Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Biomarkatzaileek medikuntza zehatza ahalbidetuko dute esklerosi anizkoitzako kasuetan

26.05.2021

Biomarkatzaileek medikuntza zehatza ahalbidetuko dute esklerosi anizkoitzako kasuetan

 

Esklerosi Anizkoitzaren 2021eko Mundu Eguna maiatzaren 30ean –igandea– izango da, ‘Me conecto, nos conectamos’ ikurritzarekin eta #ConexionesEM hashtagarekin. Kanpaina hori Esklerosi Anizkoitzaren Nazioarteko Federazioak (MSIF) sortu du hiru urtez gara dadin, eta horren helburua da esklerosi anizkoitza dutenengan bakardadea eta isolamendu soziala eragiten duten gizarte-oztopoak ezabatzea. Horretarako, loturak sortuko dira komunitatearekin, norberarekin eta kalitatezko arreta eta ikerketarekin. Federaziokoek adierazi dutenez, aukera ederra da zerbitzu hobeak aldarrikatzeko, laguntza-sareen onurak azpimarratzeko eta norberaren zaintza sustatzeko.

Euskadin patologia horren gainean dagoen ikerketari dagokionez, Alfredo Rodríguez-Antigüedad IMQ-ko neurologoaren hitzetan, «esklerosi anizkoitzaren gaineko ikerketa azkar garatu da azken urteotan, eta horri esker, gaixotasuna hobeto ezagutzen da eta tratamendu berriak sortu dira hura kontrolatzeko. Izan ere, gaur egun, AEBetan hamalau botika desberdin daude merkatuan».

Esklerosi anizkoitzari dagokionez, biomarkatzaileena da arlo esperantzagarrienetako bat. «Odoleko biomarkatzaileek gaixotasuna modu zehatzagoan monitorizatzeko aukera emango digute, pertsona bakoitzak jasotzen duen tratamendua eraginkorra den ala ez goiz baloratzeko eta medikuntza zehatzago eta pertsonalizatuagoan aurrera egiteko».

Rodríguez-Antigüedad doktoreak adierazi duenez, «oraindik ezin dugu odolean aztertu esklerosi anizkoitzaren jarduera edo pronostikoarekin lotzen den ezein parametro. Egoera, ordea, aldatzen ari da, eta Bizkaian aitzindariak gara arlo horretan. Gaixotasun batzuetan, esaterako, esklerosi anizkoitzean, garunean substantzia batzuk sortzen dira eta horiek odolera igarotzen dira, baina orain arte detektatu ezin diren kantitatetan. Gaur egun, ekipamendu sofistikatuei esker, substantzia horiek detekta daitezke odolean. Bizkaian, Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroan, ekipamendu konplexu horietako bat dugu, eta esan beharra dago Estatuan oso gutxi daudela».

Bestalde, medikuntza birsortzailea, gaixotasunak eragindako kaltea leheneratzera bideratua, «jada ez da utopiatzat hartzen, eta buru-belarri ikertzen ari da arlo honetan. Emaitza praktikoak ez dira etorkizun hurbilean lortuko, baina saiakuntza klinikoak egin dira helburu horrekin», azaldu du IMQ-ko neurologoak.

Euskadiko prebalentzia

Espezialistaren hitzetan, «Euskadin esklerosi anizkoitza duten pazienteei ematen zaien osasun-arreta goi-mailakoa eta bikaina da, eta, horri esker, diagnostiko eta tratamendu goiztiarrak ematen ari dira eta nabarmen hobetzen ari dira gaixotasun hori dutenen bizi-kalitatea eta pronostikoa».

Komunitate zientifikoarentzat esklerosi anizkoitzaren kausa oraindik ezezaguna bada ere, jakina da gaixotasuna ingurumen-faktoreren baten interakzioaren eta norbanakoaren aurretiko jarreraren ondorioz gertatzen dela. Gaixotasunak banaketa geografiko desberdina du, eta ez da hain ohikoa ekuatorean, eta haren maiztasuna handitu egiten da ekuatoretik urrundu ahala. Euskadi arrisku ertaineko/handiko eremu batean dago, eta bertoko prebalentzia 110 kasu ingurukoa da 100.000 biztanleko; hortaz, 2.200 pertsonak baino gehiagok omen dute gaitza.

Esklerosi anizkoitzak, batez beste, 30 urte bete baino lehen agertzen da, eta ohikoagoa da emakumeen artean gizonen artean baino, ratioa gizon bakoitzeko hiru emakume ingurukoa izanik. «Azken urteotan arian-arian esklerosi anizkoitzak emakumeei gizonei baino gehiago eragin izanak, ingurumen-faktore bat badagoelako ideia indartzen du, baina nekez jakin daiteke hori zein den», adierazi du Rodríguez-Antigüedad medikuak.