Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Euskadiko 20.000 pertsona inguru bizi dira gaixotasun zeliakoarekin

15.05.2024

Euskadiko 20.000 pertsona inguru bizi dira gaixotasun zeliakoarekin
  • % 1ekoa da prebalentzia zenbatetsia, eta gaixoen bi heren baino gehiago ez dira diagnostikatu. Gainera, patologia hori bi aldiz ohikoagoa da emakumeen artean gizonen artean baino.

  • Pertsona batzuek sintoma agerikoenak ez badituzte ere (pisu-galera, apetitu-galera, nekea, goragaleak, gorakoak, beherakoa), hesteetako kaltea modu larbatuan gertatzen da.

Gaixotasun Zeliakoaren Nazioarteko Egunak (maiatzaren 16a) patologia horren garrantziaz ohartarazten dio iritzi publikoari urtero. Europako herrialdeetan % 1eko prebalentzia zenbatetsia du gaixotasunak, eta Euskadin, 20.000 pertsona inguru bizi dira gaixotasun horrekin, eta horien bi heren ez dira diagnostikatu. Izan ere, 6.000 euskal herritarri diagnostikatu zaie, baina litekeena da askoz gehiagori eragitea. Euskadiko Zeliakoen Elkarteak uste du beste 14.000 gehiagok ez dakitela gaixotasuna dutenik.

Eritasuna «ohikoagoa da emakumeen artean», adierazi du IMQ-ko Digestio Aparatuko espezialista Ángel Barturenek; hots, erlazioa gizon bakoitzeko bi emakumekoa da, eta bizitzako edozein unetan ager daiteke, haurtzarotik zahartzarora. Helduen artean, ohikoagoa da 30 eta 50 urte bitartekoengan.

Patologia horren garapena azaltzeko, bi faktorek egon behar dute batera: aurrejoera genetikoa eta, kasu honetan, ‘gluten’ izeneko proteina talde bat hartzea, hainbat zerealetan dagoena, hala nola garian, zekalean eta garagarrean.  

Sintomak

Zeliakiak edo eritasun zeliakoak eragiten duen digestio-hanturaren prozesuak heste-tartearen funtzio txarra baldintzatzen du, eta haren gabeziak sintomak (askotan digestio-aparatuarekin zerikusirik ez dutenak) eta alterazio analitikoak eragiten ditu.

Digestio-sintomak dira ohikoenak (beherakoa, sabeleko hantura eta sabeleko ondoezak), ohiko gaixotasunen antzekoak, hala nola heste minberarenak eta jatorri ez-organikoko beste nahasmendu batzuenak. Beste batzuetan, espezialistak gaixotasun hura badagoela susmatzera bultzatzen duten nahasmenduak detektatzen dira analisietan, esaterako, anemia edo burdinarik eza.

Diagnostikoa

Susmo klinikoa da, hain zuzen, «gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko lehen urratsa». Hurrengoa, odol-analisia egitea eta, azkenik, proben emaitzak positiboak badira, heste meharraren (duodeno) biopsia bat egingo da, gastroskopia baten bidez (urdailaren miaketa endoskopikoa), diagnostikoa berresteko.

Tratamendua. Gaixotasunarekin bizitzea

Gaixotasuna diagnostikatu ondoren, «ezinbestekoa da glutena baztertuko duen tratamendu dietetiko bat hastea. Osagai hori uste baino zabalduagoa dago eta, beraz, dietan haren arrasto txikiak egoteak hantura iraunaraziko du gure hesteetan, eta, are gehiago, zalantzan jar dezakete diagnostikoaren zehaztasuna», azpimarratu du IMQ-ko espezialistak.

Metodo zehatz eta kontrol endoskopiko batzuei esker, gaixotasuna eta dietaren egokitasuna kontrola daitezke: «kontrol analitikoa egin behar da (besteak beste, errutina, burdina eta bitaminak aztertzea)».

Gaixotasuna egoki kontrolatzea lortzen denean, azterketak bi urtez behin egin daitezke. Bestela, sei hilez behin (urtean bi aldiz), eta beste aukera diagnostiko batzuk egin beharko lirateke. Ohiz kanpoko kasuetan bakarrik ez da gaixotasuna kontrolatzen.

Pazienteen familiak eta elkarteak

Segurtasunagatik, paziente zeliakoaren lehen mailako senideek odol-analisiak egin beharko lituzkete. «Analitikak erakutsiko du zein senideri egin behar zaion biopsia duodenala, diagnostikoa berresteko».

Era berean, gaur egun, zeliakoen elkarteak dira tratamenduaren giltzarria. «Elkarteek kontrolatzen eta eguneratzen dute glutenik gabeko produktuei buruzko informazioa, baita dirulaguntzak, eritasunari buruzko legeria eta gaurkotasuneko berriak ere. Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioak berme-marka du, eta horrek ziurtatzen du markadun produktuek milioi gluten bakoitzeko 10 zati baino gutxiago dituztela», esan du Ángel Barturenek.

Mibizia eta eritasun zeliakoa

Azkenik, Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioak adierazi duen bezala, gaixotasun zeliakoa duten pazienteek biztanleria orokorrak baino arrisku handiagoa dute minbizia izateko, batez ere, diagnostikoa sintomak hasten direnetik berandu egiten bada, eta glutenik gabeko dieta behar bezala egiten ez bada. Haurrengan salbuespen gisa agertzen da minbizia, eta egiaztatu da dieta zorrotz betetzen bada, dieta egin eta 10 urtera, gaixotasun neoplasikoak izateko arriskua biztanleria orokorraren antzekoa dela.