Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

50 urtetik gorako bost emakumeren artean batek du osteoporosia

19.10.2021

50 urtetik gorako bost emakumeren artean batek du osteoporosia

 

50 eta 84 urte arteko milioi bat zortziehun mila emakumek baino gehiagok dute osteoporosia Espainian; hots, adin-tarte horren ehuneko 21ek. Kopuru horri 84 urtetik gorako emakumeak (zenbat eta adintsuago, orduan eta handiagoa da osteoporosiaren prebalentzia) nahiz bizitzako hirugarren hamarraldiko gizonak (emakumeak baino gutxiago, baina hezur-masa ere galtzen dute) gehitu behar zaizkio.

Hala ere, ohartarazi du Gasteizko IMQ Abendaño osasun-zentroko erreumatologo Jaime Calvok, urtero bezala, urriaren 20a Osteoporosiaren Munduko Eguna dela eta, «osteoporosiaren ondoriorik kaltegarrienak hausturak dira. Ohikoenak orno-hausturak dira, baina larrienak, aldaka-hausturak, horiek gertatu eta 12 hilabetetara heriotza-tasa % 20koa baita. Horielakoetan, aldaka hautsi zaien hiru pazienteren artean batek bakarrik lortuko du haustura aurreko osasun-egoera. Halaber, haustura hauek ere dira ohikoak: besaurre-hausturak edo eskumutur, besahezur eta sorbalda ingurukoak. Gogorarazi beharra dago ahuleziak eragindakoak gaixotze-tasaren kausa (mina,  inpotentzia funtzionala, …) handia direla».

Osteoporosia hezurraren gaixotasun metabolikoa da, eta hezur-masa txikia eta hezurraren mikroarkitekturaren narriadura ditu ezaugarri, eta horrek hezurra hauskorrago bilakatzen du eta, hortaz, hezurrak hausturak izan ditzake. Faktore genetikoak, nutrizionalak, hormonalak eta bizi-azturaren gainekoak oso garrantzitsuak dira hezurduraren mineralizazioan; hezur-dentsitatea bizitzako hirugarren hamarraldian inguruan da handiena, eta hortik aurrera, txikiagotzen hasten da, batez ere, emakumeengan. Izan ere, menopausiatik aurrera, urteko hezkur-masaren % 3 inguru galtzen da.

Osteoporosiaren diagnostikoa modu klinikoan egiten bada ere, pazientearen hainbat faktore kontuan hartuta, dentsitometria da hezurraren dentsitate minerala aztertzeko teknikarik hedatuena. «Hezur-masa neurtzeko tekniken artean, absorziometria dual fotonikoa eta X izpikoa (DEXA) daude, beste batzuen artean. Dena den, ez da ahaztu behar osteoporosiaren diagnostikoa klinikoa dela, eta horretan hainbat faktorek esku  hartzen dutela».

IMQ-ko erreumatologoak azpimarratu duenez, «osteoporosia tratatzeko erabakia, dentsitometriako zifra bakar batean baino, haustura izateko arriskuren zenbatespenean oinarritzen da, eta hori nazioartean balidatutako FRAX izeneko algoritmo baten bidez kalkulatzen da. Horretan hainbat arrisku-faktore hartzen dira kontuan, eta balore dentsitometrikoek zeregin garrantzitsua dute, baina ez bakarra».

Hainbat kausek eragin dezakete osteoporosia, «batzuek, lehen mailakoek edo funtsezkoek (hala nola menopausia edo zahartzearekin loturikoak) eta beste batzuek, bigarren mailakoek (gaixotasun erreumatikoek edo endokrinologikoek eragindakoak edo kortikoidedun botikak erabiltzeagatik)», argitu du Jaime Calvo sendagileak.

«Haatik», jarraitu du azaltzen espezialistak, «osteoporosiaren arrisku-faktoreak kontuan hartu behar dira beti. Arrisku handia dakartenen artean, hauek aipa daitezke: 65 urtetik gorakoa izatea, gorputz-masaren indize oso txikia, ahuleziak edo erorketak eragindako haustura-historia izatea aurretik, aldaka-haustura izan duten senideen aurrekariak eta glukokortikoidedun tratamendu farmakologikoak».

Arrisku txikia duten faktoreen artean, adituak hauek aipatu ditu: «tabakismo aktiboa, egunean hiru alkohol-unitate baino gehigo kontsumitzea, menopausia goiztiarra, hipogonadismoa gizonengan, hezurraren dentsitate minerala txikiago dezaketen gaixotasunak (artritis erreumatoidea, beste hanturazko artropatia batzuk, hesteetako hanturazko patologia, eritasun zeliakoa, malabsortzioa, hepatopatiak, hiperparatiroidismoa, hipertiroidismoa, anorexia, organo-transplanteak), botika batzuk kontsumitzea eta erorikoak eragiten dituzten nahasmenduak, hala nola Parkinson-en gaixotasuna, Alzheimer-en gaixotasuna, iktusa edo ikusmenaren nahasmenduak».

Prebentzioa

IMQ-ko erreumatologo Jaime Calvok osteoporosiaren lehen mailako prebentzioak duen garrantzia azpimarratu du. Horren harira, hau adierazi du: «bizimodu osasungarria gomendatzen da, hots, jan-neurri orekatua izatea, ariketa fisikoa aldizka egitea, tabakoa erretzeari uztea, edari alkoholdun gutxiago edatea eta erorikoak prebenitzeko neurriak hartzea».

Aurrekoaz gain, «egunero 1.000 eta 1.200 mg kaltzio artean hartzea gomendatzen da, eta kaltzio gehiena ohiko dietatik izatea, baita egunero D bitamina 800 UI hartzea eta botika eta gaixotasun batzuk arretaz aztertzea ere».

Tratamendua

Osteoporosiaren tratamendu farmakologikoari dagokionez, lehenik adierazi behar da badaudela kaltzio eta D bitaminadun osagarri laguntzaileak. «Halaber, botika antirresortiboak, hots, desmineralizazio-prozesua moteltzen dutenak. Eta, era berean, pazientearengan hezurra sortzen laguntzen duten sendagaiak ere. Bestetik, bertebroplastia eta zifoplastia prozedurak, ez oso inbaditzaileak, ere erabiltzen dira, ornoetako konpresio-hausturak tratatzeko, baita kortseak eta kirurgia geroratuak tratatzeko ere, kasu  jakin batzuetan», amaitu du azaltzen IMQ-ko espezialistak.