Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Aisialdian kontsumitzen diren drogek eragina izan dezakete laneko errendimenduan eta segurtasunean

24.06.2024

Aisialdian kontsumitzen diren drogek eragina izan dezakete laneko errendimenduan eta segurtasunean
  • IMQ Prevención-eko osasunaren zaintzako Bizkaiko arduradun Adela Radut sendagilearen hitzetan, «drogen eraginpeko langileek beren bizia eta lankideena arriskuan jartzen dituzten okerrak egiteko eta istripuak izateko probabilitate handiagoa dute».

  • «Zero tolerantzia lan-arloan drogak kontsumitzearen aurrean».

«Aisialdian drogak kontsumitzeak eragin larria eta hilgarria ere izan dezake laneko errendimenduan eta segurtasunean, baita produktibitatean eta lan-giroan ere, substantzien efektu fisikoek eta psikologikoek irauten dutelako».  Hori dela eta, Lan-arloko sendagile eta IMQ Prevención-eko osasunaren zaintzako Bizkaiko arduradun Adela Radutek hau azpimarratu du, Drogen erabilera desegokiaren eta legez kanpoko trafikoaren aurkako Nazioarteko Egunaren esparruan: «zero tolerantzia lan-arloan drogak kontsumitzearen aurrean».

Drogek lan-ingurunean hainbat motatako ondorioak eragin ditzakete. «Abstinentzia-sindromearen sintomak egon daitezke, hala nola zefaleak, nekea eta umore-aldaketak. Bestalde, kontsumo kronikoak lan-gaitasunean eragiten du bete-betean: loaren nahasmenduak, antsietatea, depresioa eta gaixotasun kardiobaskularrak, baita koordinazioko eta erreakzio-denborako nahasmenduak ere».

Drogek segurtasunari eragin diezaiokete. Alde batetik, istripu bat gertatzeko arriskua areagotzen dute: «drogen eraginpeko langileek okerrak egiteko eta istripuak izateko probabilitate handiagoa dute, beren bizia eta lankideena arriskuan jarrita». Bestetik, makinen erabilerari edo ibilgailuak gidatu edo pilotatzeari eragiten diete, «mugimen-trebetasunak eta adimena kaltetzen dituztelako, eta horrek langile kontsumitzaileak jarduera profesionalerako ezgai bihurtzen ditu».

Drogen kontsumoak produktibitateari ere eragiten dio: «absentismoa areagotzen da, kontzentratzeko gaitasuna eta lanaren kalitatea murrizten dira, eta erreakzio-denbora handitzen da».

Azkenik, lan-giroari ere eragiten diote, «bai portaera oldarkorren ondoriozko gatazkek, bai estigmatizazioak eta langile kontsumitzaileekiko konfiantza murrizteak ere».

Prebenitzeko estrategiak

IMQ Prevención-eko osasunaren zaintzako Bizkaiko arduradunak adierazi du politika argia ezarri behar dela drogen erabilerari buruz, heziketa eta trebakuntza sustatu behar direla eta langileentzako laguntzak eta baliabideak sortu.

«Lehenik eta behin, ezinbestekoa da alderdi interesatuak tartean sartzea, giza baliabideak, segurtasuna eta arduradun sindikalak barne. Ondoren, lan-ingurunean drogen kontsumoa prebenitzeko politikari buruzko informazioa eman behar zaie langile guztiei, eta haien eskubideak eta erantzukizunak ulertzen dituztela ziurtatu behar da. Era berean, ez da komeni politika aldian-aldian berrikusi eta eguneratzea ahaztea, eraginkortasuna ziurtatzeko, baita araudia bete egiten dela ere», azpimarratu du adituak.

Lan-ingurunean drogen kontsumoa prebenitzeko politika batek izan behar dituen neurri zehatzen artean, hasierako azterketa medikoak aipa daitezke; horietan, langileak kontratatu aurretik, droga-probak egiten zaizkie, langile berriek substantzien abusu-arazorik izan ez dezaten.

Ausazko probak ere egiten  zaizkie langile guztiei, lanpostua edo antzinatasuna edozein dela ere, inpartzialtasuna bermatuta.

Beste ohiko neurri bat da lantokian gertatuko edozein istripuren ondoren egiten diren probak, substantzien erabilerak gertakaria sortu ote duen zehazteko.

Azkenik, IMQ Prevención-eko Lan Medikuntzako espezialistak susmoetan oinarritutako probak aipatu ditu: horiek egiten dira langile bat drogen edo alkoholaren eraginpean dagoela adierazten duten arrazoizko zantzuak daudenean, haren portaeran, itxuran edo jardueran oinarrituta.

Hezi eta prebenitzeko programak

Era berean, hezi eta prebenitzeko programak garrantzitsuak dira, «drogen eta alkoholaren erabilera desegokiaren arriskuei eta laguntza lortzeko eskura dauden baliabideei buruzko etengabeko informazioa ematen baitute». Programa horien eskutik, aldizkako azterketa medikoak egitea sustatzen da, kontsumoa identifikatu ahal izateko, eta bizimodu  osasungarriak sustatzen dira, hots, bizi-aztura osasungarriak –hala nola, ariketa fisikoa, nutrizio egokia eta estresaren maneiua– bultzatzen dituzten jarduera eta programen bidez.

«Programa horiek langileentzako laguntza eta baliabideak barne hartu behar dituzte, adikzioaren aurka borrokatzen duten langileei aholkularitza- eta tratamendu-zerbitzuak emango dizkieten laguntza-planak eskainiz eta lantokian laguntza-sareak sortuz», nabarmendu du Adela Radut sendagileak.

Diziplina- eta segurtasun-neurriak

Azkenik, aurreko guztiaz gain, hau adierazi du IMQ Prevención-eko Lan Medikuntzako espezialistak: «diziplina-neurri sendoak eta bidezkoak eduki —eta aplikatu— behar dira drogen kontsumo-politika urratzen dutenentzat: arinenak, ohartarazpenak, eta larrienak ere, kaleratzeak. Era berean, ahalik eta segurtasun handiena bermatzeko, lanpostu arriskugarriak dituzten langileak, hala nola makineria astunarekin lan egiten dutenak edo segurtasun- edo arrisku-rolak betetzen dituztenak, bereziki monitorizatuta egotea lagungarria gerta daiteke, drogen kontsumoari buruzko politikak bete ditzaten».