Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Lekadunen deribatua den botika bat, erretzeari uzten laguntzeko medikuntzaren baliabide terapeutiko berria

26.05.2022

Lekadunen deribatua den botika bat, erretzeari uzten laguntzeko medikuntzaren baliabide terapeutiko berria
  • 2021eko udan Pfizer-en Champix (bareniklina) ospetsua desagertu ondoren, zitisina sartu da indarrez Mendebaldeko Europako sanitatean, Ekialdeko Europako herrialdeetan eta Asiako herrialdeetan emaitza onekin berrogei urtez erabili ostean.
  • Euskadin, tabakismoak behera egiten du oro har, 45 urtetik gorako emakumeengan izan ezik, horien artean gora egiten jarraitzen baitu.

2021eko udan, Pfizer-ek Champix (bareniklina) botika kendu behar izan zuen merkatutik, segurtasun-arazo bat zela bide. «Ondorioz, pneumologoek aliatu oso baliagarria galdu genuen pazienteei erretzeari uzten laguntzeko». Dena den, berehalaxe, zitisina izeneko beste konposatu bat, lekadunen deribatua, erabiltzen hasi da eta emaitza onak lortzen ari da kontsultetan, pazienteei tabakoa erretzeari uzten laguntzeko. «Ekialdeko Europako herrialdeetan eta Asiako herrialde batzuetan emaitza onekin duela 40 urtez geroztik erabiltzen da botika hura», azaldu du IMQ–ko pneumologo eta Pneumologia eta Toraxeko Kirurgiako Espainiako Sozietatearen (SEPAR) kide Inmaculada Gorordok.

Espezialistak baliabide terapeutiko berri hori agerian jarri du Tabakorik Gabeko Munduko Egunaren –maiatzaren 31– testuinguruan. Izan ere, egun horrek mendetasun-sortzaile den gaixotasun kroniko horren (tabakismoa) garrantzia eta pazienteei laguntzeko profesionalek dituzten osasun-baliabideak gogorarazteko balio du.

«Zitisinak, alde batetik, organismoan nikotinaren errezeptoreekin bat egiten du, aktibatu egiten ditu, eta horrek dopamina –neurotransmisore bat, ‘plazeraren hormona’ bezala ere ezaguna dena– askatzea eragiten du. Mekanismo horri esker, botikak murriztu egiten ditu nikotinaren abstinentzia-sintomak, erretzeari uzten zaionean. Eta, bestetik, errezeptore nikotinikoak blokeatzean, antagonista batek bezala funtzionatzen duenez, erretzen denean eta nikotina-dosi berri bat iristen denean, produktu horrek organismoko errezeptoreak blokeatzen ditu, eta, beraz, ez da gertatzen nikotina kontsumitzen denean gertatu ohi den sari-mekanismoa. Hori dela eta, eta ikusten ditugun emaitzak direla bide, uste dugu, gaur egun diruztatzen ez bada ere, botika horrek emaitza onak izango dituela», azaldu du xehe-xehe IMQ-ko pneumologoak.

Tabakismoaren egoera Euskadin

Tabakoaren kontsumoa gaixotasun- eta heriotza-faktore itzela da. Euskal Estatistika Erakundeak (EUSTAT) jakinarazi duenez, azken datu eskuragaien arabera, Euskadiko gizonen % 20k eta emakumeen % 14k erre ohi zuten 2018an, Espainiakoek baino gutxiago (gizonen % 26k eta emakumeen % 19k 2017an).

Oro har, Euskadin tabakismoa murriztu egin da 2002tik 2018ra bitartean. Murrizketa horren salbuespen izan dira 65 eta 74 urte bitarteko emakumeak, horien kontsumoa bikoiztu egin baita (% 4,3tik % 8,6ra 2018an), baina ez dira iritsi gizonek adin-talde horretan duten mailara (% 13). Halaber, 45 eta 65 urte bitarteko emakumeen artean ere gertatu da igoera, 2002ko % 17,2tik 2018ko % 19,6ra igaro baita.

Tabakoak lau mila substantzia toxiko baino gehiago dauzka

Tabakoak osasunari kalte handiak eragiten dizkio, eta horiek xehe-xehe jarri ditu agerian zientziak. IMQ-ko pneumologo Inmaculada Gorordok adierazi duenez, «tabakoan lau mila substantzia toxiko baino gehiago daude. Era berean, tabakismoak 19 minbizi-motarekin duen lotura egiaztatu da; horietako batzuek lotura zuzena dute, esaterako, biriketako eta maskuriko minbiziek; eta beste batzuek, berriz, garatzeko arriskua handia dute, hala nola eztarriko minbiziak, hestegorrikoak, bularrekoak, digestio-minbiziak edo hematologikoak, besteak beste. Gainera, minbizian birgaixotzeko arrisku askoz ere handiagoa dute, minbizia gainditu arren, tabakoa erretzeko ohiturarekin jarraitzen duten pertsonek».

Baina tabakoak aurrekoak ez ezik, kalte gehiago ere eragiten ditu: «halaber, eragin kaltegarria du biriketako arazoetan, hala nola biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoan (BGBK), asman, pneumonietan, miokardio-infartu akutuetan, takikardietan, tentsio arterialean, iktusetan edo gaixotasun arterial periferikoan, besteak beste».

Erretzeari uzteko hamar aholku on

  1. Pentsatu eta identifikatu erre ohi duzun egoerak eta saiatu ez erretzen horiek gertatzen direnean.
  2. Erretzen baduzu, saiatu zigarro-erdia bakarrik erretzen.
  3. Aukeratu erretzeari uzteko egun bat eta markatu egutegian.
  4. Egun hori baino lehen, jakinarazi zure asmoa senide eta lagunei eta eskatu laguntzeko.
  5. Erretzeko eskaintzen badizute, uko egin.
  6. Egin jarduera fisikoa egunero. Nahikoa izan daiteke egunero ibiltzea.
  7. Aukeratutako egunaren aurreko egunean, ez erosi tabakorik, bota baduzuna, txiskeroak eta pospoloak ere, eta kendu hautsontziak.
  8. Pentsatu erretzeari uzteak ekarriko dizkizun onuretan; egin onuren zerrenda, eta jarri hori ikusgai dagoen toki batean, onurez jabe zaitezen.
  9. Lehenago saiatu bazara eta ez baduzu arrakastarik lortu, ez pentsatu horretan. Saialdi bakoitzak zure helburutik hurbilago eramango zaitu: tabakoari betiko uztea.
  10. Jo osasun-profesional batengana laguntza bila. Tabakismoa gaixotasun kronikoa eta mendekotasun-sortzailea da. Profesionalek erretzeari uzteko lagungarri gerta dakizkizuken baliabideak dituzte.