Iradokizunak
08.09.2021
Gertu dago irailaren 10a, Suizidioa Prebenitzeko Munduko Eguna, Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Elkarteak (IASP), Osasunaren Mundu Erakundea (OME) babeslekide izanda, antolatu ohi duena, behin betiko ekintza hari aurrea har dakiokeela erakusteko xedez.
Egun horren harira, komunikabideetan nahiz gizartean galdera bera sortu da: suizidioaz mintzatu ala ez? Ezbai horren aurrean, komunikabideek eta sare sozialek suizidioa prebenitzeko estrategien eta baliabideen gainean eta suizidio-ahaleginari buruzko mito okerrak baztertzeko eman dezaketen laguntza azpimarratu du Julia Rosa Bilbao doktoreak, IMQ-ko psikiatrak: «Uste hedatua da bere buruaz beste egiteko arriskuan dagoen pertsona batekin suizidio-asmoari buruz mintzatzeak pertsona hura suizidatzera bultzatuko duela. Hori ez da egia. Izan ere, asmo horretaz asertibotasunez eta enpatiaz mintzatzeak, larritasuna arindu eta bere buruari min emateko edo bere burua hiltzeko arriskua murritz dezake, eta mintzatzea pertsona hark nahi autosuntsitzaileak aztertzeko eta konponbide bat aurkitzeko duen aukera bakarra izan daiteke gainera».
Adituak, aurrekoa ez ezik, beste uste oker hedatu hau ere azpimarratu du: ‘bere buruaz beste egiteko nahia adierazten duenak, azkenean ez du egingo’. «Ikerketek erakutsi dutenez, euren buruaz beste egiten duten hamar pertsonatik bederatzik hitzez adierazten dute lehenago argi eta garbi asmo hori, eta hamarretik batek bere burua hiltzeko asmoa iradokitzen. Hortaz, seinale horiek ez dira inoiz a priori pertsona horrek xede jakina lortzeko egiten duen xantaia edo manipulaziotzat hartu behar».
Suizidioa sexuen eta eskualdeen arabera aldatzen da. Munduan gizonek emakumeek baino bi aldiz gehiago euren buruaz beste egiten dute (100.000 gizonetatik 12,6; 100.000 emakumetatik 5,4), eta Euskadin, proportzio hori hiru halakoa izan daiteke. Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) azken informazioen –2020ko datuak– arabera, euskal autonomia erkidegoan 184 pertsonek euren buruaz beste egin zuten: 139 gizonek eta 45 emakumek. Lurraldeen arabera, Bizkaian, 100 lagunek; Gipuzkoan, 57k; eta Araban, 27k. Adin-tarteen arabera, 40 eta 49 urte bitartekoengan metatzen dira suizidio gehien eta, bigarrenez, 50 eta 59 urte artekoengan.
Kezkatzeko moduko seinaleak
Julia Rosa Bilbao sendagileak kezkatzeko hainbat seinale adierazi ditu, hots, pertsona bati bere buruaz beste egiteko asmoa buruan darabilkiola adierazten dutenak. «Lehenik, pertsonak suizidioan maiz pentsatzen badu: buruan darabilkio, ez du bestelako konponbiderik ikusten bere egoerarentzat edo zuzenean adierazten du hitzez bere buruaz beste egiteko ideia edo aukera. Beste seinale bat da pertsonak bere burua desagerraraztearekin loturiko prestaketak –agiriak konpontzea, kontuak edo izapideak amaitzea– egitea. Azkenik, adi egon behar da pertsona horren jokabidean bat-bateko aldaketak agertzen badira, esaterako, suminkortasuna areagotzen bada, bere buruari min egiten badio, edari alkoholdunak neurriz gain edaten hasten bada edo gogo-aldartean gorabehera handiak badaude… ».
Nola mintzatu bere buruaz beste egiteko asmoa duen pertsona batekin?
«Bere buruaz beste egiteko asmoa duen pertsona batekin gaudenean, horri laguntzeko horrekiko jarrera zaindu beharko dugu; hau da, errespetu handiz tratatuko dugu (kritikatu, juzgatu, eztabaidatu, aurre egin edo sarkasmorik gabe) eta arretaz entzungo diogu, gogoeta eginez, ikaratu barik. Errespetuan oinarritutako komunikazioak, pertsona hori bizi izaten ari den krisialdia ulertzen saiatzen denak, hautabideak bilatzeko bidea aurkitzeko aukera emango du. Hautabideen artean, laguntza profesional espezializatua eskatzen lagunduko diogu, larrialdietara harekin joango gara, balora dezaten, eta laguntza emozionala emango diogu, prozesuan zehar, senda dadin», azaldu du IMQ-ko psikiatrak.
Bestetik, ikuspegi sozial eta politikotik, «garrantzitsua da suizidioaren gaineko eztabaida egon dadin, hari ikusgaitasuna ematea, suizidioaren prebentzioa erraztuko duten protokoloak ezarri eta hobetzearren».
Zerk bultzatzen du pertsona bat bere buruaz beste egitera?
Julia Rosa Bilbao sendagilearen aburuz, ez dago suizidioa osorik azaltzen duen teoriarik. «Pertsona batek gaixotasun mental batengatik, substantziak gehiegi hartzeagatik, ludopatiagatik, gaixotasun fisiko batengatik eta beste kausa batzuengatik jasaten duen etsipen handi baten ondorioa izan daiteke suizidioa. Gaixotasun mentalak suizidio-kasuen % 27 eta 90 artean daude. Substantzia gehiegi hartzea ohi da bigarren arrisku-faktorea. Askotan, substantzia gehiegi hartzea nahasmendu mental batzuekin lotuta dago».
Suizidio eta nahasmendu mentalen arteko lotura aski ezaguna bada ere, ez da arrazoi bakarra. «Kasu batzuetan, hainbat egoerari, hala nola osasun-arazoei (gaixotasunak, min kronikoa…), arazo ekonomikoei, pertsonen arteko harremanei, bullingari, sexu-abusuei, egoera psikologikoari, bakardadeari, etsipenari, galerei eta abar luzeari aurre egiteko adore nahikoa ez dute pertsonek».
Pandemiak ez du laguntzen
IMQ-ko psikiatrak azaldu duenez, «osasun-profesionaloi zeharo kezkatzen gaitu orokorrean pandemiak osasun mentala gaizkitu egin duela. Izan ere, larrialdien arreta eta laguntzaren eskariak gora egin du. Eta umeak eta gazteak izan dira ahulenak, kalteberenak. Hainbat arlotako (ekonomia, osasuna…) gaixotasunak, galerek, ziurgabetasunak eta bakardade sozialak markatutako denboraldiak agerian jarri ditu norberaren gabeziak eta beldurrak, eta arreta eskariak gora egin du antsietate eta depresio sintomengatik, eta, ondorioz, suizidatzeko arriskua handiagoa izan da».
El autocuidado de la salud mental, esencial para sobrellevar confinamientos y la ‘nueva normalidad’