta Athleticek hainbat ekimen abiarazi dute hura ospatzeko, “25 urte elkarrekin zu zaintzen” lelopean: 360º-ko kanpaina horren xedea da zale zuri-gorriekiko lotura eta hurbiltasuna ezagutaraztea, eta ekintza gehiagoren eskutik hedatuko da datozen hilabeteotan.

Ekimenen artean, esaterako, bideo bat egin da, zeinean gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeetako jokalari batzuk eta klubeko zerbitzu medikoetako arduradun Josean Lekue medikua eta IMQ-ko Kirol Medikuntzako arduradun Pablo Aranda beren esperientziez eta bi erakundeen arteko itunak duen garrantziaz ari zaizkigun.