Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Bikotekide bakoitzak bere espazioa, denbora eta intimitatea izan behar ditu egoki garatu eta hazteko

10.02.2021

Bikotekide bakoitzak bere espazioa, denbora eta intimitatea izan behar ditu egoki garatu eta hazteko

 

Pandemiak mugikortasun-murrizketak, gaueko etxeratze-agindua eta etxeko konfinamendua ekarri dizkei mundu guztiko pertsonei. Testuinguru horrek era askotan eragiten die bikoteei, eta eragin zuzena du bikotekideen espazio eta denboretan.

Jerónimo Melchor García San Cornelio IMQ-ko psikiatrak, otsailaren 14a, San Valentin eta Maiteminduen eguna dela eta, azaldu duenez, “bikotekideek gauzak partekatzeko eta bizitzeko duten konpromisoaren barruan, askotan horietako bakoitzaren intimitatea aldatu edo murriztu egin da konfinamenduaren ondorioz. Bikote-harremana harreman osagarria da, hots, denborak eta espazioak gainjartzen dituena. Hala eta guztiz ere, bikotekide bakoitzak bere espazioa eta denbora izan behar ditu, bere intimitatea, garapena eta hazkunde pertsonala zaintzeko, Horrek egiten baitu berezi, eta, beraz, harritu egiten du bestea”.

Pandemia hasi aurretik, “lantokitik irtetean, pertsonak lagunekin joaten ziren tabernetara edo elkartzeko toki publikoetara, atsegin hartzera eta beste pertsona batzuekin harremanetan jartzera, aisiarekin, kirolarekin edo klubetan eta elkarteetan egiten diren zaletasunekin gertatzen denaren antzera. Egun, lan-ordutegitik kanpoko ia denbora guztia etxean ematea itogarria izan daiteke pertsona batzuentzat eta egoera horrek bikotekidearengan izan dezake eragina”.

Psikiatrak adierazi duenez, “elkarrekin luzaroan egoteak dakarrenaren barruan, norbere burua lantzea dago, hau da, nork bere zaletasunak garatzea, hala  nola, irakurtzea, idaztea, musika entzutea, margotzea, eskulanak edo brikolajea egitea edo janaria prestatzea. Jarduera horien edo beste batzuen bidez nork bere burua garatzean, bikotekidea harritzeko edo liluratzeko edo berarekin harro egoteko motiboak eman ditzake”.

Adituaren hitzetan, “tokia txikia bada, apartamentu askotan gertatzen denez, eta ohikeria errepikakor batean bizi bada, aldi oro etxean egonda, haserrealdiak sor daitezke. Horregatik, garrantzitsuak dira elkarrizketa, komunikazioa, amore ematen jakitea, eskuzabalak izatea, denborak banatzea —idatziz ere— eta etxeko lanak eta betebeharrak bikotekide bien artean banatzea. Kontu horiek guztiak, etxeko ekonomikoak eta funtzionalak, banatuta, adostuta eta hitz eginda dituzten bikotekideei ez zaie zail edo harrigarri gertatzen egoera hori gainditzea”.

IMQ-ko psikiatrak, hortaz, hau gomendatu du: “arreta berezia jarri behar zaio enpatiari, bikotekideak antsietatea edo depresioa badu egoeraren ondorioz, edo bere burua kutsatu edo besteak kutsatzearen beldur bada. Pertsona horrek bikotekidearen laguntza eta aditzea behar du, geldiarazten edo erreprimitzen duen sentimendua azaltzeko”.

Jerónimo Melchor García San Corneliok konfinamenduan eta mugikortasun-murrizketak direla eta bikotekideek bizi izaten duten egoera aztertzean beste alderdi bat azpimarratu du, alkohol gehiegi kontsumitzen dela alegia: “Nire ustez, egoera horretan dauden etxeetan alkohol asko edaten ari da. Tabernak eta ostalaritzako lokalak itxita daudenez, alkoholismoa etxera doa. Edaleak, gizonak nahiz emakumeak, ohitura toxiko horrekin agertzen da bikotekidearen aurrean. Hortaz, etxetik kanpo edaten zutenei nahiz bikotekidea kanpoan zegoen bitartean etxean edaten zutenei eragiten die egoerak. Horrek ere tirabirak edo ika-mikak sor ditzake”.

Era berean, sexualitatean ere izan du eragina pandemiak “nolabait”, hots, “bikotekideek intimitate txikiagoa dute harremanak izateko; egungo testuinguruan mugikortasun-murrizketa eta konfinamendua daudenez, familiako kide gehienak etxean ematen baitute eguneroko lanaldiaren zati handi bat, batez ere lan-ordutegitik kanpoko denbora”.

Bikotekideek gailu mugikorrak erabiltzeari dagokionez, “beti pribatutasunerako eskubidea kontuan hartuta”, egokia izango liteke mugikorra “mahai gainean edo etxeko atondoan uztea, begien bistan, ez inork kontrolatzeko, baizik eta bikotekide batek beste pertsona batzuekin harremanak baditu bestea ‘jeloskor’ egon ez dadin”. Halaber, ‘mugikorraren jelosia’ delakoa saihesteko, baliagarria izan daiteke “bikotekidearekin gure lagunek bidaltzen dizkiguten txantxetako bat partekatzea, nork bere kontu pribatuak babestuta, jakina”, eta zentzuz jokatzea eta bikotekidea bertan denean sare sozialetan ordu asko ez ematea, amaitu du azaltzen IMQ-ko psikiatrak.