Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

«Gorakada kezkagarria izan da ezkerreko koloneko eta ondesteko minbizian 50 urtetik beherako pazientengan»

27.05.2024

«Gorakada kezkagarria izan da ezkerreko koloneko eta ondesteko minbizian 50 urtetik beherako pazientengan»
  • IMQ-ko Digestio Aparatuko espezialista Calvo doktoreak azpimarratu du arrisku-faktoreak kontrolatu behar direla, elikadura- eta bizi-ohitura osasungarriak izan behar direla eta baheketa-programetan parte hartu behar dela.

  • Kolon eta ondesteko minbizia hirugarren ohikoena da gizonengan eta bigarrena, emakumeengan. Eta bi sexuak batera kontuan hartzen badira, prebalentzia-tasa  handiena duen tumore gaiztoa da. Minbiziak eragindako heriotzen  bigarren kausa ohikoena da.

Kolon eta ondesteko minbizia neoplasiarik ohikoenetako bat da mendebaldeko herrialdeetan. Hirugarrena da gizonen artean, prostatako eta bihotzeko minbizien atzetik, eta bigarrena, emakumeen artean, bularreko minbiziaren atzetik. Gainera, bi sexuak batera kontuan hartzen badira, tumore gaizto ohikoena da, eta horren intzidentzia 30 eta 50 kasu artekoa da 100.000 biztanleko. Azken urteotan tratamenduan aurrerada handia izan bada ere, minbiziak eragindako heriotzen bigarren kausa da.

«Herrialde garatuetan kolon eta ondesteko minbiziaren intzidentzia nolabait egonkortu egin dela egiaztatu den arren —agian, ezarritako prebentzio-programei esker eta kolonoskopia prebentzioan hautazko teknika gisa gehiago erabili izanari esker—, oraindik ere erronka bat da intzidentzia hain handia jaistea. Gainera, oso modu kezkagarrian egiaztatu da ezkerreko ondesteko eta koloneko minbiziak gora egin duela 50 urtetik beherako pazienteengan, ziurrenik, ingurumen-faktoreen eraginez». IMQ-ko Digestio Aparatuko espezialista María del Mar Calvo Cenizo sendagilearen hitzak dira, maitzaren 29an Digestio Osasunaren Mundu Eguna izango dela gogora ekartzeko.

Hori gertatzen lagun dezaketen arrisku-faktoreen artean, hots, ingurumen-faktore horien artean, espezialistak hauek nabarmendu ditu: «tabakoa erretzeko ohitura, haragi gorri edo prozesatu (hestebeteak barne) gehiegi jatea, fruta eta ortuari gutxi jatea, eta gehiegizko pisua eta obesitatea». Aitzitik, neoplasia-mota hori izateko arriskua murriztu dezaketen faktoreak jarduera fisikoa egitea eta zuntza, frutak, barazkiak, fruitu lehorrak eta arrainak jatea dira. «Pertsona batzuek gero eta gehiago gogoetatzen dute hesteetako mikrobiotaren zereginaz eta koloneko minbiziaren arriskuaz, baina oraindik ez dago ebidentzia zientifiko nahikorik frogratzeko andui jakin batzuk minbizi mota horren arrazoi direla», argitu du Calvo doktoreak.

Garrantzitsuena, ordea, adierazi duenez, «polipotik minbizira igarotzea saihestea da, elikadura- eta bizi-ohitura egokien bidez, eta onartuta, nahiz eta kolon eta ondesteko minbiziaren familiako aurrekaririk ez izan, tumore horren prebentzioa funtsezkoa dela, duen prebalentziagatik, beharrezkoa da 45 edo 50 urtetik gorakoek baheketa-programetan parte hartzea».

Tumore gehienak polipo batetik abiatuta garatzen dira. Hala ere, polipotik koloneko minbizira igarotzeko prozesua motela da, 7 eta 15 urte bitartekoa. «Arazoa da polipoak entitate isilak direla, hots, urteetan zehar sintomarik gabe haz daitezkeela. Horregatik, askotan, kolon eta ondesteko minbizia fase aurreratuetan duten pertsonengan bakarrik agertzen dira sintomak. Hori dela eta, baheketa-programetatik kanpo, kontsultara joaten diren paziente gehienek heste-pareta osoa inbaditu duten edo zonako gongoilei eragin dieten tumoreak dituzte», azaldu du IMQ-ko Digestio Aparatuko espezialistak.

Hala, alderdi horretan datza kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa- edo prebentzio-programen garrantzia. «Programa horien bidez, egungo prebalentzia handiari aurre egiten saiatu gara, eta eraginkorrak izan dira. Orain arte, 50 eta 75 urte artekoen artean egin dira, baina 50 urtetik beherakoen artean hasi da egiaztatzen kolon eta ondesteko minbiziaren intzidentziaren gorakada, lehen ez bezala».

Hortaz, AEBetako Elkarte Gastroenterologikoak kolon eta ondesteko minbiziaren prebentzioa egiten hasteko adina jaitsi du, eta 45 urtetik gorakoei egitea gomendatzen du, bai kolonoskopia baten bidez, bai gorozkietan ezkututa dagoen odolaren probaren bidez. Izan ere, kolonoskopia da polipoak detektatzeko aukeratu den teknika, eta badauden tumoreak berresteko.

Miaketa endoskopikoak hedatu izanak, polipoen historia naturala aldatzea ekarri du. Gaur egun, polipo gehienak hainbat arrazoirengatik kolon eta ondesteko minbiziaren baheketarako agindutako kolonoskopietan detektatzen dira, eta polipo txikiak ohi dira, eta ez dute adierazpen klinikorik. Kasu sintomatikoetan, gorozkietan ezkutatutako odol-galeren ondoriozko anemia eta odoljarioa dira adierazpen kliniko ohikoenak.

Horren harira, Calvo sendagileak azaldu duenez, «kolon eta ondesteko polipo bat garatu duten pazienteek beste lesio batzuk izateko probabilitate handiagoa dute. Hori ohikoagoa da hasierako polipoa anizkoitza denean edo polipo handia denean, hots, zentimetro batetik gorakoa. Horregatik, lesio guztiak erauzi direla egiaztatu ondoren, pazienteek zaintza endoskopikoko programa batean parte hartu behar dute, kolonoskopia oso baten eskutik». Miaketa horren aldizkakotasuna idortutako polipoen ezaugarrien araberakoa izango da.

Kolon eta ondesteko minbizia ezarrita dagoenean, «kolonoskopiak aukera ematen du diagnostikoa biopsiak hartuta ziurtatzeko, eta azterketa erradiologiko osagarriek, berriz, gaixotasunaren hedapena zehazteko».

IMQ-ko Digestio Aparatuko espezialistak, amaitzeko, adierazi du minbizia ezarrita dagoenean aukerako tratamendua kirurgia dela. «Kirurgia laparoskopikoa erabili izanari esker, aipatutako ia ebakuntza guztiak bide horretatik egin ahal izan dira, onkologikoki egokia den erresekzioa egingo dela bermatuta. Gaixotasunaren hedaduraren arabera, tumorea desagerrarazteko tratamendu onkologiko bat eranstea komeni den edo ez baloratzen da».