Iradokizunak
12.09.2017
“Oraindik ez dira ongi ezagutzen zefalea eta horren sintomak eragiten dituzten ez kausak ez mekanismoak. Askotan, aurrekariak izaten dira familian eta, inolako zalantzarik gabe, buruko mina izateko joera heredatu egiten da, baina gaur arte ez da zehaztasunez ezagutzen nahasmendu genetikoa. Migrainaren kausak identifikatzeak eta, ondorioz, diana terapeutiko berriak bilatzeak markatzen dituzte egungo ikerketaren ildoak”, adierazi du Alfredo Rodríguez-Antigüedad IMQ-ko neurologoak eta Espainiako Neurologia Sozietateko (SEN) presidente ohiak, irailaren 12a Migrainaren kontra aritzeko Nazioarteko Eguna dela eta.
Espezialistak adierazi duenez, “Europan eta AEBetan egin diren ikerketa epidemiologiko guztien arabera, biztanleen % 12 inguruk du migraina”. Horrek esan nahi du estatu espainolean 5,5 milioi biztanle baino gehiagok dutela buruko mina eta Euskadin, 260.000tik gora biztanlek.
Migraina gaixotasun kronikoa da eta buruko min handiko gertakariak eragiten ditu, ezaugarri hauekin: “buruko mina taupakaria ohi da, buruaren alde bati bakarrik eragiten dio, zarata eta argiarekiko jasanezintasuna dakar eta digestio-sintomak (goragalea, gorakoa …) izan ditzake”; horrek guztiak, eguneroko bizimoduaren eta lanaren jarduerak egitea eragozten du.
Buruko mina ordu batzuk barru bukatu ohi da, “batzuetan, lo egin ondoren”. Paziente batzuek, buruko mina izan aurretik, sintoma iragarle ez espezifikoak dituzte. “ ‘Auradun migrainan’, buruko mina izan aurretik, sintomak (“aura”) ohi daude, ikusmenarekin loturikoak gehienak (fotopsiak, gabeziak edo bihurdura ikusmenean) edo sentsibilitatean asaldurak, aurpegian eta eskuetan batik bat. Buruko minaren gertakari horiek aldizka gertatzen dira, maiztasun txikiaz edo handiaz”.
Migraina eta emakumea
“Migraina sarriago gertatzen da emakumeen artean gizonen artean baino: gizon bakoitzeko ia hiru emakumeri eragiten die”, jakinarazi du Rodríguez-Antigüedad doktoreak. Gainera, “aldaketa hormonalek badute zerikusia migrainarekin: ziklo menstrualaren une jakinetan gertatzen da gehiagotan, eta menopausiaren ondoren gutxitu egiten da”.
Umeei dagokienez, pubertarora arte “ez dira desberdintasun hauek nabaritzen”.
Zer lagundu eta zerk egiten du kalte?
Eskuarki, “migraina-gertakari bakoitza esperientzia desatsegina denez, arreta medikoa ekarri ohi du”. Migrainaren diagnostikoa klinikoa da, hots, “pazienteak adierazten dituen sintomen arabera egiten da: behin eta berriz gertatzen diren gertakariak, ezaugarri jakin batzuekin”. Pazienteak adierazten dituen sintomak tipikoak ez badira edo buruko mina aldatzen bada edo miaketa neurologikoa normala ez bada, “beste gaixotasun batzuk ez daudela baztertu beharra dago”.
“Estresak, lorik ezak, elikagai batzuek, alkoholak eta hainbat usainek areagotzen dute paziente askorengan migrainaren maiztasuna, edo hori eragiten dute”. Paziente bakoitzak migraina zerk eragiten dion jakin behar du, kausak saihesteko. Elikagai batzuek, hala nola, txokolateak, gazta batzuek edo botika batzuek ez dute eragin bera migraina duten gaixoengan.“Garrantzi handia du migrainak eragiten dituzten edo horren maiztasuna areagotzen duten kausak zein diren jakitea eta horiek saihestea”.
Tratamenduak
Migraina-gertakari bakoitzerako botikak erabiltzen dira, mina eta digestio-sintomak arintzeko. “Buruko minaren maiztasuna handia bada, hori gutxitzeko botikak hartu behar dira. Prebentziozko tratamenduak kronikoak dira eta hainbat modutan aritzen dute: depresio-kontrakoak, epilepsia-kontrakoak, beta-blokeatzaileak edo botulismoaren toxinaren injekzioa, besteak beste”. Alfredo Rodríguez-Antigüedad medikuak adierazi duenez, “praktika klinikoan, tratamendua banan-banan jarri beharra dago eta paziente bakoitzarengan buruko minaren gertakariak hoberen kontrolatzen dituen hori eta maiztasuna murrizten duen hori bilatzea”.