Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Athleticek 2023ra arte berritu du aseguratzaile mediko ofizial IMQ-rekin duen hitzarmena

17.02.2020

Athleticek 2023ra arte berritu du aseguratzaile mediko ofizial IMQ-rekin duen hitzarmena

 

Athletic Clubek osasun-arretako eta babesletzako hitzarmena aurkeztu du gaur jendaurrean San Mamesen, IMQrekin klubaren aseguratzaile mediko ofiziala izateko duen osasun-arretako eta babesletzako lankidetzari jarraipena emateko. Hitzarmen hori 2023ko ekainaren 30era arte egongo da indarrean.

Athletic Clubeko presidente Aitor Elizegik eta IMQko zuzendari nagusi Javier Aguirregabiria arduratu dira prentsaurreko baten bidez hitzarmen hori formalizatu izana jakinarazteaz. Bi erakundeek 1998. urteaz geroztik duten lankidetza berritu du  hitzarmenak eta, hortaz, IMQ-k jarraituko du izaten, beste lau denboraldi gehiagoz, klubeko kategoria guztien aseguratzaile mediko ofiziala, hain zuzen ere, oinarrizko futboleko taldeetako eta lehen taldeetako jokalariena.

IMQrekin sinatutako itun estrategiko horren bidez, Athleticek Euskadiko konpainia liderraren estaldura eta bermea izango ditu osasun-arloan; izan ere, aseguratzaile medikoak Euskadi barruan eta hortik kanpo erreferentzia diren zentroak, teknologia eta profesionalak jartzen dizkio eskura, kirolariak eta horien egoera fisikoa bikain zaintzeko, hala nola, kategoria guztietako futbolarientzako azterketa eta proba diagnostiko, espezialisten kontsulta eta kirurgien eskutik.

Klubeko kirolariei eta beste kolektibo batzuei ematen zaizkien osasun-estaldura eta arretaz gain, IMQ-k San Mameseko partidak ikustera bertaratzen diren 53.000tik gorako ikusleei futbol-zelaian bertan arreta ere emango die. Horretarako, hamabi osasun-profesional inguru izango ditu, baita ia ehun medikuntza eta erizaintzako ikasle, zeren eta, IMQ eta UPV-EHUren arteko hitzarmen bati esker, San Mamesen lanbide-heziketa tutoretzapeko praktiken bitartez osatzeko aukera duten.

Neurri horiei guztiei esker, San Mamesera bertaratzen direnek osasun-arreta sendoa dute eskura. Pazientearen Segurtasunari buruzko UNE 179.003 ziurtagiria lortu ondoren, IMQ-k Europako estadiorik seguruena bilakatu zuen San Mames, eta, gainera, bihotz-istripuak estadioan bertan artatzeko bihotzaren babeserako zerbitzu integrala (desfibriladore erdiautomatikoak) sartu zuen lehen estadioa izan da.

2018-2019 denboraldian, hauek izan dira San Mamesen jokatutako partidetan artatutako gorabeheren gaineko datuak: 88 larrialdi, horietako 64, estadioan bertan; eta gainerako 24ak, anbulantzian eraman ziren. Hortaz, estadioan bertan emandako arretak eta desbideratzeak % 17,76 murriztu ziren 2017-2018 denboraldikoekin alderatuz. Arretarik ohikoenak traumatismoak izan ziren; ondoren, zefaleak, zauri irekiak, zorabioak eta sinkopeak. Joan den denboraldi osoan intoxikazio etiliko bakarra egon zen. Gorabehera-kopurua txikia izan zen, kontuan hartzen bada Ligan Athletic Clubek 19 partida jokatu zituela guztira eta milaka ikusle egon zirela estadioan.

Bestetik, IMQ-k eta Athleticek, alderdi hau ere hitzartu dute: lehen taldeko jokalariak IMQren Bizkaiko marka-irudia izan daitezela, hain zuzen, bi erakundeek adostutako babesletza-ekimenen barruan; izan ere, horietako batzuk aurreko denboraldietan islatu ziren, bai IMQ Zentroen kanpainan bai bi erakundeek elkarrekin antolatu ohi dituzten erantzukin sozial korporatiboen ekintzetan: esaterako, iazko Eguberrietan, Iñaki Williams eta Iker Muniain jokalariek Athleticen kamisetekin egindako mantalak eta klub zuri-gorriaren beste opari batzuk eman zizkieten IMQ Zorrotzaurre Klinikan ospitaleratutako umeei. IMQ-k irabazi-asmorik gabeko Athletic Club Fundazioarekin 2023. urtera arte berritu duen lankidetza-hitzarmenaren barruan daude horrelako ekimenak.

Aitor Elizegik nahiz Javier Aguirregabiriak bi erakundeentzat oso garrantzitsua den eremuan, hots, osasun-eremuan, akordioa lortu izanarekin pozik daudela adierazi dute, eta, aldi berean, 22 urte badirauen lankidetzaren balioa nabarmendu, akordio berriari esker elkarlana indartzeko asmoa adierazi baitute.