Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ-k Espainiako iparraldeko lehen makina sartu du kimioterapiak eragindako alopezia saihesteko

23.10.2024

IMQ-k Espainiako iparraldeko lehen makina sartu du kimioterapiak eragindako alopezia saihesteko
  • Ilea galtzea da, askotan, pazienteak gehien kezkatzen dituen albo-ondorioa. Hainbat azterlanen arabera, pazienteen % 8 inguruk baztertzen du kimioterapia ilea ez galtzeko.

  • Gailu mediko berriak buruko ile-larrua hozten duen txano bat du, hura 18 eta 22 ºC artean egon dadin.

  • Emaitzak tratamenduaren eta pazientearen araberakoak badira ere, buruko ile-larrua hoztuta % 50eko probabilitatea dago pazienteek ilearen % 50 kontserbatzeko. Gainera, saioen artean edo tratamenduaren amaieran ilea azkarrago birsortzen laguntzen du.

Minbizia gaixotasun prebalenteenetako bat bada ere, gaur egun oraindik ez da lortu estigma guztiz desagerraraztea gizartean. Horren haritik, pertsona askorentzat, kimioterapiaren bidez egindako tratamendu onkologiko baten ondorioz ilea galtzeak beren bizitza sozialerako egoera erronkaria izaten jarrai dezake. Egoera horretaz jabetuta, IMQ-k onkologia zerbitzuan artatzen dituen pazienteen bizi-kalitatearen alde egitea erabaki du, eta kimioterapiako saioetan buruko ile-larrua hozten duen Espainiako iparraldeko lehen makina sartu du, hain zuzen, ilea mantentzea eta birsortzea errazten duen gailua. 

IMQ Zorrotzaurre Klinikako Institutu Onkologikoko koordinatzaile Clara Eíto doktoreak hau azaldu du Paxman enpresaren gailu mediko horretaz: «ilea galtzea da, askotan, pazienteak gehien kezkatzen dituen albo-ondorioa. Hainbat azterlanen arabera, pazienteen % 8 inguruk baztertzen du kimioterapia ilea ez galtzeko. Baina kimioterapiaren nahi gabeko ondorio horrek ez du zertan saihetsezina izan: badakigu buruko ile-larrua hoztea dela kimioterapiak eragindako alopezia murrizten laguntzeko egiaztatutako tratamendu bakarra, eta horregatik erabaki dugu gure onkologia zerbitzuan sartzea. Kimioterapian zehar norberaren irudia eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du, eta, halaber, tratamendua jasotzen dutenei minbiziaren diagnostikoaren inguruko pribatutasuna ematen die».

Aseguru medikoaren estalduratik kanpo egiten da buruko ile-larrua hoztea, eta egokia da minbizia duten eta tumore solidoak tratatzeko –hala nola bularreko minbizia, prostatakoa, obulutegikoa eta ginekologikoa– kimioterapia jasotzen ari diren pazienteentzat.

Emaitzak botikaren erregimenaren eta dosiaren araberakoak dira, eta erregimenak du eragin nagusia. Dena den, «azterlanek egiaztatu dute batez beste, % 50eko probabilitatea dagoela pazienteek ilearen % 50 mantentzeko buruko ile-larrua hoztuta. Erabitzen duten paziente gehienek uste dute onuragarria dela. Halaber, egiaztatu da buruko ile-larrua hozteak ilea birsortzeko abiadura areagotzen duela», adierazi du Clara Eíto sendagileak.

IMQn laguntza teknologiko berri hau erabiltzen duten lehen pazienteen testigantzek beren kabuz hitz egiten dute: «oso pozik nago emaitzarekin. Hasieran deserosoa da, baina gero oso eramangarria da, baita 5 edo 6 orduko tratamenduetan ere. Psikologikoki asko laguntzen du». Beste paziente batek, emakumeak, honela dio: «Ez dut uste gaixo dagoenik. Nire seme-alabek ez dakite ezer, eta niri ere, batzuetan, ahaztu egiten zait minbizia dudala, ez baitut neure burua hala ikusten ispiluan. Hotzari ezin hobeto eutsi dakioke, nahiz eta hasieran deserosoagoa izan. Gorputzean eta bekainetan ile guztia edo ia guztia galdu dut, eta burutik ez: ilearen % 70 mantentzen dut». Azkenik, senide baten alaba batek onartu du «oso pozik» eta «esker onez» daudela IMQri, buruko ile-larrua hozteko gailu berria erabiltzeko aukera emateagatik. «Boxen pribatutasuna eta intimitatea» ere oso positibotzat jotzen dituzte.

