Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

25 urte san mameseko zale zuri-gorrien segurtasuna zaintzen

05.10.2023

25 urte san mameseko zale zuri-gorrien segurtasuna zaintzen
  • Hortxe, mende laurden honen pasadizoetako batzuk: miokardio-infartu bat nazioarteko kanporaketa batean, hozkada batek (lagun batena) belarri-gingil bat kendu izana eta Real Sociedadeko zale bat erdiminak izana San Mamesen, baina Bizkaian erditu nahi ez izana.

  • Josean Lekue sendagileak: “San Mameseko osasun-dispositiborako IMQ, Euskal Herriko Unibertsitate eta Athletic Cluben arteko lankidetzaren lehenengo 25 urte hauen balorazioa ezin da hobea izan”.

Denboraldi oro, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko 80 ikasle inguruk, Medikuntza eta Erizaintza graduetakoek, San Mames estadioan hasiko dute lekuan bertako prestakuntza, Athletic Clubeko partidetan osasun-gorabeherarik gertatuz gero nola jokatu ikasteko.

Medikuntza eta Erizaintzako ikasleentzako praktika horiek IMQ-k antolatzen ditu urtero,  Athletic Cluben osasun-aseguratzaile ofiziala baita eta bera arduratzen baita taldeko jokalarien eta San Mamesera bertaratzen diren ikusleen osasun-lagutzaz, erakundeak 1998an, duela 25 urte, talde zuri-gorriarekin eta EHUko Medikuntza eta Eritzaintzako Fakultatearekin sinatu zituen hitzarmenei esker. Hortaz, ikasleek jendetzetan eta larrialdirik edo estualdirik gertatuz gero nola jokatzeko trebetasunak eskuratzen dituzte pixkanaka.

Ikasleak, zortzi koordinatzaileren zuzendaritzapean, profesional hauek hartu zituzten Katedralean: Athletic Clubeko medikuntza-zerbitzuetako buru Josean Lekue sendagilea, EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko irakasle Juan Gondra, klub zuri-gorriko Segurtasun zuzendari Iñaki Arenado eta IMQ-ko Prestazioen arloko arduradun Jon Mendiguren.

Une bitxiak

Mende laurden honetan zehar, San Mamesen emandako osasun-laguntzak une harrigarriak izan ditu. Juan Gondra doktoreak aurkezpen-ekitaldian gogora ekarri zuenez, “agian, pasarterik xelebreena 2012ko martxoan gertatu zen, Athletic Club eta Manchester United taldeen arteko norgehiagokan, zeinean ikusle bati bihotzekoak eman zion. Ikasle bat, Laura izenekoa, tribuna horretako koordinatzailea zena, hurbildu zitzaion lehenen pazienteari eta lehenengo balorazioa egin zion, ederki jokatuta, eta, ondoren, intentsibistak, erizainak-eta esku hartu zuten”.

Hala ere, hori ez zen kasurik bitxiena izan. “Behin batean, lehengo San Mameseko erizaindegi txikian, atsedenaldiaren ondoren, pertsona bat agertu zen belarri-gingilean  pertsona baten hozkada handi bat zuena, substantzia galera eta guzti. Eta pazientearekin zetorren lagun minak hozka berak egin ziola esan zigun”.

Aurrekoa baino are harrigarriagoa da Athletic Cluben lehiakide sutsu Real Sociedad-eko emakume zale bati gertatu zitzaiona, San Mameseko derbian. Haurdun zegoen eta erdiminak sentitzen hasi zen estadioan. “Guk esan genion Basurtuko Ospitalera berehala eramateko guztia erraztuko geniola, baina ezetz esan zigun, ez zela inolaz ere haurtxoaz Bizkaian erdituko, borondatezko alta ematea nahi zuela, autobidez Gipuzkoara joateko. Imajinatzen dut Donostiara ondo iritsi zela”.

25 urteetan zeharreko lankidetza emankorra

Josean Lekue sendagileak, ikasleei ongietorria egiteko ekitaldian zehar, hau azpimarratu zuen: “San Mameseko osasun-dispositiborako IMQ, Euskal Herriko Unibertsitate eta Athletic Cluben arteko lankidetzaren lehenengo 25 urte hauen balorazioa ezin da hobea izan”. Eta, esaterako, 2012an Manchester United-en aurkako partidan gertatutako bihotzekoa egoki konpondu izana nabarmendu zuen.

Athletic Clubeko medikuntza-zerbitzuetako buruarentzat lankidetza guztiz onuragarria da, “bai ikuspegi teknikotik, asistentzia-ereduaren kalitateagatik –denboraren poderioz garatzen eta hobetzen baitarrai–, bai hiru erakundeen arteko harremanagatik, urteotan sendotuz joan baita”.

Jon Mendigurenek, bestetik, adierazi zuen IMQren funtsezko aldeetako bat, erakundea sortu zenetik bereizgarri duena, hau dela: “osasun-laguntza ematea, hots, osasuna osotasunean. Eta horixe bera daramagu San Mamesera, duela 25 urtez geroztik, partidetan”.

IMQ-ko Prestazioen arloko arduradunak gehitu zuen zeregin  hori gauzatzeko, IMQ-k partida bakoitzean ehun pertsona inguru mobilizatzen dituela, hala nola “medikuak, erizainak eta beste lanbide-kategoriatako profesionalak, baita Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak ere, gaur hartu ditugunak, denboraldi honetan beren praktika akademikoak egin ditzaten, kalitate-ziurtagiri independentea duen talde batean sartuta”.

Horren haritik, San Mames estadioak UNE 179.003 ziurtagiria berritu zuen, IMQren eskutik, 2022ko ekainean. Ziurtagiri horrek bermatzen die Bilboko estadiora bertaratzen direnei osasun- eta segurtasun-irizpide eta neurri guztiak betetzen direla.

Lehenengo ziurtagiriaren eskutik –2017an lortu zena–, San Mames bilakatu zen segurtasun-ziurtagiri hori duen Europako lehenengo estadioa, Igualatorio Médico Quirúrgico-k ematen dion osasun-laguntzari esker; izan ere, orduan jarri ziren 53.000tik gora ikusledun estadio batean egiten diren ekitaldi jendetsuekin loturiko arriskuak gutxitzeko zimenduak.

Arreta horiek egoki emateko, San Mamesek plantilla finkoa du, profesional hauek osaturikoa: 22 osasun-langile, IMQ-ko 2 koordinatzaile, unibertsitateko tutore bat eta ikasleen 6 koordinatzaile, eta urtero estadioan praktikak egiten dituzten ikasleak ere, baita 2 anbulantzia arruntetako langileak –2 profesional bakoitzean– eta ZIU anbulantziako 3 profesionalak.