Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Diabetesaren erronka nagusia prebentzioan aurrera egitea da gaur egun

13.11.2023

Diabetesaren erronka nagusia prebentzioan aurrera egitea da gaur egun
  • Diabetes saihesgarri baterako neurriak: «elikagai osasungarriak eskuratzea ez dadila elikagai prozesatuak eskuratzea baino garestiagoa izan; lan-ordutegiek astia utz dezaketela erregularki ariketa egiteko; eskola-adinean nutrizioaren kalitatea (eskolako jantokia) eta ariketarena hobetzea; prestakuntza arautua, autozainketa nutrizionaletan eskola-adinean; politika publiko berriak; eta ibiltzea eta bizikleta erabiltzea errazten duten hiri-inguruneak».

Diabetesa mende honetako osasun-erronka nagusienetako bat da, eta, urtero, azaroaren 14an, haren oroitzapena egiten da mundu osoan, Sir Frederick Bantingen jaiotzaren urteurrenaren gorazarrez, 1922an, Charles Bestekin batera, intsulina aurkitu baitzuen. MQ-ko Endokrinologia eta Nutrizioko espezialista Alberto Olaizolak  azpimarratu du patologiaren gertaera gogoangarri hura gertatu zenetik 101 urte igaro direlarik, «baditugu tratamendu onak eta eraginkorrak, zeinen teknologiari esker, diabetesa dutenei gaixotasuna monitoriza dakiekeen, eta bizitza normalak izan ditzaketen. Ahozko botika eta sendabide injektagarri ugari, hainbat intsulina-mota, intsulina infusio automatikoko sistemak eta glukosa etengabe monitorizatzeko sistemak, gure telefono adimendunen bidez erabil daitezkeenak, diabetesa dutenei bizitza errazten diete, eta eritasunak eragin ditzakeen konplikazio kronikoak urritu».

Osasun-sisteman diatebesari ematen zaion arretak, halaber, osasun nahiko ona du. «Lehen mailako medikuntzatik hasita, medikuntza espezializatura. Profesional askok eta pazienteen elkarte onek esku hartzen dute. Familia-medikuntzako, endokrinologiako, pediatriako, diabetesari buruz hezten duen erizaintzako eta beste osasun-adar batzuetako profesionalak arduratzen dira diabetesa dutenez; hortaz, horiek gero eta gehiago dakite beren gaixotasunaz eta gero eta gaiago dira horri buruzko erabakiak hartzeko», adierazi du adituak.

Erronka: prebentzioa hobetzea

Oroitzapenarekin batera, kezka ere badago. Diabetes mellitusaren kausa gehienak bi motatakoak dira: 1 motako diabetesa eta 2 motako diabetesa. 1. motak kasuen % 10 inguru barne hartzen du, eta gehienbat gazteei eta haurrei eragiten die eta jatorri autoimmunea du. 2. mota kasuen % 90 da, gutxi gorabehera; helduaroan aurkezten da, eta obesitatearekin eta sedentarismoarekin oso lotuta dago. Gainera, aurrejoera hereditarioa du, eta giza talde batzuengan, genetikoa. Horixe da osasun publikoaren mehatxu nagusia.

«2 diabetes motaren intzidentzia etengabe igo da azken bi hamarkadetan eta, oro har, herrialde guztietan, obesitatearen, gehigiezko pisuaren, sedentarismoaren eta dieta “obesogeniko” eta “diabetogenikoen” intzidentzia gorakorraren eskutik», adierazi du Alberto Olaizolak.

Hala, egoera paradoxikoa gertatzen da 2 motako diabetesean: gero eta tratamendu hobeak garatzen dira, gaixotasuna diagnostikatu ondoren kontrolatzea lortzen dutenak, eta, hala ere, gero eta 2 motako diabetes kasu gehiago dago. «Hortxe datza, hain zuzen ere, kezka. Azken urteotan ez dugu nabarmen hobetu 2 motako diabetesaren prebentzioan. Gaixotasun horren determinante aldagarriak serio hartu behar dira, horietako asko gure esku baitaude. Posible da 2 motako diabetesaren intzidentzia murriztea, lehen faseetan sendatzea ere, eta, hortaz, gizabanakoaren eta taldearen osasunean eragina izatea, konplikazio kronikoak nabarmen murriztuz, hala nola kardiopatia iskemikoa, iktusa, giltzurrun-gutxiegitasuna, zeinek, besteak beste, sufrimendu indibidual handiak eta osasun-kostu oso handiak eragiten baitituzte», azaldu du IMQ-ko Endokrinologia eta Nutrizioko espezialistak.

Aspaldi “diabesitate” terminoa sortu zen obesitatearen eta 2 motako diabetesaren arteko korrelazioaz motz aritzeko. «Gure bizimoduek geure burua zaintzea eragozten digute maiz: gizenarazten gaituzte urteetan zehar, gure elikaduraren nutrizio-kalitatea kaskartzen dute, sedentario bilakatzen gaituzte, gaizki lo eginarazten digute... eta horrek guztiaren ondorioz, egunen batean 2 motako diabetesa diagnostikatuko digute. "Diabesitate" hori alarma-seinale bat da, eta banakako eta taldeko ekintzak hartzera behartzen gaitu, diabetes kasu asko saihestu ahal izateko».

Diabetes saihesgarri baterako neurriak

Olaizola doktorearen aburuz, azaroaren 14a aukera ederra izan daiteke hauek eskatzeko:«bizimodu osasungarriak erraztuko dizkiguten politikak, gure osasun-sisteman eragin handiko estrategia/kostu eraginkor gisa. Diabetes saihesgarria lortzeko estrategia». Horren haritik, sei neurri proposatu ditu.  

«Elikagai osasungarriak eskuratzea ez da elikagai prozesatuak eskuratzea baino garestiagoa izan behar; izan ere, prozesatuak erosketa-saskiaren % 50 dira errenta ertainetan, baina errenta txikietan, % 80tik gora. Esate baterako, herrialde batzuetako zabor-jana haurtzaroan zigortzeko politikak eraginkorrak izan dira haurren obesitatea murrizteko. Espainian ez da halakorik ezarri. Oraindik ez da aurrerapauso irmorik eman, ez legearen aldetik ez aurrekontuaren aldetik, errenta ertain eta txikiko herritarrek erosketa osasungarriaren saski bat ziurta dezaten», adierazi du espezialistak.

«Lan-ordutegiek astia utzi behar dute erregularki ariketa egiteko, eta eskola-adinean nutrizioaren kalitatea (eskolako jantokia) eta ariketarena hobetu behar dira. Prestakuntza arautua behar dugu autozainketa nutrizionaletan eskola-adinean, eta politika publiko berriak, eta horiek maila komunitarioan hedatu, osasun-autozainketen etengabeko prestakuntza baterako. Eta, halaber, ibiltzea eta bizikleta erabiltzea errazten duten hiri-inguruneak behar ditugu», amaitu du azaltzen IMQ-ko endokrinologoak.