Azterlanek erakusten dutenez, ez dago buruko ile-larrua hoztea ile-moten arabera eraginkorragoa dela frogatzen duen ebidentziarik; hala, edozein genero edo etniatako paziente helduek erabil dezakete.

Nola funtzionatzen duen

Buruko ile-larrua hozteko teknologia txano hotz batez baliatzen da; txano horrek bi zati ditu: barruko silikonazko txano bat eta kanpoko neoprenozko zorro bat. Biak pazientearen buruan jartzen dira, eta txanoan zehar likido hozgarri bat dabilen sistema batera konektatzen dira eta, horrela, buruko ile-larruaren tenperatura murriztu egiten da.

«Buruko ile-larruak ilea atxiki dezan, tenperatura egokiena 18 ºC eta 22 ºC artekoa da. Tenperatura horrek folikuluak kimioterapiaren ondorioetatik babesten ditu, epe laburrera zein luzera, eta ilea kontserbatzen laguntzen eta bizkorrago birsortzea sustatzen du. Prozesu horretan, zenbait prozesu biologiko aktibatzen dira ilea galtzea prebenitzeko eta, aldi berean, ile-folikulua kimioterapiako sendagaien ondorio kaltegarrietatik babesteko», azaldu du IMQ Zorrotzaurre Klinikako Institutu Onkologikoko koordinatzaileak.

Buruko ile-larrua hozteko erabakia pazienteak hartzen du, tratamendu onkologikoaz arduratzen den medikuarekin ados jarrita, baina, kasu batzuetan ez da egokia, eta, hortaz, erizaintzako profesionalek zeregin nagusia dute prozesuan zehar. IMQ Zorrotzaurre Klinikako Eguneko Ospitale Onkologikoko erizain Iratxe Arranzek adierazi duenez, «txano hotza infusioa baino lehenxeago jarri behar da, kimioterapiako sendagaia hartzen den bitartean, eta 90 minutuz, gehienez; hau da, kimioterapia-saioaren aurretik, bitartean eta ondoren».

Erizainaren hitzetan, tratamenduaren lehenengo 15 minutuak errokariak badira ere, «gorputza azkar ohitzen da hotzera. Paziente askok ez dute buruko ile-larrua espero bezain hotz sentitzen, eta gehienek ezin hobeto jasaten dute. Batzuetan, liburu bat edo tableta informatiko bat eramaten dute, edo telefono mugikorra ere erabiltzen dute tratamenduan entretenituta egoteko. Hori bai, oso garrantzitsua da bai txanoa behar bezala jartzea (zehatz eta sendo doitzen bada, emaitza ahalik eta onena izango da), bai hozte-denborak zorrotzak izatea. Kimioterapiako sendagaia infusionatu aurretik eta ondoren hozteko denbora egokiak betetzen direla zaintzea oso garrantzitsua da ahalik eta emaitza onenak lortzeko», xehatu du IMQ-ko erizainak.

Egun, IMQ Zorrotzaurre Klinikak 1.300 m2-tik gorako Unitate Asistentzial Integrala du minbizia diagnostikatu eta tratatzeko, baita baliabide hauek ere: azken belaunaldiko ekipamendua (bi azeleragailu lineal, PET-TAC, gamma-kamera, kirurgia robotikoa Da Vincirekin, etab.), eguneko ospitale onkologikoa, pazienteentzako banakako gelak, farmazia onkologikoa, laguntza psikologiko eta nutrizionaleko zerbitzuak eta etxeko ospitalizazioa, besteak beste.