Iradokizunak
16.11.2017
“Elkarrekin hobeto” izan da aurtengo ikurritza Larrialdi eta Emergentziei buruzko XXII. Jardunaldiak kokatzeko. Jardunaldi horiek EKALME- SEMES EUSKADIk eta IMQ Zorrotzaurre Klinikak antolatzen dituzte eta gaur izango dira, Deustuko Unibertsitatean.
SEMES erakunde zientifikoa da, irabazi-asmorik gabekoa. 1987an eratu zen eta gaur egun 8.000tik gora osasun-profesional elkartzen ditu. Erakundearen xedea da pazienteen arretaren kalitatea sustatzea larrialdietako eta emergentzietako asistentzia-sistema guztietan, ikuspegi tekniko eta zientifikotik eta prestakuntza- eta kudeaketa-ikuspegitik. Era berean, osasun-profesionalen prestakuntza sendotzen dihardu, eta horretarako, biltzarrak, sinposioak edo jardunaldi zientifikoak antolatzen ditu eta estatuko larrialdietako medikuntzan erreferentzia diren liburuak eta eskuliburuak argitaratzen ditu.
Jardunaldietan alor teknikoko eta medikuntza- eta erizaintza-alorretako hainbat espezialitatetako 300 osasun-profesional inguru bildu dira, baita hogei txostengile inguru ere. Izan ere, Jardunaldia urteko elkargune nagusia da EAEko arlo publikoko nahiz pribatuko Larrialdietako eta Emergentzietako profesional guztientzat.
Ekitaldiaren inaugurazio ofiziala EKALME-SEMES Euskadiko presidente Patxi Ezpondak, IMQ Taldeko presidente Pedro Ensunzak, Osakidetzako osasun-arretako zuzendari Andoni Arcelayek eta Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluko presidente Javier López Arizteguik egin dute; aldi berean, Orioko arraunketa-klubeko entrenatzaile Jon Salsamendik esku hartu du, jardunaldien ikurritzarekin bat etorriz, egoki porturatzeko taldean arraun egiteak duen garrantziaz mintzatzeko.
Ongietorriko hitzaldiaren ostean, txosten eta tailerren txanda iritsi da, hain zuzen, ospitalez kanpo nahiz ospitale eta kliniketan gertatu ohi diren larrialdien tratamenduan aplikatzen diren azken berrikuntza eta teknikei ekiteko, eta larrialdietako gai nabarmenak izan dituzte hizpide, hala nola, arnas gutxiegitasun akutua, BGBKen larriagotzea, iktusa, mota guztietako bihotz-arazoak, seroterapia eta hemoterapia. Halaber, ohiko jardunbide klinikoko eraginkortasun-azterketaz eta larrialdi pediatrikoetako kalitate-adierazlez ari izan da, baita profesionalek nahiz espezialitateek eta sistema publikoak nahiz pribatuak, pazientearen alde azkarrago eta eraginkorrago aurrera egiteko lankidetza-eremuak eta dinamikak ezartzeko beharraz ere, IMQ-ko presidente Pedro Ensunzak gogorazi duenez. “Osasun-sistema hobea izango da, hobeto beteko ditu gizartearen eta pazientearen itxaropenak eta eskariak, behar diren aurrerapenen, berrikuntzen eta aurrerabidearen eragilea izango da, guztiok elkarrekin kalitate, efizientzia, abangoardia eta garapen teknologikoaren aldeko etengabeko konpromisoari eusten diogun heinean”, adierazi du.
Hitzaldiak ez ezik, hainbat tailer ere antolatu dira, gai batzuk lantzeko, hala nola, aire-bidea larrialdietan, murmurioak, arnas gutxiegitasunak, trauma larria ebakuatzea, premiazko erditzearen arreta edo isolamendu infekziosoa, besteak beste.
Arratsalde honetan amaituko dira jardunaldiak, SEMES-EUSKADIren sari-banaketaren eta EKALMEren urteko batzarraren eskutik.
IMQ esperientzia
Lehenengo aldiz osasun-erakunde pribatu batek antolatu ditu Euskadin SEMES-EUSKADIren urteko jardunaldiak: IMQ Zorrotzaurre. Izan ere, SEMESek Klinikako Larrialdietako Zerbitzua “bikaintasun-zerbitzu” egiaztatu zuen eta, hortaz, estatuan egiaztapen hori –larrialdi eta emergentzietako kalitate eta segurtasun eredu integrala– jaso duen lehenengo osasun-zentro pribatua izan da.
Fidel Fuentes doktoreak, Batzorde Zientifikoko nahiz jardunaldien Batzorde Antolatzaileko presidente denak, egiaztapen horrek pazienteei nahiz osasun-profesionalei dakarzkien onurak azpimarratu ditu, 162 estandarren neurketaren bitartez, kalitate, eraginkortasun, segurtasun kliniko eta erabiltzailearen eta langilearen gogobetetasuneko maila handia egiaztatzen baititu.